Jose Manuel Ferradas, Errenteriako bizilagunak hilaren 2an Pasaiako Portuan izandako suteaz mintzo da gutunean. Sutetik hilabetera, sutearen sorburuaz eta horrek eragindako ondorioen gaineko berririk eman ez izana salatu du idatzian.
Hilaren 2an pasaiako Portuaren inguruan bizi garen herritarron lasaitasuna asaldatu zuen zortzi ordu iraun zuen dimentsio handiko sute batek. Kilometro askora ikus zitekeen, eta partikula ugari isuri zituen laino dentsoa eragin zuen suteak, eta Lezoko herritarrei –sutetik hurbilen zen herria– leihoak ixteko agindu eskatu zieten.
Hainbat lagunek, maskara jartzea ere erabaki zuten. Bizilagun ugari, berriz, kezkatuta gaude sua itzuli ondoren neurri handi batean Pasaiako Badiaren uretara isuriko ziren sua itzaltzeko baliatu zituzten 21.000 litro ur horiek zein eragin izan duten badiaren itsas ingurunean.
Administrazio moderno batek, bai Pasaiako Portu Agintaritzak, bai Eusko Jaurlaritzak –Ingurumen eta Osasun kontseilariak bereziki– hilaren 2an gertatu zenaren gaineko azalpenak emanak lituzke dagoeneko. Ez da hala izan. Zoritxarrez, hilabete pasata, ez dakigu ezertxo ere sutearen sorburuaz, ezta horrek arlo ezberdinetan izan duen eraginaz ere.Erantzun eta azalpen falta horren aurrean, Badian Bizi herritarren plataformak salaketa jarri zuen Gipuzkoako Fiskaltzan osasun publikoaren kontrako ustezko delitu batengatik hilaren 21ean. Ez doa inoren kontra, zehazki, salaketa hori, ikerketa abiatzeko eskatzen du.
Lezon, Pasaian edota Errenterian bizi garenok, tratu hobeagoa merezi dugu arestian aipatu ditudan erakundeen aldetik. Eskubidea dugu hilaren 2an zer gertatu zen, eta suteak izan zuen eragina ezagutzeko. Horrekin batera, noski, portuak egokitu egin behar dio bere jarduera Lezo, Errenteria eta Pasaiaren eguneroko bizitzari. Aukera izan behar du portuak herri horientzat eta ez buruhauste jarrai eta amaiezina, arazo gehien ematen duten trafikoekin, ez kasualki “trafiko zikina” deitzen duten txatarrarenarekin, zehazki.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuaren adierazpenak zoritxarrekoak izan ziren. Sutearen harira, aitzaki gisa, txatarrak jarduera sortzen duela adierazi zuen. Portuaren lan jarduera eta hemen bizi garenon segurtasuna eta osasunak ezin du, eta ez du bateraezina izan behar. Ez dugu bat edota bestearen arteko aukeraketa bat onartuko.
Gertatu zena berriz ere gertatuko ez dela bermatzeko ekintza sorta ziurtatu behar dute argi eta garbi portu agintaritzak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Txatarra Kaputxinoetatik –Errenteria– Lezora mugitzea ez da kontua. Bideragarriak diren jarduketak izan badira. Halako trafikoetarako terminal berezitua abian jartzea posible da, lan horietako espazio eta operazioak optimizatuz eta murriztuz. Bien bitartean, inortxok ere, ez diezagula eskatu Oarsoaldeko bizilagunoi erabat saihets daitezkeen egoera eta gertaerak “saihetsezin” gisa onartzea. Nahi baduzue, ahal duzue.
Jose Manuel Ferradas, Errenteriako bizilaguna