'Braillean' diskoa argitaratu dute, eta pop-rockaren ertz askotara iritsi dira osatu dituzten 11 kantuetan
Donostian aurkeztu dute hirugarren diskoa.
Beira taldeak hirugarren diskoa kaleratu du:
Braillean. Aurreko bi diskoetan bezala, bertsoa eta musika uztartu dituzte disko berrian.
Gaur aurkeztu dute 11 abestik osatutako diskoa. Jon Martin letragile eta abeslaria, Igor eta Mikel Arruabarrena, Urtzi Olaziregi eta Gari Amundarain musikariak izan dira bertan. Eurekin batera,
fitxaketa berria (nahiz eta aurrez ere eurekin aritu den): Irati Odriozola abeslaria.
Pop-rocka den itsaso zabalaren itsasertz askotara porturatu da Beira taldea
Braillean lan berrian, eta balada heavy bat ere sartu dute —musikariak metal taldeetan aritu izanak dira—. Beiran, gehienbat (baina ez bakarrik), letrek dute pisua. Askotariko gaiak marraztu ditu Martinek: euskal gatazka, maitasun klandestinoa, maskulinitate eredu berriak, haurrik eduki ezin dezakeen bikotea…
Beira taldea Braillean grabatzeko, iazko abendutik aurtengo apirilera aritu da Mutrikuko AME estudioetan.
Kolaborazioak eta aurkezpena
Beira osatzen duten sei partaideez gain, kolaborazio ugari izan dituzte. Lain taldeko Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe; Iñigo Asensio; Xendarineko Ahizpak; Ane Guriak eta Bad Sound Systemeko Morok hartu dute parte.
Hori musikari dagozkien laguntzaileei dagokienez. Marta Ortiz izan da diskoko argazkiak atera dituenak, eta Goren Alkizak diseinatu du. Alkizak, gainera, zuzeneko emanaldietan parte hartuko du, bideo jockey gisa.
Lehen kontzertua etxean egingo dute. Datorren larunbatean aurkeztuko dute, Pagoa kafe antzokian. 22:30ean hasiko da saioa, eta
Braille diskoa aurkezteaz gain, Iker Lauroba eta Zentinelak taldearen aurkezpen kontzertua ere izango da. Esther Sound System ere ariko da.
Sarrerak Amazkar tabernan, Elorsoron eta Pagoan (Oiartzun), Arkaitza tabernan (Errenteria-Orereta) eta Donosti Rocken daude salgai. Online, Kutxabank, Ticketea, Colectivia edo Mauka bidez lor daitezke.