Dena prest da Lezon Trapujale Martizkone baserritik jaisteko

Trapujale

Xanti Val eta Jesus Maria Martiarena, Trapujalerekin, inauterien aurkezpenean.

Bihar banatuko dute inauterietako egitaraua etxeetara, eta gaur goizean aurkeztu dute, udaletxean, Jesus Maria Martiarena alkateak eta Xanti Val kultura teknikariak.

Gaur zortzi hasiko dira inauteriak, Ostegunzuriz, eta urtero legez Trapujaleren jaitsiera izango da festaren unerik gorena, arratsean. Martizkone baserritik Alde Zaharrera jaitsiko da Trapujale, joaldunak lagunduta, eta herritarrek, plazan, pregoia, Trapujaleren dantza eta arranpuila ospatuko dituzte.

Aurten, gainera, oso bisita berezia jasoko dute lezoarrek beren inauterietako egun handian. Lapurdiko Lekorne, Mendiondo eta Gerezietako ikastoletako haurrak etorriko dira Lezoko inauteriak ezagutzera. Trapujaleren dantza ikasi dute, eta plazan dantzatuko dira herriko beste haurrekin batera, 19:30etik aurrera. Harrera egingo die aurretik udalak, 19:00ak inguru.

Ostiralorin, ziriku maltzurren kalejira

Ostegunzuriz izango den bisita, ez da ordea, aurtengo inauterietako berritasun bakarra. Kultur teknikari Xanti Valek jakinarazi duenez, aurten, lehenbizikoz “ziriku maltzurren kalejira berezia” antolatu du Lezoko Gazte Asanbladak ostiralerako. 18:30ean abiatuko da kalejira maltzurra, Gurutze Santuaren plazatik.

Urteroko afaria ere, ez da faltako. Trapujalez jantzita, derrigorrezko zita izango da Lezoko inauteriaz bete-betean gozatu nahi duen edonorentzat. Kiroldegiko frontoian izango da afaria, eta txartelak, 20 euroan, Tiñelun daude salgai. Asteartera arte eros daitezke.

Haurrentzako jarduera ugari

Haurrentzako jarduerak ez dira faltako aurtengo inauterietan. Koko dragoi txiki filma proiektatuko dute txikientzat, Gezalan, igandubelean, eta astelehenarren, berriz, mozorro festa eta txokolate jatea antolatu du Eclipse konpartsak, Salside plazan, 17:30etik aurrera. Hiru mozorro onenak sarituko dituzte.

Ohi bezala, Trapujaleren epaiketa eta herio bidaiarekin bukatuko dira Lezoko inauteriak Asteartebeltzean, baina aurretik badira beste hamaika jarduera, garizuman murgildu aurreko festa zirikatzaileenaz gozatu nahi duen ororentzat.

Aurkezpenean, inauterien antolakuntzan lagundu duten elkarte eta norbanako denen ahalegina txalotu du kultur teknikari Xanti Valek, eta bereziki, Tarpujale Taldearen ekarpena eskertu du “urteetan Lezoko inauteriak haizatzeko egin duen lanarengatik”.

Egitaraua

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend