Foru Plazako etxaurre baten konponketa lanak egiten ari zirela, bertan zegoen armarria kolpatu eta desagerrarazi dutela jakinarazi du udalak.
Ondare historikoa babestera deitu ditu herritarrak Errenteriako Udalak.
Ondare historikoa errespetatu eta hura babestera deitu ditu udalak herritar guztiak. Foru Plazako etxaurre baten konponketa lanak egiten ari zirela, bertan zegoen armarria kolpatu eta desagerrarazi dutela jakinarazi du udalak. Azaldu duenez, Santxoenea 23 eraikineko jabeei obra baimena eman zien etxaurrean konponketa zehatzak egiteko, “paretaren zati batzuk kalera erortzeko arriskua zegoelakoan. Baimenaren baldintzetan adierazita zegoen eraikin hori Alde Zaharra Zaharberritzeko Plan Bereziak babesten duen esparruaren barruan dagoela. Baimena,beraz, lanak dionari lotuta dago, bereziki, beti zaindu beharreko elementuak diren etxaurreko armarriei dagokienez”.
Edozein gorabehera izatekotan udal zerbitzu teknikoei jakinarazi behar zaiela dio planak, zehazki.
Gertaerarekin, Errenteriako ondare historiko-artistikoaren osagaietako bat hondatu eta desagerrarazi dutela salatu du udalak, eta ezikusiarena ez duela egingo esan du, “tamalez, ez dago konponbiderik, errenteriarren arbasoek utzitako ondasunetako bat galdu du herriak”. Administrazioek ondasunak zaintzeko egindako lanak ezer gutxi balio duela erantsi du, herritar guztiak ez badira sentitzen betebehar moral eta legalen erantzule”.
Atzo izan zen gertaera, eta Errenteriako alde zaharrak, udalaren esanetan Gipuzkoako aberatsenetako bat denak, armarri bat gutxiago du: “Iraganaren zati baten faltan dago, eta etorkizunean argazkian baino ezingo da ikusi”. Atsekabetuta azaldu dira udal arduradunak, eta gaia, udal zerbitzu juridikoen esku dagoela erantsi dute, “bidezkoa bada, horren gaineko erantzukizuna eskatzeko”.