Euskara pantailan proiektatzen denean
Ikasturte honen hasieran hasi ziren, Lezon, haur eta gaztetxoentzako filmeen emanaldiak euskaraz eskaintzen, Lezoko Zinema Txikia izenarekin. Arrakasta handia izan du, eta badiako beste hainbat txoko zipriztinduko ditu.
Aisia eskaintza bat da zinema txikien helburua, baina batez ere euskaraz izateaIdeia sortu ondoren, lehenik eta behin, Eusko Juarlaritzak bultzatutako Zineuskadi proiektukoekin jarri zen harremanetan. «Filmak euskaratzeko lanean ari da Zineuskadi. Proiektua azaldu nien, eta asko gustatu zitzaien. Gainera, hau izan daiteke beste bide bat egiten duten lana ezagutarazteko, herri txikietara iritsiz. Beraiek lagundu gintuzten, eta horrela hasi ginen. Kontaktuak pasatu zizkiguten, eta banatzaile eta ekoiztetxeekin jarri ginen harremanetan». Haiek ere beso zabalik jaso zuten ideia. Gainera, Lezo herri txiki bat izanda, zinema aretorik gabekoa, are gehiago gustuko zuten proiektua.
Jauzia Pasaiara
Orain arte hamar emanaldi eskaini dituzte, eta hurrengoa hilaren 24an izango da. Saio bikoitza eskainiko dute: 16:30ean Pixkanaka-pixkanaka filma emango dute, haur txikienentzako, eta, 18:00etatik aurrera, Pan, sekula betirako bidaia. Larunbat batzuetan bi saio egiten dituzte, adin guztietako haurrak erakarri nahi dituztelako. Filmen aukeraketari dagokionez, Zineuskadik euren katalogoa pasatu zien, eta Arrietak bere alabarekin batera hautatzen ditu filmak. «Ez dakit asmatu dugun ala ez», adierazi du Arrietak, «baina arrakasta izan du. Batez beste 80 bat lagun hurbiltzen dira saio bakoitzeko, eta gaztetxoek oso kontentu bukatu dute». Baita pozik bukatu ere. Lezotik Pasaiako badiako beste puntu batzuetara salto egingo du:?Pasaiako Zinema Txikia sortu dute, eta Trintxerpeko alkateordetzan izango da lehenengo saioa, hilaren 24an baita ere. Zikoinak filma eskainiko dute orduan. Angel Cuña sanjuandarra da. Azaldu duenez, beste esparru batzuetan topo egiteagatik ezagutzen du Arrieta, baina txikientzako zineklubaren ideia gustuko du: «Zinema gustuko dut, eta Donibanen auditorio on bat daukagu. Agerrek [Arrietak] proiektuaren berri eman zidan, eta esan nion prest egongo nintzatekeela Donibanen gauza bera egiteko». Sergio Elgezabal, berriz, Trintxerpekoa da, eta, barruti horretan, euskarazko aisialdian hutsunea ikusten du. «Zinemaren bitartez egitea ideia ona iruditzen zitzaigun. Guretzako oso erraza izan da, Agerrek lan guztia egina zuelako, eta guk euskara teknikariarekin eta zinegotziarekin hitz egin besterik egin behar izan ez dugulako. Ez ziguten oztoporik jarri, beraz, aurrera», azaldu du Elgezabalek. Pasaiakoa proba moduan egingo dute, apirilera arte. Lehendabiziko bi saioak Trintxerpen izango dira, eta hirugarrena Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Hori bai, pasaitarrek iragarri dute Lezokoaren atzetik joango direla, alegia, Lezon lehendabizi emandako filmak proiektatuko dituztela. Behin proba hori eginda, datorren urtean proiektua finkatu —ala ez— erabakiko dute. «Agerrekin ez dugu kontakturik galduko. Denon artean zerbait egiten badugu, guztion onerako izango da», ziurtatu du Cuñak.Pasaiako Zinema Txikiak lehen saioa hilaren 24rako antolatu duOarsoaldetik kanpo ere jakin dute ideiaren berri. Horrela, herri txiki askotatik deitu diote Arrietari, hala nola Deba, Mendaro edo Larrauldik. Arrieta:?«Ideia bat sortu zitzaidan: zinema aretorik gabeko herri txiki batzuen artean eta Zineuskadirekin, sare bat sortzearena. Horrela, euskarazko filmeei hirugarren irtenbide bat emango litzaieke, zinema areto handiez eta ikastetxeez gain. Ekoiztetxeak-eta garrantzia ematen ari dira horri, beste irtenbide bat ikusten dutelako beren filmak ikusteko». Euskal Herriko ekoiztetxeekin hitz egiten hasi dira, eta bertan egindako filmak sartzen hasteko gogoz daudela jakinarazi dute. Lezoko zineklubaren dinamizatzaileak zehaztu duenez, euren proiektua «herritik herrira» sortutakoa da, euskarak bultzada handi bat behar duela ikusten dutelako, «kariño handiarekin». Hori bai, baliabide eta lokalik ez daukatenez, udaletara joan behar izan dute. Lehenengo zatia, behintzat, arrakastatsua izan da. Zinemaren topikoak hautsiz, bigarrena ere hala izango da.