Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini babesa emateko manifestazioa egin zuten larunbat arratsaldean Azpeitiako kaleetatik zehar.
Larunbateko manifestazioaren irudi orokorra.
Urola Kostako Hitzatik hartutako informazioa
Apirilaren 12ko epaiketaren atarian, ehunka lagun bildu ziren larunbat arratsaldean Azpeitian, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu ohi azpeitiarrari eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohi lezoarrari elkartasuna erakusteko eta “errauskailuak alternatibak badituela aldarrikatzeko”. Eguraldiak lagundu ez zuen arren, lau haizetara zabaldu nahi izan zuten elkartasun mezua.
2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik epaituko ditu Errazkin eta Intxaurrandieta Madrilgo Kontu Auzitegiak hilaren 12an. Erabaki horrek eragindako kalte ekonomikoa Errazkinek eta Intxaurrandietak beren gain hartzea nahi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) –gaur egun EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa–, eta horrenbestez, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen dute bi auziperatuentzat.
Duela hilabete hasi ziren larunbateko mobilizazioa antolatzen, eta bi auzipetuenganako elkartasun aldarriak Azpeitian “babes zabala” izan duela azpimarratu zuten haren sustatzaileek. Hain zuzen, herri horretako hemezortzi taldek babestu zuten manifestazioa. Errazkini eta Intxaurrandietari egin nahi dietena “larria” dela uste dute denek: “Larria da egin nahi dutena, larria da egiten ari direna. Kaleak hartu eta presioa antolatzea beharrezkoa sentitu dugu egoera honen aurrean”. Horregatik, kalera irten ziren larunbatean,
Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna, alternatibak badaude lelopean. 18:30ean hasi zen mobilizazioa Azpeitiko plazatik, eta leku berean amaitu zen. Bertan hitza hartu zuen herri mugimenduko kide batek, mobilizazioa babestu zuten eragile guztien izenean.
Haien ustetan “eredu kapitalistak alternatibak izan ditzakeela erakustea” zigortu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak: “Errauskailuaren atzean itzeleko interes ekonomikoak egon dira hasieratik, eta interes ekonomiko horien atzean enpresari, politikari, banku eta komunikabide boteretsuak daude. Horien guztien interesak kolokan jartzea epaitu nahi du aldundiak”. Manifestazioaren deitzaileek uste dute “gizarte ereduen arteko talka” dagoela hondakinen gatazkaren jatorrian: “Alde batean daude kapitala metatzea helburu nagusi dutenak, horretarako natura ustiatu eta pertsonen osasunari kalteak eragiteko erreparorik ez duten horiek guztiak. Aurrean gauzkate gu, lurra eta bizitza erdigunean jarri nahi ditugunak, hondakinen kudeaketa zentzuzko bat aldarrikatzen dugunak”.
“Errauskailuak baditu alternatibak” larunbateko mobilizazioaren deitzaileen aburuz. Izan ere, adierazi dutenez, “Gipuzkoako hainbat herritan lortu diren birziklapen tasek erakusten dute posible dela hondakinak beste modu batera kudeatzea”. Baina “hondakinen kudeaketa eraginkor eta zentzuzko bat lortzeko” herritarren eta erakundeen “konpromisoa areagotzea beharrezkoa” dela azpimarratu dute. Horregatik, “errepresioaren forma ezberdinen aurrean elkartasuna antolatuz, eta aldaketarako indarra eginez” jarraituko dutela adierazi dute. Errauskailua gelditzeko erabakia “bururaino” eraman zutelako bi auzipetuei eskerrak emanez bukatu zuten hitzartzea herriko eragileek.
H
artutako erabakiaz “harro”
Errazkin eta Intxaurrandieta, manifestazioa bitartean.
Errazkinek eta Intxaurrandietak ere hartu zuten hitza, Azpeitian elkartu ziren ehunka lagunek txalo zaparrada artean. Jaso zuten babesaz jabetuta, hunkituta eta “egindakoaz oso harro” agertu ziren biak.
GHK-ko lehendakari ohia izan zen hitza hartzen aurrena: “Egindakoaz oso harro gaude, berriro eta mila aldiz egingo genuke berdina, argi genuelako hori ez zela bidea. Errauste planta kaltegarria zen gipuzkoarrontzat eta hori ezin genuen onartu. Zuen babesarekin eta indarrarekin, Madrilen esango dugu herritarrok dugula boterea. Botere hori erabili genuen kaltegarria zen azpiegitura bat galdetzeko. Zuen babesarekin indartsu, burua tente, irrifarrearekin eta borrokan jarraituko dugu”.
Ingurumen diputatu ohiak, hasteko eskerrak eman zizkien elkartu ziren pertsona guztiei. Errazkinen hitzetan Foru Aldundiaren xedea izan da beren aurka egin dutenei eskarmentua ematea: “Guk herri mandatu bat bete genuen. Horretarako jarri gintuzten, horretarako aurkeztu ginen. Ardura instituzionalarekin alternatibak eraiki nahi genituelako, benetako aldaketa politikoa egin nahi genuelako. Hau ez da erraustegiaren inguruan sortutako zerbait. Aurreko legealdian oso urduri jarri ziren guk hartutako zenbait erabakirekin. Orain, eskarmentua eman nahi digute”.