Zapi eta zapata gorriak indarkeria sexistaren kontra

Azaroaren 25ean Emakumeen Indarkeriaren Kontrako eguna dela eta, Lezoko Udalak erakusleihoetan zapata gorriak eta etxetako balkoietan zapi gorriak jartzera deitu du. Parte hartu nahi duten herritarrek Osasun Zentrotik pasa daitezke datorren astean, astelehenetik ostiralera, zapiak eta zapatak jasotzera.

Izan ere, iniziatiba herriko eragileekin elkarlanean antolatu baitu udalak, Kuadrillategi, Lezoko Osasun Zentroa, Gaxuxa emakumeen taldea, Pasaia-Lezo Lizeoa eta Institutuarekin, “guztiok elkarrekin indarkeria matxista gaitzesteko eta Lezo indarkeria sexistarik onartzen ez duen herria dela irudikatzeko”.

Zapatak Osasun Zentroan egin dituzte eta kartelak jarriko dituzte herritarrak parte hartzera animatzeko. Zapiak, aldiz, Gaxuxa emakume taldeko zein Osasun Zentroko eta Kuadrillategiko kideek egin dituzte, eraildako emakumeen izen eta datekin.

Herritar eta dendariek parte hartzeko ez ezik, gerora zapatak eta zapiak itzultzeko eskatu die udalak, datorren urtean iniziatiba errepikatzeko asmoz.

Honenbestez, hilaren 19tik aurrera erakusleihoetan zapatak gorriak jarriko dituzte indarkeria sexistak azken urteetan eraildako emakumeak ikusarazteko eta zapi gorriak aldiz, herriko balkoietan, eraildako emakumeen izen abizenekin.

Autodefentsa ikastaroa

Horrez gain, 16 eta 18 urte arteko neskentzat autodefentsa ikastaro trinkoa antolatu dute. Ikastaroa abenduaren 15ean izango da, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Lezoko kiroldegian izango da ikastaroa, eta parte hartzeko aldez aurretik ema behar da izena.

Interesa duten neskek ikastetxeetan eman dezakete izena, Lizeoan edota institutuan, eta tailerrari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero Lezoko Udaleko Berdintasun Sailera ere jo dezakete.

Azkenik, kanpaina honen barruan antolatutako jarduera guztiak hilaren 20an aurkeztuko dituztela iragarri du Lezoko Udalak, “herritarrak parte hartzera gonbidatzeko, indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura delako eta eraso sexistak gaitzesteko indarrak batzea ezinbestekoa delako”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend