Ekonomia Sozial Eraldatzailearen azoka hartuko du Merkatuzarrek hilaren 18an. Ekonomia soziala herritarrek beren kabuz ekonomia antolatzeko duten tresna dela dio OlatuKoopeko Beñat Irasuegik.
Beñat Irasuegi OlatuKoopeko kidea.
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen azoka hartuko du Merkatuzarrek hilaren 18an. Ekonomia soziala herritarrek beren kabuz ekonomia antolatzeko duten tresna dela dio OlatuKoopeko Beñat Irasuegik.
Ekonomia sozial eta eraldatzailearen azoka Errenteria-Oreretara helduko da hilaren 18an. Zer aurkituko du bertaratzen den jendeak?
Jendearentzat agerikoena azoka bera izango da. Ekonomia beste modu batera ulertzen duten sektore ezberdinetako 40tik gora postu izango dira. Bakoitzak bere erara, baina ekonomia ulertzeko modua eraldatu nahi duten proiektuak dira guztiak. Aukera paregabea da, eta urtean bakarra gainera, ekonomia egiteko beste eredu bat erabiltzen duten hainbeste enpresa batera ikusteko. Erdigunea azoka bera izango da, baina, azoka izatetik harago elkargunea ere izan nahi du. Hori da aurtengo erronka, eta horretarako txosna egongo da sarreran. Jatekoa eta edatekoa izango dira bertan, eta produktu guztiak elikadura burujabetzarekin lotutakoak izango dira. Edukia ere izango da azokan, batez ere, ekonomia sozial eta eraldatzailean lan egiten dugun eragile eta norbanakoak elkar ezagutzeko, eta elkarrekin proiektu berriak egiteko.
Azoka aurretik, hilaren 17an, mintegia antolatu dugu udal politikei begira, eta azoka egunean bertan, berriz, tailerrak. Oso interesgarriak izango dira, batzuk ezagunak ditugu eta besteak guretzat ere erronka dira.
Zer da ekonomia sozial eta eraldatzailea?
Jendarteak dituen beharrak asetzeko antolatutako eredu ekonomiko bat da. Bertan eragile ugarik hartzen dugu parte eta oinarrian hori dugu, jendearen beharrak identifikatu eta behar horiei erantzuteko ekonomia produktiboa zein erreproduktiboa egitea. Behar den estruktura ekonomiko hori guztia sortzea baina beharrei begira, ez aberastasuna sortu eta pilatzeko, benetako beharrak eta oso oinarrizkoak erantzuteko baizik. Elikadura, zaintza, teknologia, baliabideen produkzioa… dena sartzen da. Askotan ekonomia alternatiboa esaten da, nik geroz eta gutxiago erabiltzen dut termino hori.
Ez duzu gustuko alternatiboa deitzea ekonomia mota horri?
Alternatiboak dira oraindik, baina ez duguna nahi da sektore gisa zokoratuta uztea. Esperientzia txikiak dira oraindik, sareak ekonomia guztiaren barruan espazio txikia hartzen du, baina helburua ez da txikitasun horretan gelditzea eta sektore gisa. Ez diegu kapitalismoak sortzen dituen hutsuneei erantzun bat eman nahi, beste eredu bat izan nahi dugu. Azoken bidez hori erakutsi nahi dugu, ez garela sektore bat, ekonomia egiteko eredu oso bat garela, sektore guztietan zabal daitekeena.
Eraldatzaile ere bazarete.
OlatuKoopen ekarpena da hori, eta nolabait kolaboratzen duten beste eragileek ere barneratzen dute. Ez da bakarrik elkartasunez ekonomia hobeago bat egitea ahal dugunen artean, ekonomia bera eraldatzea baizik, hau da, ez da jarrera pasiboa, aktiboa baizik. Hor dago berritasuna azken urteetan. Ekonomia eredu ezberdinak planteatzen ditugun eragileek, ez dugu egin behar bakarrik gu gozo egongo garen eremu bat, hori ere, baina ez bakarrik, guzti hau aldatu behar dugu. Jarrera politikoa ere bada, beraz, eta egunerokoan egitea.
Nola susta dezake hori norbanakoak etxetik, nola egin ekarpena eta eraldatzaile izan?
Kontsumoaren ardatza oso garrantzitsua da. Nik ez dut uste kontsumoarekin bakarrik dena alda daitekeenik, eta ekonomia antolatzeko moduak garrantzia handiagoa duela esango nuke. Egun, ekonomia kapitalista honek indibidualizatzen gaitu, produktuen kontsumitzaile huts egiteko, azkenean kontsumitzaile bihurtzeko. Horren aurrean, kontsumoan baloreak ezartzea, eta eraldaketa kontsumotik ere egiteko bidea jartzea, klabea da.
Egunero kontsumoarekin hartzen ditugun erabakiek garrantzia dute, egitura ekonomikoan eta inguratzen gaituen guzti horretan. Norberak egunerokoan gosaltzen duenean elikadura burujabetzako produktuak edo gure eskualdeko produktuak kontsumitzen baditu, argia pizterakoan argi hori berriztagarria baldin bada eta gainera, kontsumo kooperatiba batek saldutakoa, diru transferentzia bat egiteko banka etikoa erabiltzen badugu, edo egunero egiten ditugun hamaika gauza horietan horrelako erabakiak hartzen baditugu, eragiten dugu.
Pixkanaka egindako aldaketak dira, ez delako erraza, gizartea ez dagoelako antolatuta horretarako, eta oraindik ere ekonomia jarduerak ez daudelako dena egin ahal izateko antolatuak, baina gutxika, banan banako aldaketak egiten bagoaz, norberak, etxeetatik, enpresetatik, udaletxeetatik, horrelako ekonomian oinarritutako proiektuen alde trantsizioa egiten badugu, aldaketa handia da. Ez du dena aldatzen, baina aldaketa handia da.
Egun hain garrantzitsua den norberaren bisio horretatik, norberaren erabaki horiek ere, norbera aldatzen dute.
Halere, geroz eta gehiago eragiten dugu kolektiboaren garrantzian. Norbanakoa ongi dago, baina logika kolektiboa izan behar du, proiektu kolektiboetan oinarrituta.
Horren adibideren bat?
Iberdrolarekin energia erosteko dudan harremana eten nahi badut, norengana noa? Antzeko beste konpainia batengana jotzen dut, edo beste kontsumitzaile batzuekin batera Goiener bezalako egitura bat aukeratzen dut? Goiener azkenean kontsumitzaileen kooperatiba bat da. Aldaketak kolektiboan egiteak garrantzia dauka, asko indartzen dituelako proiektuak.
Ekonomia sozial eraldatzailea egungo krisi egoerari erantzun erreala emateko gai dela diozue.
Azkenean krisiak gaur egungo sistema ekonomikoaren parte dira, ez dira kasualitatea, badira eta izango dira sistema honetan.
Ekonomia sozial eraldatzailea herritarrok ekonomia gure kabuz antolatzeko dugun tresna bat da, gehiago ere egon daitezke. Krisia dagoenean herritarrak antolatzen dira kontsumitzeko, baina baita lana sortzeko ere, antolatzeko, edo behar ditugun baliabideak sortzeko. Une latzetan behartuta ikusten dugu gure burua zerbait egitera. Zerbait hori, izan dadila antolatua.
Okerrena, hala ere, ekonomia eredu honek soilik krisi egoeretan balio duela pentsatzea da. Ekonomia sozial eta eraldatzaileak, beharrei erantzuten dien eredua den neurrian, logikoa da hazkundea izatea krisi egoeretan, beharrak ere handiagoak direlako, baina krisia izan edo ez, gure bizitzak antolatzeko beste modu bat pentsatu beharko genukeela uste dut.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan antolatu izan dute azoka. Aurten, berriz, Errenteria-Oreretara ekarri duzue eta zuek lehenengoz hartuko duzue parte antolatzaile gisa. Zerk suposatzen du horrek herriarentzat?
Apustua da, hiriburu batean eginda baino jende gutxiago etorriko dela uste dudalako. Aldi berean erronka oso garrantzitsua da, beste perfil bateko jendea erakarri nahi dugulako. Benetan gaian interesa daukan jendea etortzea nahi dugu, eredu honekin lanean ari den jendea erakartzea eta beste eragileekin batera elkarlanean jartzea saretzeko, eta ikustarazteko halako ekonomia ereduak ez direla irudi hutsa, edo egun batean gertatzen den zerbait, eguneroko lana baizik. Jendea bizi den tokietan egin behar da azoka, herri guztietan egin beharrekoa dela uste dut, eskualde ezberdinetan funtziona dezake, eta eskualdez eskualde eta herriz herri garatzen joan beharreko zerbait da. OlatuKoopentzat garrantzitsua da, gure ustez herrietan egin beharreko zerbait da, garapena eskualdez eskualde sustatu beharko dugulako, ondo bidean.
Badago egungo eredua deseraikitzeko modurik?
Ez bagenu sinistuko ez ginateke honetan arituko. Gauza bat, ordea, asmoa da, epe luzerakoa, eta bestea benetan dituzun eguneroko baliabideak. Oraingoz oso txikia da guk planteatzen dugun eredu honek daukan indarra, baina horrek ez du esan nahi izugarri handia izan behar duenik. Gai bagara erakusteko gure txikitasunetik ekonomiaren arlo guztiak beste modu batera antola daitezkeela, pausu handia emango dugu. Uste dut bide horretan gaudela. Gizarte osoak, edo zatirik handienak behintzat bide horretan jartzeko zein estrategia ditugun, eta zein baliabide izango ditugun ikusi beharko du. Txikitasunean eredu osoa erakustea oso garrantzitsua da.
Horrekin batera, oso garrantzitsua izango da arlo publikoarekin harreman zuzena izatea, hau da, ekonomia publikoa eta komunitario eta kooperatibo horren artean aliantza egitea. Horrek behar du izan hurrengo pausua. Nik uste dut ekonomia sozial eta eraldatzaileak erakusten diola arlo publikoari etorkizunean ekonomia zein baloretan eta zein antolatzeko modutan eraiki beharko litzatekeen. Aliantza hori beharko da.
Jendeak ulertzen badu bere beharrak asetzeko balio duela, arrakasta lortuta dago, hori da eredu hau zabaltzeko gakoa. Horretarako jendeak dituen behar artifizialak identifikatu eta deslotura egin beharko dugu.
Bizitza jartzen du zuek babesten duzuen ekonomia ereduak erdigunean?
Bizitzarena ekonomia feministatik datorren kontzeptua da. REAS elkarteak lan handia du egina arlo horretan, eta uste dut klabea dela, ekonomia sozial eraldatzailea ekonomia feministarik gabe ez delako ulertzen. Ekonomian, antolaketarako hartzen diren erabaki guztietan ekonomia produktiboa eta ordainpeko lana hartzen da gaur egun oinarri, eta ekonomia erreproduktiboa eta ordainpekoa ez den guztia, beharrezkoa dena, ez da kontuan hartzen. Hemen azken batean planteatzen duguna da bizitzarako beharrezkoa den guztia kontuan hartzea, eta ekonomia erreproduktiboari garrantzia berezia ematea.
Hori makroan. Baina mikroan ere garrantzitsua da sortzen ditugun egitura ekonomiko guztietan elkarren arteko zaintza egotea, bai enpresa beraren barruan lankideen artean, bai enpresa ezberdinen artean ere interkooperazioaren bidez, eta zaintza hori kolektiboa izatea. Munduan bizitza posible izatea egiten dugun guztian da helburua, hau da, ez dadila izan bakarrik bideragarritasun ekonomikoa neurria, sistema horretan parte hartzen duten pertsonen bizitza ere erdigunean jartzea.
OlatuKoop zertan ari da une honetan?
OlatuKoopek hiru urte eta erdi ditu, oso egitura gaztea da, beraz. Erraz esanda, OlatuKoop ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko sare bat da, baita interkooperaziorako sarea ere. Bertan gauden enpresa komunitario guztien artean saretze bat gure beharrak elkarren artean asetzeko. Saretze horren barruan sartzen da finantzazioa, edo enpresaren bat krisian badago eta itxi behar badu, bertako langileak berrartzea beste tokitan, edota afari bat egitea denen artean elkar ezagutzeko… Mutualismoa da. Horretan sakondu nahi dugu, azkenean gure beharrak modu kolektiboan asetzea eta horretarako egitura berriak sortzea da mutualitatea.
Bestalde, ekonomia sozial eraldatzailea zabaltzea ere bada gure lana, eta horretan azokak badu bere zentzua, REASekin eta Saretuz elkartearekin batera, ekonomia eredu hau ikusaraztea eta saretzea oso garrantzitsua delako guretzat. Hori egiten dugu, orokorrean Euskal Herrira begira baina bakoitzak, OlatuKoopen kide garen enpresa komunitario bakoitzak dauka konpromisoa bere eskualdean eragile ekonomiko eraldatzaile izateko. Oarsoaldean hori da gure lana. Une honetan 30enpresa komunitariok osatzen dugu OlatuKoop.
Marian Diez, RAES Euskadiko presidentea.
«Gizarte justua lortzeko bitartekoa izan behar du ekonomiak»
Marian Diez. REAS Euskadiko presidentea.
Ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea da REAS. Zein da zuen lana?
REASen barruan ekoizpen sektore ezberdinetan lanean ari diren 70 enpresa eta erakunde daude une honetan. Guztiok ekonomia sozialaren kartarekin konprometituta gaude. Ekonomia herritarren zerbitzura jartzeko sei oinarri ditu karta horrek: berdintasuna, lana, ingurumena, lankidetza, irabazi asmorik ez izatea, eta inguruarekiko konpromisoa.
Azken batean ulertzen dugu ekonomiak ez duela helburua behar, bitartekoa baizik, gizarte justu eta berdinagoa lortzeko. Azken horrek ez du esan nahi errentagarritasun ekonomikoa ez dela garrantzitsua guretzat, esan nahi du, bertan lortutako irabaziak, beste proiektuetara bideratzen direla. Labur esanda, aberastasuna sortu nahi da, baina ez hura pilatu edota harekin espekulatzeko, banatzeko baizik, gure inguruan eragin soziala izan dezan.
Zuek zarete Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen azokaren antolatzaile. Honakoa bosgarrena izango da. Zein balorazio egiten duzue orain artekoez?
Oso baikorra. Nik uste dut balio izan digula gizarteak gu gehiago ezagutzeko eta kontsumo kritiko eta kontzienterako aukera erreal bat garela erakusteko. Eredu honetan lanean ari garen eragileok elkarren artean ezagutzeko aukera ere izan nahi du azokak, eta aurtengoak, bereziki, hori bilatuko du.
Ekonomia sozial eta eraldatzailea alternatiba erreala al da zure ustez?
Uste dut erakusten ari garela alternatiba erreala dela. Zenbakiak batuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia orokorraren barruan, oso zati txikia gara, errealitate txikia gara. Erakusten ari gara, ordea, korrontearen aurka joatea eta beste oinarri batzuen gainean eraikitako eredu ekonomikoa egitea posible dela. Moduren batean, erakusten ari gara ez dugula amore eman behar esaten digutenean kapitalismotik kanpo ez dagoela beste biderik, edo globalizazioa geldiezina dela. Ekonomia solidario eta eraldatzaileak erakusten du egunerokoan posible dela beste ekonomia egitea, ekonomia eredu horren barruan lan egiten duten pertsonak daudela, eta horiek ekoiztutakoa kontsumitzen duten pertsonak badaudela, horrenbestez, kontsumo alternatiba erreala badagoela.
Horren harira, oso garrantzitsua iruditzen zait kontsumoarekin ere aktibismoa egitea, auzoko kontsumo taldeko kide izan gaitezke adibidez. Kontsumo kritikoa borrokarako lanabesa da, gutxi bultzatu dena, baina oso garrantzitsua.
REAS elkarteak garrantzia berezia eman dio ekonomia feministari.
Lanketa berezia egiten ari gara azken aldian ekonomia solidarioa ekonomia feministarekin lotzeko. Zaintza, eta orain arte ezkutuan izan den eta inork ikusarazten ez duen lan erreproduktibo guztia agerian jartzea ezinbestekoa da. Izan ere, ezkutatze hori kapitalismoaren sustengu da. Gure enpresek horren kontzientzia izatea nahi dugu, garrantzitsua delako irabazi asmorik gabe aritzea, edo kooperatzea, baina baita gure barne antolaketa eta barrutik harreman patriarkal horiek apurtzea ere.
Azokaren barruan horren gaineko gida bat banatuko dugu, jakiteko nola zaindu besteak, baina baita gure buruak nola zaindu azaltzeko ere.