Ipuinek batu dituzte Ozeanoaren bi aldeak
Ventana a la Diversidad eta Haziak proiektuek Oiartzun eta Yucatan lotu dituzte. Mexikoko ipuin batekin marrazkiak sortu zituzten, eta hari erantzun diote hemen
Guille Maceiras apirilean joango da Mexikora, eta Oiartzunen egindako marrazki bizidunak erakutsiko ditu hanMartiarenak azaldu duenez, Hunucma herriko gizonezko batek —Anacletok— kontatutako ipuina entzun dute haiek, euskarara itzulita, eta hango haurrek egindako marrazkiak ere ikusi dituzte. “Soinurik gabe ikusi zuten hasiera batean, eta ea zer ulertu zuten galdetu genien. Ulertu zutenarekin, guk ipuina kontatu genien”. Haurrak desagertu egiten dira Mexikoko X’tabay ipuinean; X’tabay izeneko emakume batek eramaten ditu. Haziak proiektuko kideek antzeko ipuin batekin topo egin zuten Oiartzunen. “Ergoien auzoko Olaizarre baserriaren eta Iturriozko dorretxearen artean gertatzen da istorio hori, eta sorginkeriarekin du zerikusia”. Berehala aurkitu zuten bi ipuinen arteko lotura. “Haurrak desagertu egiten dira Oiartzunen ere, baina genero indarkeriaren eraginez. Aita batek ama egurtu eta giltzaperatu egiten du. Mutikoa gaizki sentitzen da etxe horretan, eta bere kabuz alde egiten du”, azaldu du Martiarenak. Haziak proiektuko kideak uste du “gai aproposa” dela horren inguruan sentsibilizazioa sortzeko eta haurrek hausnarketa egiteko. Hiru orduko hiru saiotan banatu zuten tailerra. Lehen saioan, ipuina entzun zuten, eta zenbat eszena, pertsonaia… egongo ziren erabaki zuten; bigarrenean, berriz, kutxa magikoak egin zituzten. Horretarako, zulo bat egin zuten kartoizko kutxa baten aurrealdean, eta paper begetaleko orri bat jarri bertan. Aluminiozko papera eta bonbillak barruan sartu, eta zulotxo bat egin behar izaten zaio atzean, bideokamera edo sakelakoa sartzeko. Dena grabatzen da haurra marrazten ari den bitartean, eta guztiak elkartzean sortzen dira marrazki bizidunak. Hirugarren saioan hartu zituzten esku artean tenpera eta errotuladoreak. Emaitza “bikaina” izan zela azaldu du Martiarenak. “Bederatzi ordu pasatu zituzten elkarrekin, eta ahalegina handia izan arren, oso aberasgarria izan zen”. Haziak elkarteko kidearen hitzetan, “erabatekoa” izan zen haurren parte hartzea. “Elkar ezagutzeko parada izan zuten, gainera, eta baita beste kultura batzuk ezagutzeko aukera ere. Herriko bi ikastetxeetako 7 eta 12 urte arteko haurrak zeuden bertan.