[Bideoa eta galeria] Pazientzia agortzen ari zaie

Emakumeen egoera latza nabarmendu dute gaurko mobilizazioetan.

Emakumeen egoera latza nabarmendu dute gaurko mobilizazioetan.

Pentsio duinen alde bete ditu kaleak gaur, berriz ere, Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak. Gaurko elkarretaratze eta manifestazioa, inoizko jendetsuenak izan dira, 1.300 lagunek egin dutelako bat deialdiarekin. Pentsio duinak eskatu dituzte, eta gaur emakume pentsiodunak izan dira protagonistak Martxoaren 8ari keinu eginez. Duintasunak askotan salatu du emakume pentsiodunena, eta bereziki alargunen egoera dela lazgarriena. Bi emakumek irakurri dute idatzia gaur, eta lehen hitzak, indarkeria matxistak hil dituen 49 emakume eta zortzi haurrentzat izan dira, “haiek oroitu nahi ditugu lehenik eta behin, gaur”. Txalo zaparradarekin erantzun dituzte hitz horiek bildutakoek.

Emakumeen egoerari egin diote erreferentzia ondoren, eta nabarmendu dute etxean eta etxetik kanpo lan egin behar dutela, “etxean hamabi orduko lana dugu eta 24 orduko guardia txandak txikienak, gaixoak edo adinekoak zaintzeko”. Belaunaldiz belaunaldi politikatik, feminismotik edota sozialki egindako borroken ondoren lortutakoak galtzeko prest ez daudela esan dute, haserre, “pentsiodunei diru zorroa agortzen ari zaigulako, baita pazientzia ere, eta ez gaudelako prest bidegabekerien aurrean erantzun gabe gelditzeko, ez gaude prest urte luzeetako borrokekin irabazitakoa galtzeko. Emakumeak gara, amak, amonak; iragana gara, eta etorkizuna, ez gaituztelako isilduko, ez oraindik”.

Emakumea eta alarguna

Errenteriarra da Maite Zubillaga, alarguntza pentsioa jasotzen du eta hilabetea “justu-justu” pasatzen duela dio, “ikasten duzu daukazunarekin moldatzen, besterik ez dago, eta hori emakume alargun askoren errealitatea da”. Duintasunaren deialdiarekin bat egin du, gaur ere, pentsio duinak eskatzeko. Alderdi politikoei eskaera zehatza egin die, “pentsiodunei dagokiguna ematea, besterik ez dut eskatzen”. Aspalditik hartzen du parte Duintasunaren elkarretaratzeetan Ana Mari Ugalde errenteriarrak, “ea poliki-poliki lortzen dugun gure eskaerak aurrera ateratzea, apur bat mugitzen dugun”. Pentsiodun eta jubilatuen mugimendua handitzen ari dela dio, eta garrantzia hartzen, “azken batean, denok egin behar dugu gurea eskaera hau, parte hartu”. Emakumeen egoera txarra dela aitortuta, okerrena alargunena dela esan du errenteriarrak, “inoiz etxetik kanpo lan egin ez dutenena, eta hortaz, kotizaziorik ez dutenena da latzena. Zigortuenak beraiek dira”. Jubilatuta dago bera. Hamalau urterekin hasi zen lanean eta nahikoa urteko kotizazioa biltzea lortu duela dio, “nire egoera ez da, beraz, hain larria. Alargunak babestu behar ditugu”.

Alderdi politikoei pentsatzeko eskatu die, “adinean aurrera egiten ari garen bezala ahulagoak gara, segurtasun falta handiagoa dugu. Umiliazio modu bat da gobernua gurekin egiten ari dena, beti lanean eta orain baztertu. Gauza batzuetarako ateratzen du dirua, eta beste batzuetarako ez”.

Emiliana Santamaria ere Errenteriakoa da. Alargundu egin zen duela bost urte eta pentsio “ziztrina” duela azaldu du: “ZBDA Zahartzaro eta Baliaezintasuneko Derrigorrezko Asegurua jasotzen nuen, 400 euro eta handik 100 euro kendu dizkidate. Alarguntza pentsioa ere oso txikia dut eta sei seme-alaba eta zortzi biloba”. Pentsio duina eskatzeko egin du bat Duintasunaren elkarretaratze eta manifestazioarekin eta alderdi politikoei pentsiodunak hobeto zaintzeko eskatu die. Hilabeteko lehen asteleheneko deialdian ez du kale egiten Luisa Lorenzok. Alarguna da bera ere, eta argi dio: “%0,25eko igoera iraina da, burla. Emakumeak bereziki zigortzen gaituzte. Alargun geldituta, senarraren pentsioaren %52a baino ez dugu jasotzen”. Alderdi politikoei ere eskaera zehatza egin die Lorenzok, pentsiodunen egoera ekonomikoa hobetzea: “Zergatik ez digute alarguntza pentsioan senarraren pentsioaren %75a uzten? Ez ginateke ondo biziko, baina orain baino hobeto bai”.

Jarraitzeko prest

Herriko kaleetan barrena manifestazioa egin du Duintasunak elkarretaratzea amaituta. Bidean, Sabadell banketxearen egoitzaren aurrean gelditu da manifestazioa. Bertan ziren esku orriak banatzen Stop Kaleratzeak elkarteko kideak, banketxe horri, herritarrek eskatutakoa bete dezala exijitzeko. Stop Kaleratzeak plataformari babesa erakutsi dio Duintasunak.

Manifestazioa amaituta pozik azaldu da Duintasunako kidea den Jose Mari Uria, “elkarretaratzea eta manifestazioaren balorazio baikorra egin nahi du elkarteak, azkenekoan baino jende gehiago bildu garelako gaur. 1.300 lagunek egin dute bat deialdiarekin eta pozik gaude oso”. Jendea “ahalduntzen” ari dela erakusten duela horrek erantsi du Uriak, “bere egoeraz jabetzen ari da, eta mobilizazio dinamika ez dugu geldituko gure eskaerak lortu arte. KPI igoera ezartzearekin ez gara konformatuko eta argi utzi nahi dugu, 1.080 euroko pentsio duinen eskaera ikutuezina dela. Bidean, sei urte hauetan ezarritako murrizketa guztiekin atzera egitea eskatzen ari gara gainera”.

Eusko Jaurlaritzari bi eskaera zehatz egin dizkio, pentsiodunei gauzak errazteko, eta DBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketak egin beharrean lanbide arteko gutxieneko soldataren pare jartzea: “Berriro ordaintzen ditugun botiken dirua itzultzeko, pentsiodunek atzera eta aurrera ibili behar dugu eta kasu batzuetan ez dira gai, hortaz, diru hori jaso gabe gelditzen dira hainbat pentsiodun. Osakidetzan datu guztiak dituzte, beraz, horrela ibili beharrean, adinekoei gauzak errazteko exijitzen diogu. Bestalde, DBE murriztu beharrean lanbide arteko gutxieneko soldataren pare jartzeko eskatzen diogu, emakume askok aurrera egiten dutelako pentsio ziztrinei DBE gehituta. Hortik gainera, 1.080 euroko pentsioak osatzea behar du hurrengo urratsak, euskal herritarron errespetua nahi badu”.

Hurrengo hitzordua ere egin dute. Pentsiodunek mobilizazio eguna deitu dute hilaren 17an. Duintasunak Errenteria-Oreretan egingo du 18:00etan,  bildutakoen gehiengoak gaur hala erabakita. Pentsioena ez dela soilik jubilatu eta pentsiodunen arazoa esan dute, “belaunaldi gazteek guk baino ilunago dute etorkizuna”, eta hori horrela, pentsiodun eta jubilatuak, haien seme-alabak, ilobak eta bilobak deitu dituzte bat egitera.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend