Goizean txistularien kontzertu nagusia eta pasakako finalekin gozatzeko aukera egon da; arratsaldean sokatira izan da plater nagusia
Festetako egun handiena da gaurkoa, eta batek baino gehiagok espero du gaurkoa bero handiena egin duen eguna izatea. Kosta zaio Oiartzuni esnatzea, baina behin alferkeria alde batera utzita, herriko kasko ingurua girotzen hasi da. Goizean goiz gaupasazaleen parke tematiko den sokamuturra egin dute, eta 11:30ean errepikatu dute, haur eta gaztetxoentzako.
Sinestunek meza nagusia izan dute, eta ez da
nagusia izan den gauza bakarra izan: Lartaunen 43. Kontzertu Nagusia eskaini dute kontzejupean. Musikarekin beste alde batera joan direnean, pasakako finalak jokatu dituzte, laugarren urtez jarraian.
Sokatira, jendetsua
Xanisteban Eguna ospatzeko familia eta lagun arteko bazkarien ondoren, Elizalde Herri Eskolan familia arteko zirkua egin dute: diaboloak, akrobaziak, ekilibrismoa… Oreka mantentzen saiatu dira hortik ez oso urruti: auzoen arteko sokatira txapelketa ospatu dute, gaur labea zirudien Madalensoro pilotalekuan (ikus sailkapenak behean). Izerdia erruz bota dute tiralariek, eta ikusleen artean fresko antzean zegoenik ez da ikusi.
Sokatira pilotalekuan, eta pilota plazan. Joko zuzenetako erakustaldia egin dute Beheko Plazan, Txostek antolatuta. Haur zein helduak aritu dira jokoan. Gauerako pilota egokituko txapelketa zuten programatuta, Mindararen eskutik.
Musikarekin gozatzeko aukera egon da arratsaldean baita ere. Kastroko iturriaren ondoan, dantza bilera egin dute, eta gaiteroak kalez kale ibili dira. Hori alde batetik. Bestetik, mugimendu feministak antolatutako kontzertu lasaiarekin jende ugarik gozatu du, txosnetan, Malen eta Ekainekin.
Gauean —23:00etan, zehazki— jarraituko du musikak. Bide Batez taldearekin dantzaldia egongo da plazan, eta txosnetan Koban eta Liher taldeak ariko dira.
[Abuztuaren 4ko egitaraua]
Sokatirako sailkapena
Neskak
- Ugaldetxo.
- Altzibar.
- Karrika.
- Iturriotz.
- Gurutze.
Mutilak
- Ergoien.
- Gurutze.
- Arragua.
- Karrika.
- Ugaldetxo.
- Iturriotz.
Galeria