Energia jariatuz, aldatu
Oarsoaldeko Energia Planaren barruan, sentikortze prozesuan murgilduta daude. Herritarren zalantza eta ekarpenak jaso nahi dituzte, plana zehazteko
Energia kontzeptua aipatzen denero, burura etortzen diren lehenengo gauzen artean egon daitezke bonbilak itzali eta piztea, gas hornidura edo kaleko farolak. Baina hori baino gehiago da.
Oarsoaldea Garapen Agentziak eskualde guztirako plana osatu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Oarsoaldeko Energia Plan horren barruan, lerro nagusietako bat da eskualdeko herritarrekin sentikortze plan bat egitea. Herritarrek duten ezagutza maila neurtu eta kontuan hartu nahi dute, eta prozesua bukatzean, Oarsoaldeko Energia Sentikortze Programa zehatza diseinatuko dute.
Pasa den larunbatean hasi zen parte hartze fase hori, Labore Oarsoren egoitzan [bertan hitz egin zenaren berri jakiteko, ikus 5. orrialdeko testua]. Ixiar Garcia da erakundeen eta herritarren artean bitartekari lanetan ari dena. Horrelako topaketak ahalbidetzea du helburu, eta han jasotakoa ahalik eta gardenen erakundeei pasatzea.
Herritarren inplikazioa hasieratik bilatu dutela jakinarazi du Garciak, aurrez egindako parte hartze prozesuetan ez zelako hala izan, eta ez zelako espero zena bete. Zentzu horretan, Oarsoaldea Garapen Agentziaren jarrera eskertu du. Bere esanetan ez da erraza erakunde batek prozesu bat hasi aurretik, diseinatuta ez dagoen bide bat hartzea. Izan ere, formula irekiak eta sortzaileak erabiliko dituzte.
Eragileei deialdi zabala egiten hasi ziren. «Badugu datu base bat, auzolan kultura sustatzeko beste proiektu bati buruzkoa, eta esango nuke eragile ia guztiei iritsi zaiela mezua. Aurrez aurre gonbidapena luzatu diegu beste hainbat eragileri: kulturakoak, osasungintzakoak… Adin eta esparru aldetik, etorri direnak askotarikoak izan dira». Lehen saioaren helburua argazki bat ateratzea zen: «Eskualdeko bizilagunek gaur egun energiari buruzko zein ezagutza, zein kezka daukaten jakiteko, eta saioak nolakoak izango diren diseinatzeko. Hobe zen masiboagoa izatea, baina ekitaldi ugari daude herrietan».
Lehen saioa argazkia ateratzeko izan zen; lau tailer gehiago egingo dituzteSaioak inklusiboa izateko helburua zuen. Horregatik, atzerrian jaiotako eskualdeko herritarrak hurbilarazi nahi izan zituzten, baina beste hainbat iniziatibetan murgilduta daude. Horrez gain, Mindara elkartearekin hitz egin dute, aniztasun funtzionala duten familien beharrak kontuan hartzeko. Ekarpenak jaso, eta kontuan izango dituzte. Gune irekia Garciak ziurtatu duenez, euren helburua ez zen adituak hurbilaraztea, oinarritik hastea baizik. «Nolabait aitortu nahi genuen gaiari buruz gauza handirik —edo ezer ere ez— ez genekiela, eta zaila da aitortzea. Giro ona sortu zen, lasaitasun horretatik bakoitzak berea aitortzeko». Gune ireki bat prestatu zuten Laboren. Gaiak parte hartzaileek proposatu zituzten, eta bakoitzak gai batekiko duen interesaren arabera, taldeetan banatu ziren. «Metodologiak berak bultzatzen du jendea alde batetik bestera ibiltzea. Batzuetan entzuten ari ziren, eta besteetan hitz egiten. Gune irekien bitartez, momentuan parte hartzen ari garen pertsonak gara egokienak», adierazi du Garciak. Tokiari berari dagokionez —Labore Oarsoren egoitza—, erabat egokia izan zela iritzi du. «Oso polita izan zen Laboren bertan topaketa egitea. Askotan gertatzen da horrelako gai bati buruz hitz egin, eta gero luntxa egitean, plastiko pila bat egotea. Baina larunbatean baldintza oso egokiak egon ziren: belardi batean hausnartzen, bertako produktuak… erakusten da badagoela alternatiba bat». Lau tailer gehiago Pasa den astean egindako saioa oinarri hartuta, beste lau tailer gehiago egin nahi dituzte. Udalerri bakoitzean saio bat egin nahi dute, eta bakoitzean gai ezberdin bat jorratu. Argi daukate tailerretako bat etxebizitza batean egin nahi dutela. «Tokian bertan teknikari batek momentuko irakurketa bat egingo du, instalazioena, ohiturena eta abar. Bakoitzak bere guneetara nola eraman dezakegun ikusiko dugu. Ondoren, bakoitzak bere inguruan eragingo du. Saretze hori aurrera eramateko, tailer bat etxebizitza batean egiteak ematen duen intimitate momentu horrek sortzen duen loturak lagun dezake». Tailerren kokagune posible batzuk dituzte esku artean: ikastetxe bat, pasta ekoizleen obradore bat, Errenteria-Oreretako Kuadrilen Egunekoekin… baina ez dute ziur ezer ere ez, dena berrasmatu daitekeela esan baitu Garciak. Hori bai, udalerri bakoitzean topaketa bat egingo dute.
Mapa bat osatuko dute jasotakoarekin; hiru urtera begirako plana egingo duteTopaketen ondoren, herritarren iritziak jasotzeko aukera egon daitekeela uste du. Abendurako mapa bat prestatuko dute, herritarrek landu dezaketen hainbat gairekin. «Mapa horrekin, Oarsoaldeak artikulatuko luke hiru urteetara sentikortze plan bat. Prozesu horretan, planteatzen da eskualdera begira zein jarduera egin beharko liratekeen, jendearen beharrak asetzeko». Horrela, plan horrek ezohiko formatu bat izan beharko lukeela uste du, egunerokotasunean aplika daitekeena, gida baten antzekoa. Garciaren ustez, datuak jaso beharko lituzke, garrantzitsuak eta eraldatzaileak izan daitezkeelako: «Egun dugun ohitura batekin zein kontsumo mota egiten dugun, eta beste kontsumo mota batekin zein egingo genukeen konturatuko bagina… Alde horretatik, euskarri eta elementu eraginkorrak sortzea pentsatzen dugu. Polita izango litzateke neurtzea gaur egun egiten dugun kontsumoa, eta ohiturak aldatu ondoren egiten dena». ‘R Paratzaile’ Prozesu guztia R Paratzaile lelopean egingo dute. Irakurketa asko ditu lelo horrek, eta horien berri eman du prozesuaren bitartekari lanak egiten ari denak. «Guk hitz hau aukeratu genuenean, egunerokotasunean, ohitura txiki horiek aldatzen baditugu, eta guztiok egiten badugu, oso potentea izan daitekeelako aldaketa. Askotan aldaketa handienen zain gaude». Bakoitzak bere baitan aldaketa egiteaz gain, norberaren inguruan eragin dezatela nahi dute prozesuaren bitartez, sare bat sortzea alegia. Inguruari erreparatzea, finean. «Sinesten dut pertsonak oso kutsakorrak garela praktika onetan. Guk ez dugu planteatzen eskualde osora iristea, baina herrietan zabaltzea da gure helburua». Kanpainaren slogana-ren beste adiera bat azaldu du Garciak:?gelditu, behatu eta egin. «Gaur egungo abiadurarekin —eta hori atera zen larunbateko saioan—, ez dugu planteatzen non eta nola gabiltzan. Gelditu, ingurua behatu eta egitera laguntzen du keinu horrek». Kanpainaren logotipoa daraman egurrezko txapa bat banatu zuten parte hartu zutenen artean. Gauza kurioso bat gertatu zitzaien txapa paparrean jantzi zutenei: «Batzuek aipatu dute, txapa daukatenetik, pixka bat obsesibo ibili direla aurreko egunetan argia itzaltzen, ura gutxiago nola gastatu… [kar-kar]. Gure asmoa hori da: talde motore bat sortzea eskualdean, gai honekiko protagonismoa eta lidergoa har dezakeena, instituzioetatik kanpo». Hori bai, zehaztu du instituzioak bidelagun izango dituztela. Hori guztia, gure kontzientzian klik egin eta txipa aldatzeko, energia ohitura berriak hartzeko bidean.


