Lezoko Udalak 40.000 euro bideratuko ditu auzo interbentzioak egiteko; anfiteatroadagoen parkea hobetzeko diru partida herritarrei entzunda erabakiko dute
Miguel Angel Sanchezek eta Jesus Mari Martiarenak aurkeztu dute parte hartze prozesua.
Lezoko Udalak Altamira auzoa hobetzeko prozesua martxan jarriko du. Datorren larunbatean, hilak 12, hasiko da eta hilaren 27ra arte iraungo du. Gaur aurkeztu dute prozesu hori, auzoko anfiteatroan. Jesus Mari Martiarena alkatea eta Miguel Angel Sanchez Hirigintza zinegotziak eman dituzte azalpenak.
Tokia ez dute kasualitatez aukeratu. Izan ere, 40.000 euro bideratuko dituzte auzoa hobetzera, eta diru partida horretaz gain, beste kopuru bat gordeko dute anfiteatroa dagoen parkerako. Diru kopurua zein izango den erabaki baino lehen, bizilagunei entzungo diete.
Horretarako, auzotarrek beren ekarpenak egin ditzakete, nahiak, beharrak eta kezkak azalduz. Hainbat modu izango dituzte horretarako. Alde batetik, udalak eskuorriak bidaliko ditu auzoko etxe guztietara, eta behin beteta, Altzate auzo elkartean eta igerilekuetan jarriko dituzten buzoietan utz daitezke eskuorri horiek.
Hori 12tik 27ra egunero erabil daitekeen bidea izango da. Bestela, beste data batzuk jarri dituzte, prozesu indartze aldera. Hilaren 16an auzo elkarteko terrazan informazio karpa bat jarriko dute. Gainera, hilaren 23arako auzotarrentzako tailer bat antolatuko dute, 18:00etatik aurrera. Kasu horretan, besteak beste, Altamirako parkeak izan ditzakeen erabilerei buruz ariko dira. Gainera, udalaren webgunera inkesta bat igoko dute.
Udal gobernuko kideek azaldu dutenez, euren helburua herria herritarren beharretara ahalik eta gehien egokitzea da. Horretarako, auzoz auzo prozesuak martxan jarri dituzte, eta orain iritsi da Altamiraren txanda.