Hitzaldi zikloa antolatu du Lezo Errotik-ek, herriko erronka nagusiak hizpide

Lezo Errotik-ek bestelako esperientziak ezagutzeko baliatuko ditu hitzaldiak.

Etxebizitza, parte-hartzea, mugikortasuna, ongizatea, ingurumena, sozio-ekonomia, hezkuntza eta feminismoa. Horiexek Lezo Errotik-ek antolatu duen zortzi hitzaldietako zikloan aztertuko dituzten gaiak. Eta ez ausaz. Lezoko EH Bilduk Lezo Errotik parte-hartze prozesuaren bigarren faseari ekin dio, prozesuaren lehen fasean ondorioztatutako erronkak ardatz.

Aipatu gaietan adituak diren lagunak gonbidatu dituzte hitzaldietara, han eta hemen sortu eta garatu diren esperientzien berri eman dezaten.

Hitzaldi guztiak Kultur Aretoan izango dira, 19:00etan, euskaraz, eta guztietan eskainiko dute itzulpen zerbitzua gaztelaniara.

Erreminta eraikitzailea
Atzo aurkeztu zuten hitzaldi zikloa, Kultura Aretoan. Antolatzaileek azaldu dutenez «tresna bat» da Lezo Errotik, EH Bilduk «denontzako Lezo hobeago bat lortze bidean sortutako erreminta».  Gogorarazi dutenez, apirilaren 21ean ekin zion bideari Lezo Errotik-ek, herri batzar baten bidez. Batzar hartan 50 lagunek parte hartu zutela jakinarazi dute, eta gerora ekarpen gehiago bildu asmoz inkesta bat zabaldu eta beste 100 lagunen ekarpenak bildu zituztela gaineratu. «Lortutako informazio hori guztia batu, aztertu eta hortik etorkizuneko Lezoren eta lezoarren erronka nagusiak zeintzuk diren zerrendatu genituen», zehaztu zuten hitzaldi sorta zergatik antolatu duten azaltzeko.

Beste eredu bat eraiki nahi
Herritar asko bildu dira Lezo Errotik prozesuaren bueltan, aurkezpenean nabarmendu dutenez: «Hamarnaka lagun batu zaizkigu, eta egunez egun lan eskerga egiten ari dira prozesu hau bide onetik eramateko». Hitzaldietako gai bakoitzeko lan talde bat eratu dute.

Hautatutako gaietan «herritarrak janztea», horixe helburua «horrek amestutako Lezon guztion artean eraikitzeko balioko» diela sinetsita. «Politika egiteko beste modu batean sinisten dugu», adierazi zuten «parte-hartzean oinarrituta, denok elkarrekin, parez-pare».

Hitzaldiak

  • Hilak 11. Etxebizitza. Gazteen beharretara eta egungo familia ereduetara egokitutako etxebizitza politika. Hizlariak: Irati Mogollon soziologoa eta Itziar Ostolaza Errenteria-Oreretako zinegotzia.
  • Hilak 18. Parte-hartzea. Parte hartzea oinarri duen herri-bizitza eta herri-nortasuna garatu. Hizlariak: Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea eta Beñat Irasuegi, Kooperatibagintzan ekintzailea.
  • Hilak 25. Mugikortasuna. Mugikortasun eta irisgarritasun egokiak garatu. Hizlaria: Jon Albizu batzarkidea.
  • Hilak 30. Ongizatea. Lan eta bizitza duinak oinarri dituen ongizatea garatu. Hizlariak: Nerea Kortajarena, Emaus fundazioko gizarteratze zuzendari ohia.
  • Azaroak 8. Ingurumena. Lezoarrok ingurumenarekiko harreman egokiak garatu. Hizlaria: Mikel Otero legebiltzarkidea.
  • Azaroak 13. Sozio-ekonomia. Tokiko ekonomia. Datorren hamarkadarako oinarriak garatu. Hizlaria. Imanol Esnaola, Gaindegiako kidea.
  • Azaroak 15.Hezkuntza. Herri hezitzailea, eskola herritarra garatu. Hizlariak: Nora Salbotx pedagogoa eta Nerea Zubia, zinegotzia Oñatin.
  • Azaroak 20. Feminismoa. Gizarte feministara bidean proposamenak eta prozesuak garatu. Hizlaria: Harremantxo talde feministako kide bat.
Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend