Oskarbi taldearen historia laburbiltzen duen liburua aurkeztuko dute Pasai Antxon

Liburutegian izango da aurkezpena, kantaldi batekin girotuta

OSKARBI_TALDEKOEK_DISKA_BE

Oskarbi taldeko kideak

Pasai Antxon sustrai luzeak ditu Oskarbi musika taldeak, eta horregatik hain zuzen ere, taldearen historia laburbiltzen duen Oskarbi taldea, 1966-2016 liburua bertako bibliotekan aurkeztuko dute, hilaren 25ean, 19:00etan. Oskarbi taldeak Pasai Antxon izan zuen lehen entsegu lekua eta 1966 urtetik 1980 urtera bitartean Antxoko hainbat txokotan entseatu: ikastola sortu berriko gela batean, Coral Pasaitarraren egoitzan, Anunciata eskolan eta Kutxa Munizapalak utzitako Nafarroa ibilbideko egoitza batean, besteak beste. Ez Dok Amairuren partaide (1968-1971), Eibarko txapelketan bi sari nagusi irabazi zituen Oskarbik, 6 disko plazaratu, eta 500 bat kantaldi eskaini. Gerora, Oskarbik beste entsegu egoitza batzuk izan zituen, betiere inguruan: Oiartzun, Altza, Trintxerpe, Antxo, Errenteria, eta azken 20 urteetan Lezon. 2016 urtean Oskarbi taldeak 50 urte egin zituen eta oraindik kantuan jarraitzen dute. Aurten 52 urte egingo dituzte euskal kantua zabaltzen. Oskarbiren 50. urteurrena ospatzeko liburu bat plazaratu zuen Joxelu Treku taldekideak: Doinu zaharren aritik, euskal kantu berriaren bidean. Oskarbi taldea 1966-2016. 400 orrialdeko liburu mardulean taldearen kantaldi, kantu, partaide eta ibilbide zabal kronologikoa bildu ditu Trekuk. Liburua aurkezteko ekitaldian Trekuk berak azalduko ditu argitalpenaren gainekoak. Horrez gain taldearen historia biltzen duen ikus-entzunezkoa proiektatu eta kantaldia eskainiko dute.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.