Hamalau zuzenketa proposamen egin dizkio aurrekontu proposamenari EAJ-k

Ingurumena, hirigintza eta hiri mantenuan, etxebizitzan, ekonomia eta gizarte ongizate arloetan egin ditu emendakinak alderdi jeltzaleak.

EAJko Garbiñe Oiarbide, Maite Peña eta Jose Manuel Franco.

Gobernu taldeak egindako aurrekontu proposamenari hamalau zuzenketa aurkeztu dizkio EAJk. Ingurumena, hirigintza eta hiri mantenuan, etxebizitzan, ekonomia eta gizarte ongizate arloetan egin ditu emendakinak alderdi jeltzaleak, eta parte hartze prozesu bat ere eskatu du. Azken hori joan den urtean Errenteriako Udalak eskuratutako Erdiko kaleko 11. zenbakiko eraikinarekin proposatu du. Aurrekontu proposamenean, eraikin hori ostatu-aterpe bihurtzeko 550.000 euroko diru zatia aurreikusi du gobernu taldeak: “Errenteriar guztiona den eraikin bat izanik eta berau birgaitzeko behar den inbertsioa kontuan hartuta, eraikin horren erabilera herritar guztion artean erabaki beharreko kontua dela uste dugu.  Hori dela eta,  2019ko aurrekontutik diru zatia kentzea eta eraikin horren erabilera erabakitzeko parte hartze prozesua egitea proposatzen dugu”.

Ingurumenean, hirigintzan eta hiru mantenuan aurreikusitako diru zatiak handitu, eta berria gehitzea proposatu du emendakinetan EAJk. Haurrentzako parkek berritzeko kontu saila 20.000 eurotik 90.000 eurora handitzea. Hiri altzari, paperontzi eta eserlekuei dagokien diru zatia 23.000 euro igotzea proposatu dute, bestalde. Kotxe elektrikoentzako karga puntu berria jartzeko diru zatia aurreikustea eskatu du gainera, eta kontu sail berri bat eskatu du Errenteria-Oreretan karga puntuak jartzeko azterketa orokor bat egiteko.

Iztietako autobus geltokia handitzeko diru zatia aurreikustea da beste eskaeretako bat: “Zirkulazio arazo larriak eragiten ditu Nafarroa etorbidean, bi autobus baino ez direlako kabitzen eta ibilgailu gehiago elkartzen direnean egoera arriskutsuak eta zailtasunak sortzen dira bertan. Garraio publikoaren erabiltzaileek sarritan autobusera galtzadatik igo behar izaten dute espaloitik igo ordez”.

Etxebizitza hutsak alokairu sozialerako mobilizatzeko  bideratutako ditu zatia da jeltzaleen beste eskaeretako bat, eta ekonomia suspertu eta gizartearen ongizateari begira ere jarri dira: “Herriko merkatariztan kontsumitzea sustatzeko, azalera handien aurrean, herriko merkataritza txikia bultzatzeko esfortzua egin behar da, merkataritza mota honek ematen baitie bizitza gure herriko kale eta auzoei”. Azken horren harira diru lerroa sortzea planteatu du, merkataritza eta ostalaritzan kontratazioak egiteko.

Gizarte zerbitzuetara kontu saila bideratzea ere proposatu du, zehazki, pertsona helduentzako tutoretzapeko apartamentuak, edota gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonei arreta eskaini ahal izateko. Zahartze aktiboa sustatzea ere ezinbesteko jo dute, “kontu saila txertatu dugu gure emendakinetan horri begira, hirugarren adinekoengan ariketa fisikoa sustatzeko programak, bakarrik bizi diren adineko pertsonen etxeak ke detektagailuak jartzeko, adibidez”.

Euskara eta berdintasuna arloari ere erreparatu diote, eta bi gai horietan herriko elkarteekin batera lantzeko zehar lerro bana planteatu ditu. Euskararen erabilerari dagokionean, zehazki,  iaz proposatutako kontu sail bat aurkeztu dute berriz ere, “merkataritza eta ostalaritzari espresuki zuzendutako euskara ikastaroak hornitzeko kontu saila, hain zuzen ere”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend