Retegi eta Eizagirre, euren egoitza izango denaren aurrean.
[
Gipuzkoako Hitzan argitaratuko erreportajea]
Gure aitona-amonek ia ezagutzen ez bazuten ere, egungo dietan gehien zabaldutako elikagaia da pasta. Marka eskaintza handia dago, eta Zituene batu zaie orain artekoei. Naiara Retegi eta Iker Eizagirre oiartzuarrek sortu dute marka hori. Duela urtebete pasatxo jarri zuten martxan; Retegik gogorarazi duenez, bere ekimenez: “Makina txiki bat utzi ziguten Txaramela Bizkaiko pasta ekoizleek. Probatzeko asmoz egin genuen, hasieran ez baikenekien pasta egiten”. Retegi eta Eizagirre kide diren kontsumo taldekoak izan ziren lehenengo proba haien
akuriak. “Guretzat oso garrantzitsua zen eurek probatzea, eta ez ziguten kritikarik egin”.
Euren pasta Oiartzualdean hedatzen hasi ziren pixkanaka. “Karanbola baten modukoa izan da. Errenterian, santomasetan, azoka egiten da, eta egun egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Gainera, eurei ere gustatzen zaie azokan bertako produktuak egotea. Pasta, oraindik ere, produktu berria da, eta ez da edonon aurkitzen”. Oiartzunen ere “arrakasta handia” izan dutela ziurtatu du kooperatibako kideak. Merkatu egun batean hogei kilo saltzera iritsi ziren, eta herriko kontsumo taldea ere hornitzen dute. Lezon ere jarri izan dute postua.
Retegik eta Eizagirrek gustuko dute pasta. Ziurtatu dute euren belaunaldiko kideek bezain beste kontsumitzen dutela. Hori bai, kontsumitzetik ekoiztera urrats bat baino gehiago dago. Egindako bidearen berri eman du Retegik: “Bizkaian elikadura burujabetzako erakunde batekin praktikak egiten ari nintzenean ezagutu nituen Txaramelakoak”. Horri esker, elikadurarekin zerikusia duten hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan zuen. “Tontakeria da nik hau esatea, baina ez da oso zaila pasta egitea: elikagai gutxi behar da, eta makina on batek bere kasa egiten du ia-ia. Pasta asko kontsumitzen da, gainera”.
Ezaugarri teknikoez gain, Zituene “proiektu politikoa” dela aldarrikatu du Retegik, elikadura burujabearekin lotutakoa. “Ez gara pastaren frikiak, ez garelako egon Italian. Ez dugu erreferentziarik pasta originala nolakoa den jakiteko. Baina badakigu produktu onak zein diren eta nekazaritzarekin harreman zuzena edukitzea zer den”. Beren balioak horiek direla berretsi du oiartzuarrak, eta aitortu du “ekonomikoki bideragarria” zela ikusi zutelako hasi zirela pasta sortzen.
Faseetan banatu dute proiektua. Merkatua ezagutu eta formazioa landu dute lehenengoan. Besteak beste, Koop Fabrikan jaso dute formazioa, ekonomia sozial eta eraldatzailearen balioak hedatu nahi dituen proiektuan. Retegik aitortu duenez, hasieran ez zeukaten asmo argirik kooperatiba bat egiteko. “Gauzak beste modu batera egin daitezkeela esaten ziguten, baina ez genekien zein neurritan. Hori gertatu zaigu finantzaketarekin. Garapen agentziara joan, eta hitzarmenak bankuekin dituztela jabetu ginen. Horregatik, Koop Fabrika interesgarria izan da konbentzionalak ez diren beste aukera batzuk badaudela ikusteko”.
Dena arautu dute bigarren fasean. “Horrelako kontu batean sartuz gero, gauzak ezin dira egin betiko moduan; beste zerbait eskaini behar da”. Hori bai, Retegik onartu du beti behar izaten dela finantzaketa. “Oso filosofia alternatiboa eduki arren, dirua behar izaten da. Diru dezente, gainera. Etxeko sukaldean gaude orain, ia modu piratan. Lokalen bat eta beste hainbat gauza behar dira dena arautu nahi izanez gero”. Errenteriako Erdiko Kalean kalean jarriko dute egoitza, eta txukunketa lanetan ari dira orain. Lantegiaz gain, salmenta zuzenaren filosofiari helduta denda bat ere jarriko dute, eta baita sukalde txiki bat ere.
Coop57 kooperatibarekin
Finantza zerbitzuak eskaintzen dituen Coop57 kooperatibara jo dute proiektua martxan jarri ahal izateko kreditua eskatzeko. 1995ean sortu zuten kooperatiba hori, Katalunian. Bruguera argitaletxeko ehunka langile kaleratu berritan, auzitara jo zuen talde txiki batek. Auzia irabazita, jasotako kalte-ordainarekin sortu zuten Coop57, proiektu eraldatzaileak edo ezaugarri bereziak zituztenak finantzatzeko helburuarekin.
Horregatik, kredituren bat eskatzean, bi batzorderen aurretik pasatu behar dela azaldu du Retegik: “Etikaren departamentua da lehenengoa, eta proiektuaren izaera baloratzen dute bertan. Proiektua espekulaziora-edo bideratuta badago, kasu horretan ez dute onartzen finantzaketa”. Lehen galbahea pasatuta, egitasmoa bideragarria ote den aztertzen dute. Bazkide izan beharra dago finantzaketa jasotzeko.
Fase horretan daude Zituenekoak: abalisten bila ari dira. Pluralean. Izan ere, abalak kolektiboak izan daitezen uzten du Coop57k. “80 abalista behar ditugu. Ekarpen jakin bat egiten du bakoitzak, eta arriskua txikitu egiten da horrela”. Retegik gaineratu duenez, abal kolektiboarekin gizartearen babesa erakusten da, eta, abala jarri duten horiek etorkizunean bezero izan daitezkeenez, bermea ematen dio proiektuari. Hilaren 18an egingo dute abalak bilatzeko kanpainaren aurkezpena, Laboreren egoitzan, Oiartzungo Ihurrita bidean.
Arantzatxo bat daukate, ordea, Zitueneko bi kideek: Huescatik ekartzen dituzte lehengaiak, Espainiatik, Euskal Herrian ia ez baita landatzen gari gogorrik. “Ez da egokiena, baina proiektu honetan bi bakarrik gaudela onartu behar dugu; denbora behar dugu”. Etorkizunerako erronka izango da lehengaiak kontrolatzea. “Proiektua sendoagoa denean, guk ere bermea eman ahal izango dugu”. Oraingoz, behintzat, erein dute lehen alea. Ea nolako zitua jasotzen duten.