Sanpedrotarra Arraun Elkartea liga nagusiko beteranoetako bat da. Alde ekonomikoan, olatu onik harrapatu gabe jarraitzen dute, eta kirol arloan aurreko urteen uberan joateko asmoa dute
‘Libia’-koak maila mantentzeko helburuarekin irtengo dira uretara.
Sanpedrotarra Arraun Elkartea prest da Eusko Label Ligari aurre egiteko. Diru gabe, baina izarrak eurekin egotea espero dute. Izan ere, aurtengo helburua mailari eustea izango da, beste behin.
Klub moreak arazo ekonomikoak ditu, Antxon Corman presidenteak aitortu duenez. «Mugara iristen ari gara, eta horrela jarraitzea gogorra izango da. Kirol mailari dagokionez, agian lehenengo mailan egon gaitezke, baina ekonomikoki zalantza handiak ditugu. Esaten den bezala, gerra-ekonomia batean gaude», zehaztu du. Esan du ez dutela zorretan sartu nahi, eta oraingoz aurtengo denboraldia eta datorrena bakarrik ziurtatuta dauzkate. «Hortik aurrera, agian agur esan behar diogu lehenengo mailari», atsekabetu da. Hala ere, babesle baten bila ari dira, eta orain esku artean «zerbait» badutela jakinarazi du Cormanek: «Pasa den astetik ari gara teorikoki babesle izan daitekeen batekin. Gainera, guregana etorri dira, zer edo zer egin nahi dutela. Txostenak ea bihar [astearteagatik] bidaltzen ditudan, eta gauza handirik ez baldin bada ere, laguntza handia izango litzateke guretzako».
Ez da babeslerik ez duten lehenengo urtea, eta beste babesleen interesekin talka egin zuten bere garaian aurkitutakoak. «Ligak baditu bere konpromisoak, eta kontua da aurkitu genuena garagardo enpresa bat zela, eta San Miguelekin talka egiten zuen. Inposatzen zuten beraiek bakarrak izatea», adierazi du.
Uste du hainbat urtez indarrean egon zen eredua agortuta dagoela. Garai batean, harrobitik baino, taloitegiarekin hornitzen ziren Castro, Astillero edo Pedreña bezalako klubak non dauden galdetu du, eta uste du Kaikuk ere bide bera har dezakeela. Kontrara, Donostiarra eta Deustu dira orain ekonomikoki gehien indartzen ari direnak, bere esanetan.
«Harrobiarekin lan egin behar da. Esaten didate arraunaren azkeneko erromantikoa naizela, baina nik ezagutu nuen arraunean, gustukoa genuelako egiten genuen arraun. Egia da urte bukaeran jasotzen genuen dirua oporretarako ongi etortzen zitzaigula…». Egungo egoerarekin alderatuta, adierazi du orain arraunlariek hasieratik zenbat kobratuko duten galdetzen dutela. «Baina horrela da eta onartu behar dugu», penatu da. Gaineratu du dirua edukiko balute, agian beste modu batera hitz egingo lukeela, baina oraingoz ez da hala. «Errusiako aberatsen bat baletor», esaten du umoretsu, «saiatuko nintzateke etxeko jende ona mantentzen eta gustura egoten. Uste dut arrauna lan egitea dela, eta lan eginez gero lortzen dira helburuak».
Cormanek Jaizkibel mendiaren beste aldera begiratu du, eta Hondarribiaren adibidea azaldu du. Duela bospasei urte irabazi zieten estropada gogorarazi du, eta bi kluben arteko diferentzia ekonomikoa dela esan du:?«Hondarribiko talde txapeldun hura mantendu da, eta gureak alde egin du. Hor dago aldea. Kluba ez baduzu ongi gordetzen eta jendea ez baduzu zaintzen, beste klubetara joan egiten dira eta gero eta zailagoa izaten da maila mantentzea».
Herritarren konfiantza
Altxortegiko gorabeherak alde batera utzita, Cormanek esan du pozgarria dela senior mailako 40 arraunlari izatea,
Libia traineruan egon daitezkeen hutsuneak
Kalparra-koek bete ditzaketelako. Igandeko estropada txarrari buelta ematea da lehen helburua, eta gauzak ongi eginda, seigarren eta zortzigarren postuaren artean egongo direla: «Lehendabiziko lau edo bost estropada horiek, psikologikoki kalte handirik ez egiteko, garrantzitsuak izango dira. Hori da gure helburua eta gure pentsamendua, baina klub guztiek egiten dute lan eta aurrenengo eta azkeneko bat egon behar du».
Orain dela bizpahiru urte Sanpedrotarra Arraun Elkarteak momentu txarrak bizi izan zituela gogorarazi du, eta sanpedrotarrek hori ulertu eta konfiantza itzuli dietela esan du. «Hor gabiltzan pertsonak adin bat ere badaukagu, eta beharrezkoa da aurpegiak aldatzea», ebatzi du. Horregatik, iritzi du jende gazteak gehiago hurbildu behar duela klubera, eta euren laguntza jasoko dutela. «Horretan gabiltza. Egon daitezkeen ezberdintasunak jende berri batekin txikiagotu egin daitezke».
Kluba eta zuzendaritza bereizteko eskatu du: «Zuzendaritzakoak etorri eta joan egiten gara, baina klubak hor jarraituko du. Klubari bizkarra ematea zuzendaritzakoak ez ditugulako atsegin, ez da egin behar. Uste dut hori pixka bat zuzendu dugula, eta jende gaztearekin aldatuko dela. Komunikazio hobea dute sektore kritiko horiekin, eta ea aldatzen den gehiago. Uste dut bide onean gabiltzala».
Mikel Arostegi (Libia-ko entrenatzailea): «Aurten zailagoa izango da, igo direnak oso indartsuak direlako»
Hilaren 24an hasiko duzue liga. Zein izango da zuen helburua? Maila mantentzea ala koska bat gorago salto egiten saiatuko da Libia?
Gure helburua ligan mantentzea izango da, iaz bezala. Aurten zailagoa izango da, hala ere. KAE1etik igo direnak —Donostiarra eta Santurtzi— oso indartsuak dira, eta horregatik izango dugu helburu hori.
Beraz, liga indartu da.
Bai, asko indartu da. Libratzea izango da helburu nagusiena, eta hortik aurrera egiten duguna, ongietorria izango da.
Igandean Lekeitioko-Gure Esku Dago Banderan atera zineten, eta hamargarren postuan sailkatu. Nola ikusi zenuen estropada?
Lekeitiora estropada txukuna egitera joan ginen. Hasieran ez ginen konturatu irteera eman zutela, nahiko despistatuta ibili ginen. Presaka hasi ginen, urduri, eta estropada txarra egin genuen. Ezin izan genuen egoera kontrolatu.
Indarrak neurtzeko probarik onena ez zela izan, alegia.
Ez, ez. Gainera, txandatik txandara aldea zegoela uste dut. Kalea ere ez dut uste hain egokia zenik. Baina irteerako despistearekin ezin izan genuen arraunketa egonkortu.
Mugimendu asko egon al dira?
Bajak dozena erdi bat izan dira. Dezente izan dira. Titular izan daitezkeenetatik lau izan dira, nahiko garrantzitsuak. Harrobitik Imanol Sagarzazu igo dugu, eta beste bost bat kanpotik ekarri: arrauna momentu baterako utzi eta bueltatu direnak, beste klub batzuetakoak…
Beraz, merkatura joan behar izan duzue.
Gure klubean, ekonomikoki, ez daukagu ezer; jendea erakartzea ez da oso erraza. Behintzat etortzen dena gogoarekin etortzea duela; gehiago ez dago eskatzerik. Jendeari deitzen diogu, baina… Hori da dagoena, ez dago besterik.
Hirugarren urtea duzu entrenatzaile bezala. Nola sentitzen duzu zure burua?
Gustura nago nire lanarekin. Hobeto egitea badago, baina okerrago ere bai. Ni gustura egiten ari naiz lan. Orain, liga gero eta zailago dago, eta batzuek asko indartzen dute bere taldea. Ni saiatzen naiz daukatenarekin ahal dena egiten.
Esango nuke bigarren txandaren bueltan ibiliko garela, gustura gainera, baina gaudenok ahal den ondoena egitea da helburua. Igandean bezalako akatsik ez egitea da helburua. Ligan, behintzat, ez da tokatu, eta espero dut ez errepikatzea. Horrelako bat berriro egiten badugu, azkenak geratuko gara. Hondarribiari gertatuko balitzaio, beno, baina guri… Ez daukagu ezta palada bat oparitzerik.
Kontxan sartzear geratu zarete aurreko bi urteetan. Zertara bideratuko dituzue indarrak, horretara ala ligan mantentzera?
Uztailaren erdialde edo bukaeratik aurrera goraka hasi ohi gara. Orain lehentasuna liga mantentzea da, eta ongi ari garela ikusten badugu, Kontxan pentsatzen hasiko gara. Beti edukitzen duzu ilusio bat ea datorren urtean Kontxan sartuko zaren, baina liga nola dagoen ikusita… Puntuak pilatu behar dira, eta ahal bezain pronto bi atzean utzi. Guretzako kristorena izango litzateke Kontxan sartzea. Ilusioa beti daukagu, baina errealitateari aurre egin behar zaio.
Ramon Erostarbe: «Formatzea izango da gure helburua»
Datorren igandean [etzi] hasiko duzue KAE2 Ligako denboraldia, Bermeoko V. Bandera estropadan. Nola ikusten duzu Kalparra?
Pasa den igandean proba egin genuen, eta bost mutil gazte genituen traineruan. Hiru hilabete besterik ez daramate arraun egiten. Guretzat uretara ateratzea lorpen bat da. Eta hori da garrantzitsuena. Poliki-poliki jende gaztea formatzea, alegia, datorren urteetara begira. Aurten bat igo da, iaz beste bat… Hori da gure lana.
Ez daukagu ez babeslerik, diru askorik, ez ezer, eta hori izango da gure lana. Pila bat nabaritzen da ekonomikoki horrela ibiltzea. Gu lasai ibiliko gara arraunean.
Hamazazpi arraunlari dira taldean.
Bai, justu-justu. Adibidez, pasa den astean batek utzi zuen. Ikasten ari da, eta udan lan egiteko eta diru pixka bat ateratzeko aukera izan zuen. Arrauna utzi behar izan du, negu osoa gurekin pasatu eta gero. Denboraldiko momentu onenean. Pobrearen etxean horrela dira kontuak…
Iaz 12. postuan geratu zineten. Sailkapenari begira helburuaren bat ba al daukazue?
Ez, ez. Iazkoaren berbera da helburua. Astez aste joango gara. Nik ez dut esango ‘aurten zortzigarren geratuko gara’. Ikastea da helburu bakarra. Pasa den igandean hamahiru arraunlari atera ziren, eta datorren iganderako lau aldaketa egingo ditut, ziurrenik. Hurrengo estropadan berriro egingo dut hori. Nik ez daukat talde finko bat eta gero ordezkoak. Konfiantza hartu behar dute. Harrobia landu nahi dugu.
Libia trainerukoekin entrenatzen al dira?
Bi ibili izan dira, baina oso gutxi. Dena prestatuta daukagu eta zaila da arraunlari berri bat sartzea. Urduri ibili daitezke eta aurten traineruak asko ibiliko dira, gainera: Donostiarra, Santurtzi, Zierbena bera…
Baten bat ziur ariko dela, baina, beno, ea nola joaten den denboraldia eta nola egiten ditugun probak. Momentuan momentukoa biziko dugu, eta eusten saiatuko gara, nahiz eta oso zaila izango den. Espero dugu dena ongi ateratzea.