Portu zaharretik etorkizunera

Mendi, Albaola, Arditurri

2004. urtean Albaolan eraiki zuten Arditurri txapulak festibalean parte hartuko du; 10 lagunek osatuko dute eskifaia. Argazkia: Mendi.

Itsasoaren maitaleek zita oso berezia izango dute udaberrian Pasaian. Kontinente  osotik iritsitako hamaika itsasontzi tradizional elkartuko dira badian, Pasaiako I. Itsas Festibalaren barruan, maiatzaren 17tik 21era bitartean. Pasaiako Udala, Oarsoaldea eta Albaola elkartea izan dira ekitaldiaren sustatzaile nagusiak, eta bidelagun dituzte herriko hamaika gizarte, kirol eta kultur eragile, baita Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere.

«Pasaia eta itsasoaren artean betidanik izan den harremana» ospatzea eta «itsasoa eta itsasoari lotutako bizimodua aldarrikatzea da festibalaren helburu nagusia», Pasaiako alkate Izaskun Gomezek esan duenez.

Udalerriak aldarrikapen horrekin «zor historiko» bat zuela iritzi dio alkateak, eta zor hori kitatze aldera erabaki du udalak festibalaren antolakuntzarekin aurrera egitea, «itsasoak gure historian eta gure kulturan duen eta izan duen eragina nabarmentzeko asmoz».

Turismoaren erakargarri
Fitur-en aurkeztu zuten lehengo astean Pasaiako Itsas Festibala, Madrilen, Espainiako Estatuan urtero antolatzen den turismo azokarik gorenean, eta ez ausaz.  Festibala antolatuta, turismoa erakarri nahi dute. «Pasaia mapan jarri nahi dugu», adierazi du alkateak, «udalerriak eskaintzeko duen guztia ezagutarazi», gaineratu.

Pasaian turismoa goraka ari den arren, «datuekin autokonplazientziazko jarrera ez dugu izan behar» iritzi dio alkateak: «Eskaintza are gehiago zabal dezakegu gurera datorren turistarentzat, beti ere dugun gaitasuna kontuan hartuta».

Festibala, gainera, eskualde osoarentzat onuragarria izango dela defendatu du Izaskun Gomezek: «Turismoa indartuta aterako dela iruditzen zait, ez soilik gure udalerrian, eskualde osoan baizik. Ekitaldi positiboa izango da gurera etortzeko ohitura ez duen publiko bat erakartzeko».

«Itsasoari lotutako bizimodua aldarrikatzea da festibalaren xedea»

Izaskun Gomez

Pasaiako alkatea

Zentzu horretan, festibala «arrakastatsua izatea» eta «Pasaia gure mugetatik kanpo ezagutarazteko baliagarri» izango dela desio du. Horregatik, festibalak denboran irauteko bokazioa duela gaineratu du, eta ahal bada, bi urtero antolatu nahi dutela berretsi: «Nik espero dut  erreferente kultural eta turistiko bat bilakatuko dela».

Guztiena, guztientzat
Festibalak denboran iraungo badu, ezinbestekoa du herriko eragileen inplikazioa. Hala iritzi dio Izaskun Gomezek, eta bat datoz Oarsoaldea Garapen Agentzia eta Albaola: «Alde guztiek argi izan dugu herritarrekin partekatuta behar zuela, eta herritarrek bere ikusi behar dutela festibala, denon artean antolatu behar dela eta denontzat».

Helburu horrekin, bilerak egin dituzte herriko gizarte, kultur eta kirol eragileekin eta alkateak azaldu duenez, «harrera oso ona izan da». Azaldu duenez, urritik ari dira eragileekin elkarlanean. Datu basea osatu dute, elkarteak sektoreka antolatuta, eta bilerak egin ondoren ekarpenak jasotzeari ekin diote. Orain ekarpen horiek ordenatu eta egitaraua osatzen ari dira.

Elkarteen lana eta ekarpenak eskertu ditu, bide batez, alkateak: «Eskertu nahiko nuke elkarte horien guztien lana eta egin dituzten proposamen guztiak, baita festibalari egin dioten harrera ere, ekitaldia denena eta denontzat izango delako». Oraindik ere ekarpenetara zabalik daudela gaineratu du: «Edozein talde, elkarte edo norbanakok zer edo zer proposatu nahiko balu, oraindik garaiz  dagoela jakin dezala». Posta elektronikoz bidal daitezke ekarpenak, edo 943 49 41 29 telefono zenbakira deituz.

‘L’Hermione’, topaketaren harribitxia

Hermione III

Lafayetten gerraontziaren erreplika da ‘L’Hermione’.

Musika, gastronomia, kirol ikuskizunak, erakusketak…  Egitaraua zehazteke, Pasaiako Itsas Festibalak egitarau oparoa izango duela ziurra da. Edonola ere, benetako protagonistak, badia erdian, itsasontzi tradizionalak izango dira.

Jatorri eta tamaina askotako ontzien erreplikak, gertutik etorritakoak batzuk, urrutiko itsasoetatik porturatutakoak beste hainbat, eta guztien erdian, harribitxi bat, L’Herminone ikusgarria.
Lafayettek AEBetako Independentzia Gerrara batzeko erabili zuen gerraontziaren erreplika da L’Hermione, eta horregatik, esanahi historiko handikoa izango da itsasontziak Pasaian egingo duen eskala, frantses markesa bertatik abiatu zelako AEBetara egin zuen lehen bidaian.
Bela zabalera handiko ontzia da L’Hermione. 66 metroko luzera eta 11,24 metroko zabalera ditu 1997an hasi ziren erreplika eraikitzen eta 2014ko irailaren 7an uretaratu zuten.

Erme Pedroso (Albaola elkarteko kidea): «Desfile iraunkor baten antzekoa izango da»

Erme Pedroso

Erme Pedroso, Albaolan, Itsas Kultur Faktorian.

Albaola elkarteko lagunek urte askoan parte hartu izan dute ontzi tradizionalen topaketetan; aurten, baina, haiei dagokie anfitrioiarenak egitea; erronka handia da, baina pozik daude.

Esperientzia luzea duzue antzeko festibaletan, baina ez hainbeste horien antolakuntzan. Erronka ez da makala.
Orain dela urte batzuk topaketa txiki bat egin genuen, eta oso ondo atera zen, baina egia da. Azken urtetan ibili gara mundutik antzeko festibaletan, eta beti izan dugu hemen horrelako bat antolatzeko ametsa. Orain sortu da aukera, udalak pauso bat aurrera eman duelako.

Nola irudikatu festibala?
Bi eremu izango ditu; batetik, uretakoa, eta bestetik, lehorrekoa. Lehorrean, musika egongo da, gastronomia, baita hainbat kulturaren adierazpideak ere.

Galizia izango da ohorezko gonbidatua, eta horrek esan nahi du presentzia berezia izango duela, bai lehorrean, baita uretan ere. Ontzi dezente ekarriko dituzte beren eskifaiekin. Baina Galizia bezala, bretoiak, irlandarrak, euskal elkarteak…

Ontzi oso berezien etorrera iragarri duzue.
Barku handi batzuk etorriko direla ziurra da, tartean L’ Hermione. XVIII. mendeko fragata baten erreplika da, egundokoa, oso polita, eta erakargarri aparta. Iragarri genuenetik, jendea, batez ere frantsesak, deika eta deika ari zaizkigu erreserbak egiteko barkua bisitatu ahal izateko.

Beraz, L’ Hermione barrutik ikusteko aukera izango da.
Bai. Barkua porturatuko da, amarratu, eta geldirik egongo da, oso handia delako, baina bisitatzeko aukera egongo da eta  kanpoan erakusketa moduko bat izango da. Bestelako barku batzuk ere izango dira, eta horiek ere bisitatu ahalko dira, L’ Hermione baino txikiagoak, baina hala ere handiak.

Horiez gain, barku txiki asko egongo dira, guk ditugunen antzekoak, uretan, nabigatzen. Programazio bat egongo da, ordutegi zehatz batekin, eta estropada modukoak egingo dira, belan eta arraunean, badia barruan.
Badiak alde duena da oso polita dela horrelako gauza bat antolatzeko, ontziak lehorretik oso gertu ikus daitezkeelako. Desfile iraunkor baten antzekoa izango da. Asmoa da uretan giroa egotea eta jendea, behingoz, itsasoari begira jartzea.

Jende asko espero duzue?
Izen-ematea zabalik dago eta laster jakingo dugu zenbat barku etorriko diren. Horrek lehen input bat emango digu. L’ Hermione-k jendea erakarriko duela ziur gaude. Horregatik, garraio publikoa indartu eta motora martxan egotea nahi dugu, jendea garraio publikoan etortzeko, eta behin hemen dela, itsasoz mugitzeko aukera izateko.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend