Bi auzoetako bizilagunen eskaerari erantzun nahi dio udalak; hamar bat aste iraungo dute lanek, oinezkoen mugikortasuna hobetu eta segurtasuna bermatzeko
Altzibarren hasi dituzte obrak.
Altzibar eta Iturriotz auzoak lotzen dituen espaloia konpontzeko obrak hasi dituzte. Hamar aste inguruko iraupena izango dute, eta 186.000 euroko kostua. Agerre-alde eta Zelaia etxadia elkartzen diren puntua izan da obren abiapuntua, Altzibarren, eta Iturriozko Ziara kaleraino doan bidea konponduko dute.
Altzibartar zein iturrioztarrek auzo batzarretan egindako eskariei erantzun nahi die udalak. Espaloi horren egoera hobetzea plazaratu zuten bilera horietan. Udalak eskaera jaso, eta oinezkoen bidea txukuntzeko konpromisoa adierazi zien. Izan ere, ziurtatu dute udalaren lehentasunetako bat dela oinezkoen mugikortasuna bermatzeko bide seguruak sortzea eta, behar den kasuetan, hobetzea.