Miren Mendarte zendu da. Frankistek hildako Serapio Mendarte, bere aitaren gorpua non den jakin gabe joan da 88 urterekin.
Miren Mendarte udalak frankistek hildako aita eta beste lau udal langileri antolatutako omenaldian.
Miren Mendarte zendu da.
Serapio Mendarte, bere aitaren gorpua non den jakin gabe joan da 88 urterekin. Serapio Mendarte Errenteriako Errepublikako azken udalbatzako zinegotzia, duela 82 urte fusilatu zuten frankistek Artxandan (Bizkaia), eta udalak Mendarte bera eta frankistek hildako beste lau udal langileri omenaldia egin zien 2016ko irailean.
Memoria ekitaldia izan zen omenaldi hartan, lore sorta jasotzeko unean hitza hartu zuen Miren Mendartek gutuna irakurtzeko, eta hala esan zuen hitzez hitz: “Jasotako lore sorta ederra aitonaren hobiaren oinetan jarri nahiko genuke, berea baita, bere omenez eman baitiguzue. Baina ezin dugu. 80 urte joan dira eta ez dakigu zein bide bazterrean utzi zuten, non egin behar dugun negar. Badakigu hornigaiez betetako kamioia lagun gudarienganako bidean etsaiek alto egin, eta preso zituztela tiro egin eta alde egin zutela, aita, aitona Serapio bide bazterrean utzita. Malkoak lehortu ziren giro gaiztoan bizitzen ikasi genuen, eta halako batean aire berriak etorri zaizkigu. Lurrak, udaberriko mitxoleta gorriak ernatzen dituen bide bazterretan, gure senideak aurkitu eta etxeko atera ekarri nahi ditugu. Inoiz lortuko dugu? Orduan askatuko da gure iraganen korapiloa eta lore sorta ederrak jarriko ditugu beren hilobien oinetan”.
Ametsa zuen aitaren gorpua aurkitzea, baina lortu gabe joan da, berak aipatutako “iraganen korapiloa” askatu gabe.
Miren Mendarte gogoratu du Julen Mendoza Errenteriako alkateak, twitter mezu bidez.
Pikoketa, Oarsoaldeko Errepublikazaleen Elkarteak ere, tristura azaldu du Mendarteren heriotzagatik: “Gogoan dugu Miren [Mendarte] pasa den apirilean herriko plazan errepublikaren bandera eta ikurrina mastan gora igotzen, edo udalak frankismoak hildako zinegotzia eta lau udal langileak omentzeko egin zuen ekitaldian”. 1928. urtean jaioa, uko egin zion gizartea isiltasunean eta ahanzturan oinarrituta eraikitzeari, “frankismoaren gau luze eta iluna bizi, baina etorkizun askea eta duinaren itxaropena mantendu zuten pertsona horietako bat izan da. Milaka eta milaka pertsonei ukatzen saiatzen diren duintasuna, oraindik orain, ez dakitelako zein bide bazterrean dauden hil zituzten beren senideen gorpuak”.