Ongietorri Oiartzunera! 'Degemer mat Oiartzun'!
Bretainiako Gwiseni herriko diwaneko 47 ikasle eta lau irakasle Oiartzun bisitatzen ari dira; gaur ongietorri ekitaldia egin diete udaletxean
Udaletxeko pleno aretoan egin diete harrera, gaur goizean.
Oiartzun eta Bretainiaren artean aspaldi hasi zen harremana. Mende laurden baino gehiago da Karaez herriarekin senidetu zirenetik. Urte askotan gertatu den bezala, hainbat bretainiarrek egunak pasatuko dituzte Oiartzunen. Kasu honetan, baina, ez dira Karaezekoak, Gwiseni herrikoak baizik.
Bertako diwaneko —bretoiera hutsez eskolak ematen dituzten ikastetxeak— 47 ikasle eta lau irakasle Oiartzunen dira, Haurtzaro Ikastolarekin egindako elkartrukean. Hamar egun pasako dituzte herrian, ikasleen etxeetan. Eneritz Arbelaitz alkateordeak eta Joxan Eizmendi Kultura teknikariak harrera egin diete, udaletxean, “Ongietorri!” [edo
Degemer, bretoieraz] esateko.
Gwiseniko ikasleek Oiartzun eta inguruak ezagutuko dituzte. Ziur egun politak pasatuko dituztela herrian, eta esperientzia ahaztezina izango dela.