Hamaika deialdi plazaratu ditu Pasaiako mugimendu feministak datorren asteko lanuztearen bueltan.
Batukada feminista ere egin zuten lehengo ostiralean Donibanen.
Hamaika jarduera antolatu dituzte emakume pasaitarrek martxoak 8ko plantoaren bueltan, eta asteburu honetarako dira lehen deialdiak.
Bizikleta martxa feminista baten bidez deituko dituzte emakumeak lanuztera, larunbatean (hilak 3). Donibanetik abiatuko da bizikleta martxa, 10:30ean, eta Antxora 11:15erako iristea aurreikusi dute. Antxotik Trintxerpera abiatuko dira, eta han 12:00etarako luzatu dute zita. San Pedron bukatuko da martxa, 13:00etan, eta han Bou Nabarratik hasi eta LGTB zebrabideraino zuhaitzak morez jantziko dituztela iragarri dute. Bizikleta martxa feministaren antolatzaileek “morez jantzita eta zarata egiteko prest” joateko eskatu dute.
Bizikleta martxa, hala ere, ez da larunbaterako antolatuta dagoen ekitaldi bakarra. Miren Amurizak eta Onintza Enbeitak Pasaian emango dute eguna. Eguerdian Donibanen ariko dira bertsotan, Bixi-Bixi elkarteak antolatutako bertso bazkarian, eta gauen, berriz, Pasaian Antxoko Basari elkartean TOPAguneak antolatutako bertso afarian. Bi otorduetarako txartelak salgai daude jada. Donibanekoak Berezi Okindegian, Itziar tabernan, Bare Bare kafetegian eta Xabiker Harategian, 10 euroan gazteentzat eta 15 euroan helduentzat, eta Antxokoak Kamio eta Leunda tabernetan, 15 euroan soldatadunentzako eta 10 euroan soldata gabeentzat.
Martxoak 8rako egun osoko egitaraua
Gorriz azpimarratutako eguna, edonola ere, martxoak 8a da, datorren asteko osteguna. Lanuztera daude deituta emakumeak, lantokietan zein etxeetan, zaintza, etxeko lan eta erosketak bertan behera uztera, eta Pasaiako mugimendu feministak egun osoko egitaraua antolatu du emakumeak plazara protestara bil daitezen.
Antxon, 11:30ean elkartuko dira Gure Zumardian, eta 12:00etan elkarretaratzea egingo dute RENFE geltokiaren parean. Elkarretaratzea bukatuta, “herriari buelta zaratatsua” emango diote, eta bazkaria ere antolatu dute, norbere etxetik ekarritako otorduarekin.
Arratsaldean, berriz, dantza komunitario saio batekin ekingo diote protestaldiari, Gure Zumardian, 16:00etan, eta 18:30ean eguneko bigarren elkarretaratzea egingo dute, Gure Zumardian. Antxoko elkarretaratzea bukatuta, Errenteriarantz abiatuko dira eskualdeko mugimendu feministak bertan antolatu duen manifestazioan parte hartzera (19:30ean, Herriko Plazatik).
San Pedron ere badira deialdiak martxoak 8rako. 12:00etan elkarretaratzea egingo dute frontoian, eta 20;:00etan toki berean
kazerolada. Eskualdeko manifestaziora joateko deialdia ere luzatu dute.
Deialdi gehiago ere iragarriko ditu mugimendu feministak datozen egunetan. Harremantxok
ipuin lehiaketa martxan du, eta Bixi-Bixik autodefentsa feminista ikastaro bat prestatzen ari da hilaren 10erako. San Pedron, martxoaren 7an, 19:00etan
Elena filma proiektatuko dute Ertin, eta martxoaren 10ean, bakarrizketa eta
pikoteoa izango dira Antxetan.
Edonola ere, egitaraua osatu ahal HITZAk horien guztien berri emango du.