Habia utzi, hegan hasteko

Asier Salaberria Oarsoaldea Garapen Agentziaren teknikaria eta Inma Gomez artisaua dendan.

Asier Salaberria Oarsoaldea Garapen Agentziaren teknikaria eta Inma Gomez artisaua dendan.

Urte eta erdi da Habian! proiektua abiatu zutela Errenteriako Udalak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak. Torrekua eraikinean kokatuta, hura ekintzailez betetzea zen helburua, eta hala egin dute. Lehenengo solairuan Habian! Fabrika kreaktiboa egitasmoa jarri zuten martxan, eta bertan sormenezko ofizioak lantzeko tailerra moldatu zuten: ehungintza eta bitxigintza, momentuz. Goiko solairuan, teknologia berrien atala kokatu zuten, Habian! Teknologia Kreaktiboa proiekturako.

Habian! Fabrikan zortzi artisau ari dira une honetan, bi ehungintzari lotutako proiektua egi bihurtzen, eta beste seiak, berriz, bitxigintza lantzen. Bertan egiten duten lana kalera ateratzea erabaki zuten, jendeak ezagutu zezan egiten zutena, baita lanean ari diren artisauak ere.  Eta horretarako, elkarlanean,  Santxoenea kaleko 25. zenbakian denda alokatu dute. Hilabetez izan dira bertan, gaur du azken eguna zabalik. 11:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da irekita. Tailerrean egindakoak dendan izan dituzte, jendeak ikus dezan egiten dutena, eta egin duten hori erosteko.

Herritarrengana hurbildu
Asier Salaberria, Oarsoaldea Garapen Agentziaren Enpresa Txikiak Laguntza saileko teknikaria da. Esti Susperregirekin batera, Torrekuaren antolaketaz arduratzen da. Habian! Fabrikarentzat Errenteria-Oreretaren erdigunean zabaldu duten Pop Up Shop- a [aldi baterako denda], Torrekuan ari diren artisauak eta beren lanak kalera ateratzeko «modua» izan dela dio: «Torrekua oraindik jende gutxik ezagutzen du, horretarako aukera baldin badago ere. Denda hilabete batez artisauek egiten duten lana ezagutarazteko baliatzen ari gara. Errenteria aukeratu genuen, eskualdearen erdigunea, eta denda txiki bat alokatu zentroan. Torrekuan Habian! Fabrikan egiten ari direna erakutsi, artisauak ezagutarazi eta salmentarako aukera bat ematea dugu helburua».

Salmentarena bigarren mailako helburua dela dio Salaberriak, produktu gehienak ez direlako komertzialak. Ez dira horiek, baina, helburu bakarrak.  Torrekua hazitegia dela nabarmendu du Salaberriak, artisauek bertan gehienez hiru urte emango dituzte, eta epe hori beteta, kalera atera beharko dute beren proiektuekin, bide profesionala euren kabuz hasteko, «jarduera profesionala sendotzea ere bilatu dugu esperientzia honekin, elkarlanean, elkarrengandik ikasiz, eta hau prozesu horren parte da. Elkartu dira, eta elkarlanean antolatu dute hau».
Denda zabalik da oraindik, eta balorazioa egiteko «goizegi» dela dio Salaberriak, halere, jendea bertaratu dela dio, ikustera, ezagutzera zer dagoen, «jendeak galdetu du, ikusi ditu gauzak, erosi du, eta egiten dutenaren berri eman dute artisauek».

Habian! Fabrika bera ere berria da, urte eta erdi bete du abiatu zenetik, «hasten eta ikasten ari gara honetatik, baina ondo ari garen zalantzarik ez dut, bertan parte hartzen ari diren artisauek ongi baloratzen dutelako zerbitzua, azpiegitura, balorazio oso positiboa egiten dugu. Urratsa egiten ari dira, eta une honetan hasieratik dauden artisauak eta hilabete daramatenak ari dira bertan. Batzuk dagoeneko beren bidea hasi dutelako Torrekuatik eta Habian! Fabrikatik kanpo behar zuten bultzada jasota».

Oihalgintzan ari dren bi artisau eta sei bitxigileen lanak ikusi eta eros daitezke.

Hazitegia ezagutu
Artisauen lana edo Habian! Fabrika ikusi nahi dutenek, horretarako aukera dutela esan du Salaberriak. Artisau zehatz baten lana ikustea interesatzen bazaie, artisauarekin berarekin jarri beharko dute harremanetan eta harekin adostu bisita. Torrekua bera ikusi nahi dutenek, berriz, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin jarri beharko dute harremanetan. Bertan, tailerrak ikusteko aukera izango dute, artisauak lanean, eta proiektuaren gaineko berri emango diete. Hazitegiaren ideia nabarmendu du berriz ere Oarsoaldea Garapen Agentziako teknikariak, «beste hazitegiekin harremanetan gaude, komunitatea sortzeko. Oiartzungo enpresa zentroa ere kudeatzen dugu, formatu klasikoagoa du beharbada, baina hazitegia da hura ere, eta Tknikan ere Belabaratz kudeatzen hasiko da garapen agentzia. Horien arteko elkarlanerako lanketa egin nahi dugu».

Elkarlana oinarrian jarri du Salaberriak, «elkarbizitzan daude artisauak Habian! Fabrikan, onerako eta txarrerako elkarren ondoan daude».
Artisau berriek badute aukera Habian! Fabrikan hasteko, eta horretarako Habian! Fabrikaren webgunean eskaera egin dezakete. Salaberriak dio zorrotz jokatu dutela hautagaiak aukeratzerakoan: «Askok nahastu dezakete Habian Fabrika. Tailerra ikusitakoan, jendeak pentsa dezake ikasteko lekua dela. Ez da horrela. Hona jendea ikasia dator, eta proiektuekin. Batez ere kolaboraziorako profila egokia ote den begiratzen dugu, eta benetako apustua izan dadila. Horretatik bizi nahi izatea eskatzen dugu. Lortuko duten beste kontu bat da, baina helburu horrekin etorri behar dute parte hartzeko».

Zortzi artisauren lanak
Santxoenea kaleko dendan, Inma Gomez eta  Saioa Matxainek sortutako oihalgintza lanak, eta Maria Andueza, Idoia Lizeaga, Bego Fuente, Udane Errandonea, Jone Taberna, eta Catia Fernandes bitxigileen lanak daude ikusgai.

Gaur arte Inma Gomez artisaua izango da dendan. Habian! Fabrikan ari da proiektua hasi zenetik. Irundarra da eta esperientziarekin oso gustura dagoela dio, «lanerako espazioa duzu, jende gehiagorekin ari zara gainera, eta horrek beti aberastu egiten du». Kapelagilea da Gomez, neurrira egiten ditu kapelak, burukoak, goi mailako joskintzako loreak, eta soinekoetarako aplikazioak. Ikuskizunetarako jostuna ere bada.
Historikoa betidanik izan duela gustuko dio, «miniaturazko jantziak egiten hasi nintzen eta horren harira, loreak egiten hasi nintzen, jendeari gustatu zitzaion eta burukoren bat egitera  animatu nintzen. Senarra eta biok ikertzen hasi ginen, eta harentzat kapela erostera joan eta ez genuen aurkitu bere neurrirako ezer, neurri txikia duelako, eta Sevillara ikastera joan eta Donostiako AEGn ere ikasten hasi nintzen. Kapelagile teknikak ikasi nituen batetik, eta ikuskizun joskintza bestetik. Txikitan brodatuak egiten ikasi nuen, bestalde, eta atelierretarako ezkongaien jantziekin ere aritzen naiz. Orain material berriak ikertzen ari naiz, testura berriak…».
Txapelak kustomizatu

Oihalgintzan ari dren bi artisau eta sei bitxigileen lanak ikusi eta eros daitezke.

Oihalgintzan ari dren bi artisau eta sei bitxigileen lanak ikusi eta eros daitezke.

Santxoenea kaleko Pop Up Shop-ean, egunero erabiltzeko kapelak, ezkontzetarako kapelak, gerrikoak, aplikazioak, eta Saioa Matxainekin, oihalgintzan Torrekuan ari den beste artisauarekin, elkarlanean egindako zorroak ditu ikusgai eta salgai. Horrekin batera, Elosegi txapelak ere baditu. Bereziak dira, ordea, kustomizatu egiten dituelako eroslearen gustuen arabera, «azken horrekin esperimentatzen ari naiz oraintxe. Txapela gustuko du jendeak, baina frantses erara eramateko, eta nahikoa arlo zabala da hori. Etortzen direnen artean, txapelak zerbait ezberdina izatea nahiko lukete, eta horretan ari naiz, ea lortzen dudan jendea engantxatzen».

Kapela erabiltzeko ohiturarik dagoen galdetuta, zalantzarik ez du Gomezek: «Hasi gara hura erabiltzen, asko, gainera. Niregana datorrena, normalean, tailarik aurkitzen ez duelako da. Harentzat sortutako pieza ordaintzeko prest dagoena dator niregana, bakarra eta oso pertsonalizatua den zerbait nahi duena. Kopa, hegala, kolorea, eta forma aukeratzea du etortzen denak, bat bera ere ez da bestetik berdina. Bere neurriko ezer aurkitzen ez duen jendea dator, burua txikia duena, baita gustura joan nahi duena ere, harentzat neurrira sortutako kapela eraman nahi duena».

Jendea «erosi, erabili eta botatzera» ohituta dagoela dio Gomezek, eta hori irauli behar da haren ustez, «sortutako piezak egunerokoan erabiltzeko dira, jendea gustura sentitzeko sortuak, eta ongi egindako produktuari balioa ematea beharrezkoa da. Denboran iraungo duen produktua da honakoa».

Hiru urte gehienez
Hazitegian parte hartzen hasi zenetik zailena proiektuaren alde administratiboa dela aitortu du Gomezek, «proiektua eramatea da zailena, baina horretarako Oarsoaldea Garapen Agentziako teknikariak ditugu gu laguntzen. Proiektuari berari forma ematea da gehien kostatzen ari zaidana». Atseginena, berriz, jendea bere sorkuntza batekin pozik doala jakitea, eta argazkia jasotzea: «Ikuskizun batean zure sorkuntzak, kapelak edo jantziak soinean dituztela ikustea, hori sinesgaitza da, onena. Ordu asko ematen dituzu sortzen, josten, egiten… eta oholtza gainean zuk egindakoa ikustea, izugarria da».

Torrekuako hazitegian gehienez hiru urte eman ditzakete ekintzaileek, eta Gomezek, epe horren erdia bete du Habian! Fabrikan. Epe osoa agortu edo aurretik bere proiektua modu autonomoan bideratzeko aukera ikusten duen galdetuta, berehala erantzun du, «hiru urteak bete aurretik independizatzea espero dut. Aurretik jarri nahiko nuke nire atelierra edo tailerra, eta bidea egiten hasi bakarka».

Torrekuan ari diren artisauei egiten dutena ezagutarazteko aukera eman die dendak, baita jendearekin harreman hurbila izateko aukera ere. «Horrek asko laguntzen du, eta saltzen ikasten duzu, zure produktua zein beste artisauena, txandaka ari garelako dendan», zehaztu du irundarrak.

Argi du bidea, atelierra jarri nahi du Gomezek, ez denda: «Hitzordua eskatu beharko du jendeak, eta zerbait zehatza eskatzera joango da, ezkongaien jostunen kasuan bezala. Nola lan egin nahi dudan eta zer sortu nahi dudan erabakitzeko bidean lagungarri izaten ari da Torrekua, eta espero dut epe laburrean nire ametsa egi bihurtzea».

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend