“Salduko denari baino, edukiari begiratzen diogu”
Salaberria Gonzalez anaiek duela sei urte jarri zuten 1545 argitaletxea martxan. Hobby modukotzat dute, eta tamaina txikia dutelako, lan hautatuak argitaratzen dituzte.
Zuen aita zenak erein zuen literaturzaletasuna zuengan, baina nola egin zenuten jauzi argitaletxe bat sortzera? Oso boladan ez dagoen sektore batera jauziak arriskatua dirudi…
ENEKO SALABERRIA: Ez dugu igerileku batera salto egin, pixkanaka sartzen joan gara. Ura hotza dagoenean bezala: lehendabizi behatzak, gero eskuak… Nahi gabe bezala sartu ginen. Diseinu grafikoko komunikazioko enpresa bat daukadanez, horren parte izan zitekeen ildo bat martxan jartzea pentsatu nuen. Ia beti egin dudan bezala, marka eta logotipo bat sortu, eta forma eman nion, nahiz eta gero ezertan geratu. Hasieran forma eman nion, beste ezer gabe. Xabi sartu zen hor. Berehala ikusi zuen hor bazeukala ‘jolasteko’ leku bat. Xabiren burua martxan hasi zen, eta elkarrekin oso ongi uztartzen ditugu bakoitzak ditugun ideiak.
Merkatuan ikusten zenituzten hutsuneak betetzeko asmoz sortu zenuten 1545.
ENEKO: Bertsozale Elkartearen argitalpenen ardura izan nuen, eta han asko ikasi nuen argitaletxe, argitalpen, liburu, marjina, salmenta-prezio eta abarretaz. Konturatu nintzen bazeudela altxor literario pila bat inoiz argia ikusiko ez zutenak, merkatuaren presio horrengatik. Oso zaila da, kalitatezkoa izanda ere, zerbait argitaratzea. Idazle gehienak ez dira horretaz bakarrik bizi, eta hori motibo bat da —jakinda zenbat kostatuko den— ez argitaratzeko.
Aukera horiek emateko argitaletxe txiki-txiki bat sortzea erabaki genuen. Uste dugu gertuagoko tratua duen argitaletxe batek posible dituela ate horiek ireki. Hortik abiatu ginen —eta ez guk geuk sortzeko intentziotik— kanpoan dauden gauza interesgarriei laguntzea helburu. Gero, baina, anaiaren burua beste martxa bat hartuta hasi zen, eta ikusten genuen hutsunea guk geuk bete genezakeela. Hainbat proiektu sortzen dira hortik, gizarteari nolabaiteko ekarpena egingo ziotenak.
«Ditugun ideia asko lotuta daude aurretik egin ditugun gauzekin»
Hutsunea betetzeko proiektu horiek zuek bilatutakoak izateaz gain, etorri al dira zuengana?
ENEKO: Bietatik. Zirkulu bat da: guk zenbat eta gehiago argitaratu, orduan eta ezagunagoak gara. Abiapuntua Hamaika kutixi filosofiko izan zen. Bera [Xabi] Oi(h)artzun Filosofikoa taldean dago, eta hortik sortu zen, egun den altxorra bilakatu arte. Horrek gure burua ezagutarazi zuen Oiartzundik kanpo. Orduan, proposamen gehiago etortzen hasi zitzaizkigun.
Hori sumatu dugu Durangoko Azoka pasatuta. Aste horretan, dozena erdi proposamen jaso genituen. Oso argi dugu: ez gara GKE bat, bi anai gara, friki pare bat, eta kalitatea eskaini nahi dugu. Ez da edozer gauza argitaratzeko tokia, eta gure ildo filosofikotik gertu egon behar dute. Alegia, gizarteari modu batera edo bestera ekarpena egingo diona. Hasiera honetan haur eta gazteei zuzendutako lanak bilatu ditugu.
Zuentzako garrantzitsua da sustapena egitea, saioak antolatzea.
ENEKO: Iritsi nahi dugun tokira iristeko bide ezberdinak daude. Bat izan daiteke paperezkoa, edo liburua, eta bestea izan daiteke Xabik egiten duen lanketa hori, irakurzaletasuna sustatzeko.
XABI SALABERRIA: LH2 eta LH6 arteko 60 haurrekin egiten ditugu irakurketa talde saioak, eta beste sei daude DBHkoak direnak, Karmele Mitxelenarekin. Argitaletxeak antolatzen ditu saio horiek, gazteenena liburutegiarekin elkarlanean.
1545 argitaletxean bi izanda, Oiartzungo —eta kanpoko— eragileekin harremana izan behar duzue nahi eta nahi ez.
ENEKO: Xabik eta biok, bestela ere, badugu harreman hori lehendik ere. Xabik haurrekin gehiago, eta nik beste hainbat kontutan, diseinuaren kontuagatik.
XABI: Lehenagotik eginda genuen harreman-sare horrek laguntzen digu hau guztia errazago izatea. Buruan ditugun ideia asko lotuta daude aurretik egin ditugun gauza askorekin.
ENEKO: Nahi gabe egindako sarea da. Herrigintza da, eta gu beti izan gara bertan. Azkenaldian gehiago jarri dugu fokua argitaletxearekin, baina gure argitalpenek bizitzako beste esparru pila batekin lotura dute: gazteekin egindako lana, errezitaldiren bat… Argitalpenak eragiteko beste modu bat da. Eragileek, ziurrenik, ateak irekitzen dizkigute badakitelako gu zertan ibili garen, edo zertarako prest egon garen. Horrek, seguru aski, konfiantza bat emango duela suposatzen dut.
XABI: Argitaletxeen mundua da, momentu honetan, ezagutzen ari garena: beste argitaletxeekin harremana, Elkar Banaketa-rekin, liburutegiak, liburu-dendak… Hori da ezagutzen ari garena. Hor gertu ibiltzen den jendea ezagutzen genuenez, errazagoa izaten ari da.
«Gure eskuragarritasuna mugatua da, eta uste dut ona dela, ezin baitugu edozer gauza argitaratu»
Bertigoa ematen al dizue horrek?
ENEKO: Nik ez dut hala sentitzen. Edukitzekotan, bertigo ekonomikoa: inprentak pagatu egin behar dira.
XABI: Ez da gure lanbidea, eta horrek asko aldatzen du dena. Argitaletxe bat sortzen baduzu, beste ezer ez daukazunean, eta dena horretara jokatzen duzuenean, hori bada arriskua. Hau hobby bat da, eta neurria hartzen asmatu behar dugu, bakoitza gure lanarekin jarraituta, hau errentagarri izan dadin.
ENEKO: Eta proiektu handiak egin ditugu. Mare proiekturako, adibidez, Euskal Herriko poeta pila bat elkartu ditugu. Ez da argitalpen erraza saltzeko, baina dimentsioa hartu du: hedabide askotan egon den proiektu bat da, eta atzean bi anai daude. Pentsatzen hasiz gero bertigoa eman dezakeen zerbait bada, baina modu oso naturalean atera denez, pixkanaka goaz.
XABI: Gure neurria urtean bospasei liburu ateratzea da. Argitaletxe handiek zer esanik ez, baina Denonartean bezalako argitaletxe batek 25-30 bat argitaratzen ditu urteko. Argitaletxe txikiak baino dezente txikiagoak gara. Gure eskuragarritasuna mugatua da, eta uste dut hori ona dela. Azkenean, egingo duguna ona izango da, edo, behintzat, guri egiteko modukoa iruditzen zaiguna: zainduagoa, ongi pentsatua… Ezin dugu edozer gauza argitaratu.
Burua asko estutzen al duzue horrekin?
ENEKO: Nik, egia esanda, ez. Askotan aipatu dugun gauza da: argitaletxearen funtzionamenduan, Xabi ezkerra da, eta ni eskuina —edo alderantziz—. Alegia, ez dugu elkar zapaltzen. Nik, zehazki, anaiak aurretik egindako lan guztiari forma ematen diot: txukundu, polita jarri, eta inprentarako pausoa. Estetikan sartzen naiz. Aurreko hausnarketa guztiak buruko mina emango lidake… Baina ni ez naiz Xabi [barrez].
XABI: Ez da buruko mina. Niri buruko mina ematen didatenak eguneroko lanak dira: ikasleek, ikasleen gurasoek… Eta orain, guraso izanda, beste buruhauste bat ere badut. Baina argitaletxeak? Ez, ez. Ongi pasatzeko da, gustura egiten dugun zerbait. Noski, erabakiak hartu behar dira, eta ez da erraza izaten, zalantza asko daudelako eta kopuruak kalkulatu behar direlako. Hau gure ogibidea izango balitz beste tentsio bat izango genuke. Polita da, eta, gainera, ikusten duzu inguruan beti dagoela jendea laguntzeko prest, literaturaren munduan dabilena. Inguruan saretxo bat ere osatu dugu: gurekin parte hartu dutenak, berriro parte hartzeko prest daudenak…
Elkarrizketa hasi baino lehen, aipatu duzue datorren astean inprentara bidaliko duzuela zer edo zer. Zer duzue esku artean?
ENEKO: Oraingoz, aurten, bost argitalpen ditugu aurreikusita. Agian sei izan daitezke, proposamenen batek ukitzen bagaitu. Aste honetan ez bada, hurrengoan bi lan joango dira. Bat Pello Añorgak idatzi eta Aitziber Alonsok ilustratutakoa. Liburua du izena, eta Añorgak berak proposatu zigun.
XABI: Irakurtzeak zer eragin dezakeen, zer eragiten duen adierazten dute. Ume txikientzat pentsatua dago, 4-8 urtekoentzat, bidaia moduan: liburua hegazti baten moduan irudikatua da, eta irekitzean hegalak agertzen dira, eta hasten dira hegan egiten.
ENEKO: Itsaso bete malko du izena besteak. Iker Mugarra eta Amaia Trejo izeneko bikote bizkaitarrarena da, beraien proiektu pertsonala da. Bere intentzio eta ilusio bakarra da horrek argia ikustea; ziurrenik arantzatxo pertsonal bat dute, liburuan islatu dutena. Txikientzako da, testu gutxikoa, erdi-collagedun ilustrazioekin. Nahiko biribila da. Pozik gaude, kontatzen duenarengatik, baina baita ere bikote honen ilusioaren parte bat garelako.
«Ez gara GKE bat, bi anai gara, ‘friki’ pare bat, eta kalitatea eskaini nahi dugu»
Gehiago, bai?
XABI: Koedizio bat da hurrengo gaia. Issa Watanaberen Migrantes izeneko hitzik gabeko liburua da, aurretik gaztelaniaz dagoena. Migranteak izango da euskaraz. Udara aurretik izango dugu esku artean —uste dut—, eta marabilla bat da. Hitzik gabeko gure lehenengo albuma izango da.
Beste itzulpen bat dugu, Ludwig Wittgenstein filosofiaren ideia batean oinarritutako album ilustratua da. Alemanian argitaratu zuten, eta Beñat Sarasolak itzuli du. Ikusi zuen gure argitaletxearentzat polita izan zitekeela, eta guri proposatu zigun.
ENEKO: Liburu horri buruzko kuriositate bat da gaztelaniaz ez dagoela. Euskaraz lehenago argitaratuko da gaztelaniaz baino. Ez da askotan gertatuko hori… Bertsoa eta filosofia uztartzen dituen liburu bat ere argitaratuko dugu, Alaia Martinek idatzitakoa eta Udane Ansak ilustratuko duena. Lehenengo hirurak udara aurretik egongo dira prest, eta beste biak Durangorako egongo dira, dena ondo bidean.
XABI: Gure beste ezaugarrietako bat da salduko denari baino, edukiari edo kontatzen denari begiratzen diogula. Wittgenstein filosofoaren ideian oinarritutako album bat badakigu ez dela salmenten top-ean egongo, Mare ez zen bezala. Merkatuaren logikatik at dago…
ENEKO: …eta gure barne-logikatik gertu.