Sanpedroetako pregoia abestuz agur esango diote 35 urteko ibilbideari.
Berezia izango da aurtengo sanpedroetako pregoia. Ondartxo Abesbatzak bertan abestuko du azken aldiz, eta 35 urteko ibilbideari agur esango dio emanaldi xume baina hunkigarrian. Tirri Tarrak joko du pregoian, eta ondoan izango dute baita ere Sorginarri txistulari taldea, biak abesbatzaren betiko bidelagunak. 20:00etan izango da kontzertua, San Pedroko elizan.
Lekuko faltaren eraginez iritsi da azkenera Ondartxo Abesbatza. Hala ere, bere kideek iragarri dutenez, “ez daude triste” eta “ateak erdi irekiak” utziko dituztela agindu dute, “egunen batean San Pedroko gizon emakumeak lozorrotik esnatu eta beste ibilbide bati ekitea erabakitzen ote duten”.
Herrian erroturiko koroa
San Pedron oso kultur eragile aktiboa izan da bere sorreratik Ondartxo Abesbatza. 1983. urtean sortu zuten “hainbat lagunek abesteko ilusioak hurbilduta”.
Gerora, 1987. urte inguruan, Aingura haur abesbatza sortu zuten, eta Jaizkibel inguruko haur abesbatzen topaketa antolatu zuten baita ere, 300dik gora haur San Pedron bilduz.
Inoizko erronkarik handiena, ziurrenik, 1989. urtekoa izan zen. Gipuzkoako Abesbatzaren V. Topaketaren antolakuntza hartu zuten beregain, eta mila abeslari inguru ekarri zituzten Pasaiara.
Baina, Ondartxok zerbait zaindu badu, horixe, herriko historia izan da. Beti erreparatu diote San Pedroko iraganari, hura haizatzeko asmoz. Horiez gain, nola ez, sanpedrotarrak eta bertako eragile nagusiak. Guztiak izan dituzte kontuan urtero-urtero antolatutako San Pedroko Musika Abesbatza Astean, eta guztiak gogoan abestuko dute astearteko pregoian.