Dadoak astinduz, Oiartzun ikasi
‘Paeta zaharrak erantzun’ mahai jokoarekin Oiartzungo ondarea dibulgatu nahi dute, modu dibertigarrian. Herriko hizkerari, historiari eta hainbat istoriori buruzko galderak jaso dituzte.
‘Oiartzuarren baitan’ proiektuan jasotakoa dibulgatzeko erabili nahi dute jokoaSortutako kontraste taldearen barruan, talde txikiagoak egin zituzten, gaika bilduta. Beraien artean kontrastatzen zituzten galderak, eta atzera bidaltzen zizkieten bi koordinatzaileei. Herritarren inplikazioa eskertu dute biek ala biek. «Parte hartu duen jendea oso ongi portatu da hasieratik. Ez da erraza jendea biltzea, baina gaur egun Internetarekin eta beste baliabideekin hainbat gauza egin daitezke», nabarmendu du Lertxundik. 1.500 galdera Jokoaren formatuaren aldetik, Toledok eta Lertxundik hasieratik argi zuten trivial-aren antzekoa izan behar zuela. «Beste herri batzuetan Antzara jokoaren antzekoa egin dute, baina iruditzen zitzaigun trivial-ak saltsa gehiago jartzen duela. Hori bai, gaztatxoak beharrean, uztailak bildu beharko ditu jokalari bakoitzak, baina gainontzeko sistema guztia berdin-berdina da», azaldu du Toledok. Baietsi dute zaila izan dela pasarte guztietatik 1.500 galdera ateratzea, 250na gai bakoitzeko. «Hizkerakoak ateratzea nahiko erraza izan zen, Euskal Filologia ikasi baitugu», esan du Toledok. «Historiako galderekin, berriz, ideia handirik ez geneukan», jarraitu du, «eta horregatik, Alvaro Aragon herriko historiagilearengana jo genuen; EHUko irakaslea da. Kattin Txikikoak ere aritu dira, 1936ko Gerrako kontuak osatzeko». Eta galderak entresakatzea ez ezik, galdera horiek sei multzotan banatzeak ere zailtasunak izan ditu. Mahai jokoa egiteko, puzzle-a egiten aritu dira Lertxundi eta Toledo: «Gaiak nahiko argi genituen, grabazioetatik. Kontua da gai asko genituela, zatitu egin behar zirela, eta horiek nola bildu zen arazoa. Hutsune batzuk betetzen aritu gara, galdera hau hemendik hartu eta multzo hartara eramaten». Pieza guztiak bere tokian jarrita, honakoak dira gaiak: historia; baserria/natura/ekonomia; geografia/toponimia; gizartea/kirola; hizkera; eta kultura. Diseinua eta azala Herriko kontraste taldeaz gain, jokoa material bihurtzeko laguntza gehiago behar izan dute. Horrela, Dixidu Diseinu Grafikoak diseinatu du jolasa. Azala, berriz, Iosu Mitxelenak egin du. Ilustratzaileak asteleheneko aurkezpenean azaldu zuenez, galdera batzuk irakurri eta horretan oinarrituta egin zuen azaleko ilustrazioa. Done Eztebe plazako ilustrazio bat egin du, eta historiako hainbat pasarte bildu ditu bertan. Horrez gain, KAM Telekomunikazio Aholkularitza enpresak ere bere ekarpena egin du. Oiartzuarren baitan proiektuaren webgunea eramaten dute, eta Lertxundik eta Toledok jakinarazi dutenez, mahai jokoko galdetegia sailkatzeko sistema informatiko batekin lagundu diete.
Mahai jokoak ‘trivial’ formatua izango du, saltsa gehiago sortuko duelakoanPaeta zaharrak erantzun! jokoa, ondarearen dibulgazioari dagokionez, ez da eten puntua izango. Aurrerago, data zehatzik jarri gabe, jokoaren bertsio berriagoa atera nahi dute. Asmo bat da oraindik, hala ere. Onartu dute akats txikiren bat egon daitekeela: «Ahal dugunarekin aritu gara, badakigu akatsen bat egongo dela, baina akats horiek jendeak zuzentzea nahiko genuke. Galdera berriak, ahaztu zaizkigun pertsonaia eta istorioak eta abarrekin osatzen joan nahi dugu». Bigarren bertsioa digitala izatea nahiko lukete, horrek aukerak zabalduko lituzkeelako (argazkietan oinarritutako galderak egitea, esaterako). Bitartean, edizio analogikoa hogei euroren truke lortzeko, Elizalde Herri Ikastetxera, Haurtzaro Ikastolara, Urrats liburu dendara edo Ttur-tturren bulegora bertara joan daiteke. Internet bitartez ere eskura daiteke, www.oiartzuarrenbaitan.com webgunean sartuta ere egin daiteke eskaria.
Lagundu dieten oiartzuarrei eskerrak eman dizkiete
Paeta zaharrak erantzun! osatzeko oiartzuar ugarik hartu du parte, jokoak dituen kutxak bezain bestek ia. Ez dute lan makala izan mahai jokoa osatzeko, eta gai bakoitzean adituak diren oiartzuarrek beren ekarpena egin diote jokoari. Iñaki Arbelaitz Gelbentzu izan zen kontraste taldean parte hartu zuenetako bat. Uztailaren 4an hil zen, ezin zuen proiektua bukatzen ikusi. Astelehenean bere alargun Maria Jesus Aranbururi mahai jokoaren ale bat oparitu zioten Aintzane Lertxundik eta Aintzane Toledok. «Iñaki Arbelaitzi eskerrak eman nahi genizkion. Kontraste taldean gelditzen hasi ginen. Berak bere lana egina zuen, eta berriro geratu behar ginen. Baina tarte horretan gaixo jarri zen eta handik hilabete batzuetan joan zitzaigun», esan du Lertxundik. Arbelaitzek proiektua oso gustukoa zuela nabarmendu dute, eta pena dela bukatuta, esku artean, ez ikusi izana. Uztail parte hartan, Arbelaitz zendu zenean, jokoak oraindik ez zuen izenik. Horrekin lotuta, bitxikeria bat kontatu du Lertxundik: «Oiartzungo esamoldea da Oiartzun, paeta zaharrak erantzun eta jokoaren izenburua herriaren izenik gabe jartzea erabaki genuen. Hil ondoren, Arbelaitzen datu batzuk atera ziren, eta bere esaldi gustukoena horixe zela esaten zuen. Ilusioa egin zigun horren berri jakiteak». Lardi, Enbil… eta besteak Ane Lardiri ere jokoaren ale bat oparitu zioten. Bai Oiartzuarren baitan proiektuarekin hasi zelako, baita galdera dezenterekin ekarpena egin duelako. Bere ama Maria Jesus Enbili ere oparitu zioten mahai jokoa, galderen zati handi bat ere berak egin baitu. Parte hartu duten gainontzeko oiartzuarren izenak pantailan islatu zituzten. Honakoak dira 25 oiartzuar horiek: Alvaro Aragon; Aitor Arozena; Anita Arruabarrena; Ane Badiola; Josu Delgado; Ertzibengoa Aizpeolea familia; Nikolas Etxebeste; Irati Etxebeste; Joxe Kruz Ezeiza; Ainhoa Fraile; Idoia Fraile; Maialen Galdos; Arkaitz Goikoetxea; Kontxita Irastortza; Miren Irigoien; Antton Kazabon; Gloria Larburu; Anita Larburu; Arantxa Lete; Iñaki Lopez; Joxe Migel Lopez; Luberri museoa; Esteban Martiarena; Joxe Mari Mitxelena eta Olatz Retegi.Jokoa eta arauak
Galderak- Erantzun zehatza. Adibidez, Zer da Aski prexko? edo Nola esaten diogu arkakusoari?.
- Egia ala gezurra. Adibidez, Oiartzun Euskal Herriko tokirik euritsuena da. Egia edo gezurra? edo San Esteban Eguna abenduaren 26an da. Egia edo gezurra?
- Hiru aukera. Adibidez, Nola bukatuko zenuke esaera zahar hau: Armiarma paretan korrika… a) ebiya ondotikan b) zui koxka in ondotikan c) euliya du bistan
- Hasiera. Jokalari guztiak erditik hasiko dira. Zein hasi erabakitzeko, dadoa botako dute.
- Garapena. Dadoak aginduko ditu pausoak. Koloreari dagokion gaiaren galderari erantzun beharko da. Asmatuz gero, jokatzen jarraituko du jokalariak. Lauki berezietako galdera asmatuz ero, lortuko dute uztaia.
- Bukaera. Sei uztaiak lortzean, erdira joan beharko du jokalariak, eta bertan sartzeko kopuru zehatza beharko du. Horra iristea lortuta, aurkariak aukeratu beharko du galdera. Zuzen erantzunez gero, irabaziko; bestela, txanda galduko du.