Maayouf eta El Mouaziz Irungo I. Maratoi Erdiko irabazleak
Majida Maayouf eta Abdelhadi El Mouaziz korrikalariak izan dira Irungo I. Maratoi Erdian markarik onenak lortu dituzten korrikalariak. 1.000 bat lagunek parte hartu zuten lehen ekitaldi honetan.
Emakumeen arteko lehian Maayoufek eskuratu zuen denborarik onena, Claudia Behobide hondarribiarraren aurretik. 1:22:00ko denbora egin zuen BM Bilbao Santutxu taldeko korrikalari federatuak.
Gizonen artean, 1:06:41ko denborarekin gailendu zen El Mouaziz, Younes bigarren sailkatuari 46 segundoko abantaila irabazita.
Pedro Nimo lasterketaren irudia izan den atleta profesionalak ezin izan zuen lehia bukatu. Faborito izan arren, 5. kilometrora iritsi aurretik uzkurdura bat izan zuen ezkerreko hankan. Aurrera egiten saiatu zen galiziarra, baina azkenean, bertan behera utzi zuen lasterketa.