Eraso sexistak madalenetatik ezabatu nahi ditu Errenteriako Udalak. Baleude. ordea, horiei erantzun egokia emateko neurri zehatzak ezarri ditu.
Erasoen aurrean erantzuteko protokoloa ere izango da jaietan.
Udalak apustu irmoa egin du aurtengoak eraso sexistarik gabeko
madalenak izan daitezen. Horretarako, behar adinako baliabideak landu eta ezarri ditu. Horren erakusle dira erasoen berri emateko 24 orduko telefonoa izango dela prest jaiak bitartean, eta aldi berean, herri barruko autobus zerbitzuek gauero lan egingo dutela, auzo guztietara iritsiz: ohiko geltokiez gain, tartekoak ere izango dira (berritasuna da). Udalak jaiak berdintasunean, aniztasunean eta errespetuan goza daitezela nahi du.
Jaiak bitartean edozein eraso sexista izaten bada, honako telefono zenbakira dei egiteko eskatu du udalak: 650 407 858. Erasoa jasan, ikusi, edo horien gaineko zerbait entzun edo informazioa dutenentzako zerbitzua da. Lehen arreta telefono bidezkoa da, baina Garazi Lopez de Etxezarreta Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, telefonoaren beste aldean egongo diren psikologoek espazio fisikoa izango dute jaiak bitartean. Hau da, edozein eraso jasan duenari aurrez aurreko laguntza emateko prest izango dira. “Edozein eraso oso larria da. Intentsitate txikikoak ere. Horien berri ere eman behar da telefonoaren bitartez”.
Izan ere, edozein erasoren berri izan nahi du udalak, erasotua izan denari hasierako laguntza eman (telefonoz edo zuzenean), eta ondoren beharrezko neurri guztiak artikulatzeko: larrialdi zerbitzuen bitartez (092 da Udaltzaingoaren telefono zenbakia, 112 SOS Deiak-ena), eta ondoren, erantzun eta salaketa klabean herriko mugimendu feministarekin.
Baina oroitu. 24 orduz erasoak salatzeko telefono zenbakia honakoa da: 650 407 858.
Etxera, seguru
Herritar orori zerbitzua emateko, baina aldi berean emakumeak etxera izurik gabe, lasai eta era seguruan joateko, madalenak bitartean gau guztietan herri barruko autobus zerbitzua edo Urbanoa martxan egongo dela jakinarazi du udalak. Bi linea izango dira martxan.
Bi linea horietan (behean irteera orduak, eta bakoitzaren bidea), ohiko geltokiez gain, geltoki eta geltoki artekoak, erdibidekoak eskatzeko aukera izango da, hala nahi dutenek etxerako bidea motzago eta era seguruagoan egin dezaten. Berritasuna da hori. Hala, tarteko geltoki horien gaineko informazioa Aralar plazako eta Nafarroa etorbideko 75. zenbakiko geltokietan izango da.
G1 linearen ordutegiak eta bidea
G1 linearen irteera ordutegiak eta bidea.
G2 linearen ordutegiak eta bidea
G2 linearen ordutegiak eta bidea.