ELA-k deituta greban dira adinekoen egoitzetako langileak

LAB sindikatuak ostiralean deitu ditu grebara adinekoen egoitzetako langileak. Herrialdeko hitzarmen duina eskatzen ari da.

ELAk elkarretaratzea egin du gaur Zumardian grebaren harira.

Gaur, bihar eta etzi grebara deitu ditu ELAk adinekoen egoitzetako langileak. Hiru greba egun hauetaz gain, azaroaren 22tik hasita bost egun greban emango dituzte, baita abenduaren 24tik aurrera ere, Xabier Etxaniz ELAko Gizalaneko Oarso Bidasoko idazkariak jakinarazi duenez.

Negoziazioaren testuinguruan kokatu ditu Xabier Etxanizek greba deialdiak, “21 hilabete daramagu mahai antzu batean, ez du ezer eman. Patronalek homogeneizazio bat proposatzen du gure eskaeretatik beti ere beherago, eta argi dugu ez dela mugimendurik egongo ez badugu mobilizaziorik egiten. Zerbitzu hau garestiegia dela, oraingo baldintzak ez zeudela aurreikusiak inondik inora eta asko garestitu zaiela da patronalak esan diguna orain arte, eta zerbitzu honek izan dituela igoera batzuk gainontzeko sektoreek izan ez dituztenak krisi garaian”.

Diskurtso “matxista” eta prekarizatzaile batean kokatzea leporatu dio patronalari Etxenizek, eta gaineratu du egiten ari diren boroka eta eskaerak “erabat zilegi” direla, “sektorea nondik datorren, zein puntuan dagoen orain, eta nora nahi duen ailegatu ikusita”. Gizonak nagusi diren azpikontratatutako zerbitzuekin alderatuta soldata %30 altuagoa dela gizonen kasuan azaldu du ELAko kideak “baldintza hobeagoak dituzte. Kale garbiketan, gehienak gizonak dira, eta adinekoen egoitzetan baino %30 gehiago irabazten dute. Argi dago genero arrakala dagoela”. Foru aldundiak bere dituen egoitzetan dauden lan baldintzak ere hobeagoak direla azpikontratatutako enpresenak baino gaineratu du, “zerbitzua duindu behar dugu. Patronalak ez du emateko inongo gogorik, ez dute maite aurretik dugun hitzarmena, baldintzatzen dielako funtzionatzeko modua eta atzera egin nahi dute. ELAk planteatzen duena da hitzarmen sektoriala sinatuko dugula, betiere, orain arte dauden enpresa hitzarmenak sinatzen badira, hobetuko ditugu orain ditugun enpresa hitzarmenak, eta hori izango da sektorialerako izango den gutxieneko zorua. Patronalak, berriz, azpitik jarri nahi du zoru minimoa”.

Gatazkaren beste alderdietako bat Gipuzkoako Foru aldundia dela zehaztu du Etxanizek: “Aurreko aldundia, EH Bilduren esku, parte aktiboa zian zen gatazkan et ausardiaz jokatu zuen. Enpresei esan zien diru publikoa jasotzen bazuten, hitzarmena bete beharko zutela, eta hori zela gutxieneko baldintza. Gobernu aldaketa izan zen ondoren. EAJk ez du ezarri gutxieneko baldintzarik finantziazioa emateko, ari dira dirua ematen eta ez die bermatzen langile guztiei ezartzen zaizkienik ondoko zentroko baldintzak. Maite Peñak (Gizarte Politikako diputatuak) esan digu ez duela gatazka luzerik nahi, berak ez duela parte hartuko, eta patronalarekin konpondu beharko garela”. Patronalaren “erosotasuna” salatu du Etxanizek, “beraiek eroso daudelako egoera honetan, utzi dezakete luzatzen”, eta bestalde, aldundiaren eta EAJren “zurikeria”, “soldata arrakalaz behin eta berriz ateratzen direlako hitz egiten, eta beraiek esku hartze zuzena duten arloetan eta egoeratan ez dutelako ezer egiten”.

Grebara deitutako zentroak Errenteria-Oreretako Sanmarkosene, Oiartzungo Petra Lekuona,  Irungo Ama Xantalen, eta Biharko enpresak kudeatzen dituen Lezo eta Errenteria-Oreretako Olibet auzoko eguneko zentroak dira. Sektoreko gainontzeko adinekoen egoitzak, ere deitu dituztela protestetara gaineratu du Etxanizek. Petra Lekuonako langileekin gertatutako salatu du gainera, “greba egin nahi zutela jakinarazi zutenak zerbitzu minimoak egiteko deitu ditu enpresak, eta langileen eskubideak urratzen ari da jarrera horrekin”.

Elkarretaratzeak hiru egunetan

Grebaren harira, hainbat elkarretaratzera deitu du gainera ELAk hiru egun hauetan. lehena gaur goizean egin dute adinekoen egoitzetako langileek Errenteria-Oreretako Zumardian. Bihar ordu berean elkarretaratuko dira Sanmarkosene aurrean, eta etzi (ostirala) berriz, Donostian egingo du elkarretaratzea foru aldundiaren aurrean 11:30ean: “ostiralean urtebete beteko da Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek hitzarmena sinatu zutela borroka luzearen ondoren, eta beraietako batzuk bat egingo dute elkarretaratzearekin. Txiki Muñozek ere hartuko du parte eta ondoren manifestazioa egingo dugu”.

LABek ostiralean deitu du grebara

LAB sindikatuak ere deitu ditu grebara adinekoen egoitzetako langileak. Ostiralean izango da hori. LABeko Arlo Soziokomunitarioko arduradun Ane Sarriegik ADEGI, Matia 2020, LARES eta ACGG patronalek  lan hitzarmen bat lortzeko erakutsi duten borondate eza salatu du, “2017an jarri zen martxan negoziazio mahaia, eta patronalak ez du  proposamenik egin orain arte, ia bi urte pasa diren arte. Egindako proposamena gainera, ez da onargarria. Ez dute erakutsi negoziaziorako gogorik, ezta borondaterik ere”.

Sarriegik azaldu duenez, azaroaren 9an bilduko da berriro ere mahaia, “LAB bertan izango da. Egun horretan bertan batzar erabakigarria egingo dugu eta aldaketarik ez bada negoziazio mahai horretan patronalaren aldetik, egun horretan bertan afiliatuekin adostuko dugu zein izango den adinekoen egoitzetako borroka egutegia”.

LABek  hitzarmen duina eskatu du adinekoen egoitzetako langileentzat, eta hitzarmen horren oinarrizko ardatzak ere zehaztuta ditu:  oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari homologatzea; kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekidea sortzea; eta prestakuntza kontutan izateko puntu garrantzitsua izatea.

Gipuzkoako Foru Aldundiari langileen behar eta aldarrikapenei muzin egite ere leporatu dio LABek. Ostiraleko grebaren harira, Gipuzkoako plazan bilduko dira adineko egoitzetako langileak foru aldundiaren aurrean 12:00etan, elkarretaratzea egiteko.

Datuak ere eman ditu LABek: Egun, Gipuzkoan 5.000 langile ari dira adinekoen egoitzetan, tutoretzapeko etxeetan eta eguneko zentroetan lanean; 2005-2008 urteen artekoa izan zuten sinatutako azken hitzarmena, “2012. urteaz geroztik ez dira berritu langile horien baldintzak”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend