Ekonomia bizitzaren zerbitzura jarriko du Ekonomia Solidarioaren Azokak

Ekonomia Solidarioaren Azoka aurkeztu dute gaur.

Ekonomia Solidarioaren Azoka aurkeztu dute gaur.

Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen Azoka antolatu dute bosgarrenez, eta lehenengo aldiz, hiriburuetako zirkuitutik atera eta Errenteria-Oreretan egingo dute. Gaur aurkeztu dute merkatu soziala Eñaut Gracia Informazioaren Gizartearen zinegotziak, Marian Diez REAS (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sarea) Euskadiko presidenteak, Nagore Vega OlatuKoop sareko kideak eta Nerea Gonzalez Saretuz Donostiako Kontsumo Kontziente eta Eraldatzailearen aldeko sareko kideak.

Azoka “ohorea” dela udalarentzat esan du Graciak: “Merkatu sozialak urtean behin hiriburutan egiten duen zirkuitutik atera eta hona dator. Pozgarria da, eta gainera aitortza inplizitua egiten dio gure herriari. Izan ere, Errenteriak beste eredu baten aldeko dinamika darama eragileekin, horren aldeko apustua egiten ari da”. Udalak erantzukizuna duela neurri batean eta eraginkorrak diren errealitateei zentralitatea eman eta ikusaraztea dagokiola erantsi du, eta horren harira, udalak ere, beste eredu baten aldeko apustua egina duela nabarmendu du eta horren adibideak aipatu: “Torrekuako esperientziak,  Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean antolatutako ekonomia sozialaren gaineko tailerrak, edo finantza etikoen aldeko hautua horren erakusle dira”.

Azokaren antolaketan laguntzaile izango dute REAS, OlatuKoopek eta Saretuzek udala. Besteak beste, azpiegitura jarriko du eta ekonomikoki lagundu ere.

Ekonomia solidarioa sustatu
Helburu garbia duela Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen Azokak azaldu du Diezek, “ekonomia solidarioa sendotu eta ikusarazi nahi dugu. Krisiari erantzun erreala emateko arlo ezberdinetako modelo enpresaria ezberdinak erakutsi, ekonomia bizitzaren zerbitzura jarrita”. Bosgarren azoka “funtsezkoa” izango dela esan du, “alternatiba ekonomiko erreala dagoela erakusteko. Herritarrengana heldu nahi dugu eta elkar kooperazioa sustatu ekoizle eta kontsumitzaile artean. Gainera, entitateen artean harremanak sendotu eta sustatzeko baliatu nahi dugu azoka”.

2013an hasi zen azoka antolatzen REAS Euskadi eta garrantzitsua dela “deszentralizatu” eta herrietara joatea esan du Diezek, “ekonomia solidario eta eraldatzailearekin diharduten enpresa ugari dago eskualde honetan, horregatik Errenterian egingo dugu aurten”.

Lehenengo aldiz hartuko du parte Olatukoop Sareak azokaren antolaketan, eta ekonomia sozial eraldatzailearen Euskal Herriko topagune bat sortzea beharrezkoa dela esan du Vegak: “Sektore batetik harago ekonomia egin eta antolatzeko beste eredua dagoela erakutsi nahi dugu, alternatibak badirela erakutsiko dugu, eta gainera eredu hau sustatu nahi dugunon artean interkooperazioa landuko dugu festa giroan”. Ekonomia “bizitzaren zerbitzura” jarri nahi dutela gaineratu du OlatuKoopeko kideak, “kooperatuz aktibitate sektore ezberdinetatik: elikadura, aisialdia, komunikazioa, hezkuntza, teknologia, baliabideen ekoizpena, aholkularitza, pertsonentzako zerbitzuak, eta zaintza, besteak beste”.

Merkatuzarrek hartuko du azoka hilaren 18an 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta egitarau anitzarekin jantzi dutela erantsi du Vegak, “herritar orok ekonomia sozial eraldatzailetik hurbilago edo urrunago egon bere lekua aurkitzeko”. Aktibitate sektore ezberdinetako postuekin batera, tailerrak egingo dituzte azokaren barruan (ikus albiste amaierako zerrendan), eta txikienei begira Txikigunea prestatu dute, “haurrak ere interkooperatzen jartzeko”. Elikadura burujabetza oinarri hartuta aukeratu dituzten produktuekin txosna karriko dute Merkatuzar kanpoko plazan. Bideo-photocall solidario, eraldatzaile eta arduratsua egiteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, eta jarduera interkulturalak ere izango dira. Eguna amaitzeko, berriz, kontzertua antolatu dute karpan.

Gonzalezek parte hartzera animatu du jendea, “ekonomia solidarioa zer den jakiteko, kontsumitzeko beste era bat posible dela erakusteko”.

Tokiko politikak
Azokaren bezperan (hilak 17) ekonomia sozial, solidario eta eraldatzaile baterako tokiko politika publikoei buruzko mintegia antolatu dute bestalde. Xenpelar Etxean izango da 09:30etik 14:00etara. Minyegi horrenbarruan, REAS Euskadiko kideek ekonomia solidariotik lurraldeak nola aldatu kontatuko dute. Erosketa publiko arduratsu eta eraldatzailea nola sustatu kontatuko du, gainera, Santiago Lesmes aholkulariak, eta etxebizitzaren esparruan Bartzelona eta Errenteriako Udalen programen bidez tokiko alternatibak azalduko dituzte. Azkenik, mintegiaren barruan, tokiko garapen berri baterako ekintzailetza kooperatiboaren berri emango dute REAS Aragoneko Cristina Sanchezek eta OlatuKoopeko Amaia Oleagak.

Mintegian parte hartzeko izena eman behar dute interesdunek.

Azokaren barruko tailerrak

0 Maila

  • 12:00: Egitura mutualistak sortzea. OlatuKoop, Talaios, Hiritik At.
  • 13:00: Energia berriztagarrien ekoizpena. Goiener.
  • 17:00: Banaketa, banatzailerik gabe? Agro ekologiaren kasua. OlatuKoop, Lakari.
  • 18:00: Teknologia Komunak. Eticom.

1 Maila

  • 12:00: Finantza etikoen irakaskuntza.
  • 13:00: ESEan ekintzailetza. OlatuKoop, Koopfabrika.
  • 17:00: Genero perspektibadun erakunde egiturak. EkoSolFem.
  • 18:00: Etxebizitza eredu komunitarioak / Kooperatiboak. Koop57-Reas.

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend