Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kontra aurkeztutako auzia salatzeko, Lezoko EH Bilduk agerraldia egin zuen.
Politikariez gain, herritarrak ere gerturatu ziren agerraldira.
Joan den urriaren 8an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egindako batzarrean, aurreko legealdian GHKren presidente izan zen Ainhoa Intxaurrandieta lezoarraren, eta Iñaki Errazkin orduko Ingurumen diputatu azpeitiarraren (biak EH Bilduren batzarkideak 2011-2015 legealdian)
kontrako auzia zabaldu zuten, 2013an errauste plantaren proiektua gelditzeagatik. Horren harira, Lezoko EH Bilduk, lezoar ugarirekin batera, agerraldia egin zuen atzo. Bertan, legealdi ezberdinetan ezker abertzaleko eta EH Bilduko alkate eta zinegotziak izan ziren. Hitza, aurreko legealdian Lezoko alkate izandako Ainhoa Zabalok hartu zuen.
Agerraldian, lehenik, “elkartasun eta babes osoa” adierazi nahi izan zieten Intxaurrandieta eta Errazkini. Salaketaren arrazoia politikoa dela “oso garbi” dute, baita aurreko legealdian “Gipuzkoa beste modu batez kudeatu daitekeela” frogatu dutela. Lezoarrentzat salaketa ez da bien aurkako salaketa bat, “egiteko modu baten” aurkakoa baizik. Batzarkideen aurka jarritako salaketarekin “joko zikina” erabili dutela nabarmendu zuten eta bere garaian hartutako erabakia GHKren administrazio kontseiluak eta batzarrak hartutakoa izan zela. EAJ eta PSEren jokaera “oso zikina” bezala definitu zuten, eta “xantaia eta koldarkeria” erabili dituztela.
Bukatzeko, Intxaurrandieta eta Errazkinez “oso harro” azaldu ziren, eta defendatu zuten haiek landutako eredua herritarrentzat egokiena dela.