Intxixuak eta sorginak etzi arratsaldean jaitsiko dira Kataxulotik herriko plazara
Asteburua herrian pasatuko dute; Ihote Taldeak webgune berria sortu du eta txosna jarriko du plazan Datorren asteburuan —hilaren 18koan— dira Inauteriak herri gehienetan. Baina Oiartzunen, beste urte batez, astebete lehenago ospatuko dituzte Ihoteak. Intxixuak eta sorginak etzi jaitsiko dira Kataxulotik herrira, Ihote Taldearen eskutik. Asier Legorburu Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, Ihoteak Oiartzungo ondare kulturalaren parte garrantzitsua dira: «Ihote Taldeak lan handia egin du azken urte hauetan ohitura berreskuratzeko eta datuak biltzen». Hori dela eta, udalak taldearen ekimenekin bat egin du, beste behin. Eta herritarrak animatu ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera. Ihote Taldeko kideen eskutik, berritasun nagusietako bat webgune berria da aurten. Egin berria da, udalaren laguntzarekin: www.kataxulo.com. Hainbat atal ditu: Ihoteen historia, festaren nondik norakoak, Multimedia, Material didaktikoa (ipuinak, marrazkiak…)… Legorburu zinegotziak nabarmendu bezala, Ihote Taldeak material asko du gordeta azken 20 urteetakoa, eta webgune horretan bildu nahi du dena, pixkanaka. Gainera, hala, material hori edonoren esku egongo da. Era berean, webgunea erabiltzaileen ekarpenak jasotzeko irekita egongo da, Ihote Taldeko kideek nabarmendu dutenez: «Baten batek Ihoteen gaineko materialik baldin badu, bertara bidal dezake, komunikazioa@kataxulo.com helbidera». Zakuz jantzi eta txosna plazan Udalak eta Ihote Taldeak, zakuz janztera animatu dituzte herritarrak, kuestazioan parte hartzera eta balkoietan auzo bakoitzari dagokion kolorea duten banderak [...]
Asteburua herrian pasatuko dute; Ihote Taldeak webgune berria sortu du eta txosna jarriko du plazan
Datorren asteburuan —hilaren 18koan— dira Inauteriak herri gehienetan. Baina Oiartzunen, beste urte batez, astebete lehenago ospatuko dituzte Ihoteak. Intxixuak eta sorginak etzi jaitsiko dira Kataxulotik herrira, Ihote Taldearen eskutik.
Asier Legorburu Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, Ihoteak Oiartzungo ondare
kulturalaren parte garrantzitsua dira: «Ihote Taldeak lan handia egin du azken urte hauetan ohitura berreskuratzeko eta datuak biltzen».
Hori dela eta, udalak taldearen ekimenekin bat egin du, beste behin. Eta herritarrak animatu ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera.
Ihote Taldeko kideen eskutik, berritasun nagusietako bat webgune berria da aurten. Egin berria da, udalaren laguntzarekin: www.kataxulo.com.
Hainbat atal ditu: Ihoteen historia, festaren nondik norakoak, Multimedia, Material didaktikoa (ipuinak, marrazkiak…)…
Legorburu zinegotziak nabarmendu bezala, Ihote Taldeak material asko du gordeta azken 20 urteetakoa, eta webgune horretan bildu nahi du dena, pixkanaka. Gainera, hala, material hori edonoren esku egongo da.
Era berean, webgunea erabiltzaileen ekarpenak jasotzeko irekita egongo da, Ihote Taldeko kideek nabarmendu dutenez: «Baten batek Ihoteen gaineko materialik baldin badu, bertara bidal dezake, komunikazioa@kataxulo.com helbidera».
Zakuz jantzi eta txosna plazan
Udalak eta Ihote Taldeak, zakuz janztera animatu dituzte herritarrak, kuestazioan parte hartzera eta balkoietan auzo bakoitzari dagokion kolorea duten banderak jartzera.
Kuestazioa auzo guztietan egingo dute aurten ere. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, urtetik urtera gero eta jende gehiagok parte hartzen du, eta aurten 300 lagun baino gehiago izango dira: «Goizean etxez etxe dantzan aritu ondoren, bakoitzak bere auzoan bazkalduko du. Arratsaldean, plaza inguruan bilduko dira guztiak».
Aurten, gainera, beste berritasun bat ere izango dute Ihoteek: Doneztebe plazan txosna jarriko dute. Ostiralean intxixu eta sorginen etorreraren ondoren irekiko dute, eta larunbatean kuestazioko kalejira bukatzean.
EGITARAUA
Etzi, ostirala
- 19:00etan. Azeri dantza.
- 19:30ean. Intxixu eta sorginen ongietorria. Auzoetako banderen igoera.
- 21:00etan. Zaku-poteoa, txosnatik.
Etzidamu, larunbata
- 09:00etan. Kuestazioa, auzoetan.
- 18:00etan. Kalejira, Beheko plazatik Doneztebe plazara.
- Gero. Salda eta txorizoa parte hartzaileentzat.
Hilak 12, igandea
- 09:00etan. Diana.
- 17:00etan. Haur jolasak.
- 18:30ean. Auzoetako banderen jaitsiera.