Madalensoro pilotalekuan jokatu dituzte lau kategoriatako finalak; frontoira hurbildu ziren zaleek partida orekatuekin gozatu zuten
Bukatu da Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiaren 35. jardunaldia. Larunbat arratsaldean jokatu zituzten lau kategoriatako finalak, Madalensoron, giro ederrean. Hurbildu zen zale mordoak partida orekatuekin gozatzeko aukera izan zuten.
Hirugarren Mailan, Anoetako Luixa anaiek hamahiru tantotan utzi zituzten Agirre eta Mendigain. Finalean ez ziren ehuneko ehunean aritu, aurrelariak zaintiratua zuelako hankan, eta atzelaria orkatilako arazoekin. Bi anaien arteko kimika ona erakutsi zuten partidan, eta ez zuten txapela eramateko arazorik izan.
Bigarren Mailan, berriz, Arrizabalaga eta Lizarralde elgoibartarrek 25-19 irabazi zieten Andueza eta Rodriguez urretxuarrei. Azkeneko tantotan erabaki zen partida, eta faborito zirenek lortu zuten aurreikuspena betetzea. Horretarako laguntza ederra izan zuten: Elgoibartik hurbildutako 25 bat lagunek bikotearen
hirugarren jokalari papera bete baitzuten.
Emakumeen kategorian, berriz, beste senide batzuek lortu zuten txapela: Aiako Eizmendi ahizpek. Rodas eta Arrillagari irabazi zieten (25-19). Azken horrek, pilotari indartsua izan arren, pilota asko galdu zituen. Gainera, bi ahizpak oso txukun aritu ziren.
Gizonen maila nagusiari dagokionez, Salaberria eta Huegun gipuzkoarrek izan ziren onenak, Arriaga eta Undari irabazita. Hamasei tantotan utzi zituzten bizkaitarrak.
Partiden ondoren, sari banaketa egin zuten. Girizia elkarteko kideez gain, udaleko ordezkariek —txapelketa antolatzen laguntzen dute— eta Josetxo Gamio zenaren senideek banatu zituzten garaikurrak. Txapelketa behar den moduan bukatzeko, pilotariek Girizian afaldu zuten.