Ernai eta Aitzina gazte erakundeek antolatu dute, 'Sorginkerian dugu independentzia' lelopean
Bosgarren urtez egingo dute Gazte Akelarrea.
Ernai eta Aitzina gazte erakundeek Oiartzun aukeratu dute beren Gazte Akelarrea egiteko. Martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 1ean bukatuko da. Sorginkerian dugu independentzia lelopean, “Euskal Herriko txoko guztietako borroken topagune” izateko helburua du.
Elikaduran, eskaintza kulturalean eta lan boluntario eta militantearen zaintzan indar berezia jarriko dutela iragarri dute. Horrela, kontsumituko dituzten jakiak bertakoak izango dira, eta eskaintza kulturala “herritik sortutakoa eta herriarentzako” izango dela ziurtatu dute.
Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, antzerkiak eta kontzertuak egingo dituzte egun horietan. Martxoaren 31n gazte bazkaria eta eguzkiari agur esateko “akelarre berezi bat” egingo dutela jakinarazi dute. Hala ere, datozen asteetan emango dituzte xehetasun gehiago.
Hirugarren aldia da gazte erakunde independentista batek Oiartzunen egingo dutela beren urteroko ekitaldirik handiena. 1998an Jarraik antolatutako Gazte Topagunea izan zen, eta 2001ean, Haikaldia egin zuten. Ea aurten eguraldia ongi portatzen den.