Jai batzordeak hala erabakita, egun bat gutxiago iraungo dute aurten Santakrutz Jaiek.Astelehenean egin ohi zen Baserritarren Eguna, larunbatean (irailak 15) izango da.
Arrantzale eta tartekoen bazkaria aurretik, elkarrekin argazkia egin ohi dute.
Irailaren 13an helduko dira santakrutzak, Lezoko jai nagusiak, eta jai batzordeak dagoeneko prest du egitaraua. Azken hori, datorren asteartean aurkeztuko dute. Berritasunik bada. Bost egun ordez, lau egun iraungo dute aurten jaiek, jai batzordeak hala erabakita. Hortaz, irailaren 13tik (osteguna) 16ra bitartean ospatuko dituzte.
Urtero bezala egitarau zabala antolatu du jai batzordeak. Baserritarren eguna larunbatean egingo dute aurten. Orain arte, astelehenarekin ospatzen zuten egun hori, baina baserritarrek hala eskatuta, larunbatean izango dela aurten erabaki du jai batzordeak.
Jai batzordearen erabakia errespetatu duela esan du udalak: “Beti utzi dugu jai batzordearen esku herriko jaiak antolatzeko ardura, eta horregatik, bertan hartutako erabakiak errespetatzen ditugu”.