Txotxongilo artean pasako dute martxoaren 8a Bekoz-Bekon
Eskuz egindako txotxongiloekin, antzerkia eskainiko dute Emakumearen Egunean elkarteak Antxon duen egoitzan. Horrez gain, atzotik ateak zabalik 'India Femeninoan' argazki erakusketa.
Emakume talde bat urtarriletik astean behin biltzen ibili da, Bekoz-Beko Genero Indarkeriaren Aurkako Elkartean, apurka-apurka txotxongiloak egiteko. Bada, txotxongilo horiek martxoaren 8an (igandea) izango dute haien estreinaldia oholtza gainean. Tailerra hutsetik abiatuko zuten: txotxongiloak eskuz egin dituzte eta gidoiak denen artean idatzi dituzte.
Ongi pasatzeko asmoz sortu badute ere, antzerkia emakumeez eta haien eskubideez hitz egiteko aitzakia baino ez da. Ke me kuentas tiricienta, Errauskine klasikoaren bertsio txoroa dela diote sortzaileek. Sentsibilizazioa eta aisialdia maila berean jarriko dituzte, Bekoz-Bekon igandean. 14:00etan izango da emanaldia, Gure Zumardian.
Erakusketa eta aterkiak
India femeninoa elkartearen egoitzan ikusgai dago Bekoz-Bekon. Elkarteko kideek Sheroes proiektuaren baitan, Indian egindako argazki ezberdinez osatzen da erakusketa. Erakusketak egunero ateak zabalik izango ditu arratsaldez. Salmentarako tartea ere izango da; Matxismoak ez zaitzala blaitu lelopean, aterki moreak salduko dituzte 10 euroan. Oparitxo bat ere izango dute; aterkia erosten dutenek Satisfyer jostailu sexual baten zozketan parte hartzeko txartela jasoko dute.