Alokairu sozialen programan parte hartzera gonbidatu dituzte oiartzuarrak; Etxebizitza Bulegoak bi parte hartzaileren esperientzia ezagutarazi du
300dik gora dira Oiartzunen dauden etxebizitza hutsak.
Bada urtebete eta erdi Oiartzungo Udalak etxebizitza politika integrala onartu zuenetik. Helburuetako bat etxebizitzen merkatua mugitzea zen. Horretarako etxebizitza hutsen jabeek beren etxeak alokairu sozialera bideratzea sustatu nahi zuten, ASAP Programaren barruan. Etxebizitza duin bat izateko eskubideari erantzun nahi diote horrela, epe motz eta ertainean. Horretarako, Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa jarri zuten martxan, 2016ko irailean. Mamuteko bulego eraikinean dago, bigarren solairuan, Oarsoaldea Garapen Agentziaren eremuan. Izan ere, udalak eta Oarsoaldeak hitzarmena sinatu zuten horretarako.
Oiartzungo Etxebizitza Bulegoak adierazi duenez, programa alde guztientzako onuragarria da. “Oiartzungo Udalari dagokionez”, jakinarazi dute, “Ondasun Higiezinen Zergan %50eko deskontua da, etxebizitza hutsik edukitzeagatik ordaindu beharko luketen %75 gehigarria beharrean”. Ez dira onura bakarrak. Banan-banan izendatu dituzte: “Udalak 60 euroko errenta osagarria emango dio 12 hilabetez. Horrez gain, efizientzia Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko laguntza ere bai (100 eurora arte). Azkenik, obren lizentzian %95eko hobaria eta berritzeko proiektuaren finantzaketa (3.000€ arte)”. Trukean, hori bai, programan hiru urtez egotea eskatuko diete. Bost urte izango dira etxebizitza berritzeko laguntza jasotzen dutenen kasuan.
Jabea eta maizterra
Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa etxebizitza hutsen jabeen bila ari da, baita ere horietan biziko liratekeen maizterren bila. Horregatik, bi kasuren berri eman dute: Josune Santesteban etxe jabearena eta Amaiur Martinez maizterrarena. Haiekin izandako elkarrizketa bat helarazi dute:
Nola jakin zenuten etxebizitzak alokatzeko aukera honen berri?
Josune Santesteban: Etxebizitza hutsik zegoen eta noizean behin postontziko mezuak jasotzera pasa ohi nintzen. Halako batean, Oiartzungo Udaletik alokairu sozialaren programari buruzko informazioa iritsi zela ikusi nuen eta interesgarria iruditu zitzaidan.
Amaiur Martinez: Udaletxean lan egiten duen lagun batek informatu ninduen aukera honi buruz.
Eta, zergatik erabaki zenuen alokairu soziala izatea?
Santesteban: Jasotako informazioak kuriositatea sortu zidan eta Oarsoaldea Garapen Agentziako bulegoetara joan nintzen zer esaten zidaten ikustera. Berez, ez nuen asmorik etxebizitza alokairuan jartzeko, baina jende gaztea alokairu merkeago batekin gurasoen etxetik atera ahal izateko aukera on bat zela iruditu zitzaidan. Gainera, alokatzeko garaian sinatzen den kontratuan eskaintzen diren bermeek konpentsatzen zutela ikusi nuen.
Martinez: Alde ekonomikoaregatik, batez ere. Beste alokairu mota bat baino errentagarriagoa da.
Zein baldintza bete behar zituen etxebizitzak programan parte hartu ahal izateko? Betetzen zituen?
Santesteban: Ez naiz oso ondo gogoratzen, baina badakit sukaldea eta komunaren aldetik minimo batzuk eskatu zizkidatela. Hala ere, etxebizitza berria zen eta ez zuen konponketa beharrik, eskatutako baldintzak betetzen zituen.
Eta zuk, zein baldintza bete behar zenituen alokairu mota hau kontratatzeko maizter gisa?
Martinez: Alde batetik, etxebizitzaren errentak bertan bizi diren pertsonen diru-sarreren %30a ez gainditzea zen baldintzetako bat. Honez gain, Etxebiden izena emana egon behar nuen, alokairu erregimenean.
Behin jabe moduan tramite hauek egin ondoren, nolako erlazioa izaten ari zarete bata bestearekin?
Santesteban: Maizterrak edozein gauza behar izan duenean harremanetan jarri izan gara; ordainagiriak eguneratzeko, posta helbideratzeko, etab. Orokorrean, primeran moldatu gara.
Martinez: Jabearekin oraingoz erlazioa ona da. Arazoren bat egon denean eraikitzailearekin, zaborraren ordainagiriarekin… jabearekin hitz egin eta konpondu du. Edozein arazo zegoelarik, berarekin harremanetan jarri izan naiz eta erantzunak egokiak izan dira.
Zein dira kontratua sinatzearekin batera hartutako konpromisoak eta zein berme eskaintzen zaizue?
Santesteban: Betebeharren aldetik, etxebizitza baldintza onetan egotea eta matxurei erantzutea eskatzen zidaten. Bestalde, bermeei dagokionez, errenta ordainduko ez balitz edo edozein kalteren aurrean Alokabidek erantzungo luke eta, gainera, alokairu kontratua amaitutakoan egoera berean jasoko nuenaren ziurtasuna transmititu zidaten. Oiartzungo Udalak ere OHZren %50eko deskontua eta ematen dizkigun diru laguntzak eskertzekoak dira.
Martinez: Alokairuko asegurua kontratatu behar nuen, alde batetik. Bestalde, 1-3 urte bitarteko kontratua sinatzeko aukera nuen eta oraingoz urtebeteko konpromisoa hartu dut, baina luzatzeko aukera dut.
Prozesua erraza iruditu zaizue?
Santesteban: Bai, prozesua erraza iruditu zait. Oarsoaldea Garapen Agentziako bulegoaren bitartez jasotako dokumentazioa eta informazioa egokia izan da. Edozein informazio behar nuenean laguntza eskaini didate bertan. Lehenengo aldia zen zerbait alokairuan jartzen nuela eta jaso dudan laguntzarekin prozesua erraza iruditu zait.
Martinez: Prozesua erraza iruditu zait, nahiz eta lanean jai eguna hartu behar izan nuen Eusko Jaurlaritzarekin kontratua sinatzeko.
Errepikatuko al zenukete alokairu sozialaren esperientzia?
Santesteban: Oso gustura nago, eta uste dut gaudela. Inongo arazorik ez badago, alokairu kontratua luzatzeko aukera egongo da, beraz errepikatuko nuke esperientzia hau. Gaur egun, batez ere gazteak independizatzeko aukera izateko etxebizitzak garesti daude. Kasu honetan etxebizitza ez da oso handia. Bakarrik edo bikotearekin lehen etxebizitza izateko aukera egokia dela iruditzen zait alokairu soziala eta programa honek aukera hau bultzatzen du.
Martinez: Denak horrela jarraituz gero eta arazorik ez balego, lehen esan bezala errepikatuko nuke esperientzia hau eta kontratua luzatzeko eskatuko nuke.