Munttarperen gizonen taldeak hirugarrenean lortu du: Gipuzkoako Lehen Mailan aritzeko eskubidea irabazi du. Larunbatean, lehen postuaren bila doaz.
Larunbatean, lehen postuaren bila joango da Munttarpe.
Hirugarrenean lortu du. Munttarpe Eskubaloi Klubeko gizonen taldea, Gipuzkoako Lehen Mailako taldea da. Oraindik lau jardunaldi gelditzen dira liga bukatzeko, baina lehen bi postuetako bat ziurtatua dute lezoarrek, hau da, zuzeneko igoera ematen duten postuetako bat Munttarperena da. Aurtengoa hirugarren sasoia zuen klubak, eta Egoitz Goikoetxea jokalariak esan duenez, “hirugarrenean baietz esaldia bete da”.
Saiekoren kontra igandean 23-35 irabazi zuelako gauzatu da igoera. Baina partida bakarrean egindako hori ez litzateke justua izango neurtzea, denboraldi osoan Munttarpek egin duenari erreparatu gabe: orain arte jokatutako 13 partidetatik 12 irabazi dituzte —horietatik bederatzi
kontrarioak baino gol kopuru bikoitza edo gehiago sartuz—, eta bakarra galdu. Orotara, aldeko golak 451 eta kontrakoak 230; ia bikoitza aldeko golen kopurua.
Iaz batez ere, igoeratik oso hurbil gelditu ziren lezoarrak. Aurten erraz asko lortu dute igotzea, liga bukatzeko lau jardunaldiren faltan (horietako batean atseden du Munttarpek, beraz, hiru partida ditu jokatzeko soilik—. Bi sasoien arteko aldeaz galdetuta, Goikoetxeak nabarmendu du taldea iazkoa baino indartsuagoa dela: “Ioritz Goikoetxea lezoarrak eta Aitor Diaz errenteriarrak indartu dute taldea aurten. Adibidez, Tolosa taldearekin Lehen Nazionalean ibilitakoak dira, haiekin igoera ere lortuz. Bi fitxaketa horiek indar handia eman digute».
Lehen postuaren bila
Munttarpekoak ez dira konformatzen igoera matematikoarekin. Liga irabazi nahi dute,
Gipuzkoako Bigarren Mailako lehenak izan. Eta hori gertatzeko gakoa larunbatean, 18:00etan biziko da: Elgoibar taldea jasoko dute Bekoerrotan.
Liga ia osoan zehar Munttarpe eta Elgoibar lehen postuan puntuz berdinduta joan dira sailkapen nagusian; orain, Elgoibarkoak bi puntuz atzera daude, baina partida bat gutxiago jokatu dutelako. Orduan, larunbatean lezoarrek irabaziko balute, ia ziurtzat jo beharko litzateke lehen postua berdeena izango dela.
Hala ere, partida oso zaila izango dela iragarri du Egoitz Goikoetxeak. Aurten lezoarrek galdu duten partida bakarra Elgoibarren bi taldeek jokatu zutena izan zen, 24-22.
Festa betea izan dadila larunbatean Bekoerrota. Batetik, igoeraz gozatzeko; bestetik, Elgoibarri irabazita, liga lezoarrena dela ospatzeko. Izan ere, azken bi jardunaldietan, sasoia nola joan den ikusita, ez baita Munttarperen tupustekorik espero. Hala bedi.