Aparkalekuko lehen ordua oparituko die Muganek bezeroei
Irungo erdigunera eguberrietako erosketak egitera hurbiltzen direnei ordainpeko aparkalekuko lehenengo ordua oparituko die Mugan komertziarien elkarteak. Guztira Mendibil merkataritza guneko, Colon pasealekuko eta Pio XII.aren plazako lurrazpiko aparkalekuetarako bederatzi mila txartel banatuko dituzte datozen egunotan. Horien bitartez elkarteko dendetan erosten dutenek lehen 60 minutuak debalde izango dituzte. Muganen, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanaren fruitu den Irun erosketa hiria programaren barruan kokatzen da ekimena.
Muganetik hiru aparkaleku enpresa kudeatzaileen harrera eskertu dute, “eguberriei begirako dinamizazio kanpainia hau ahalbidetzeagatik”. Izan ere, erdiguneak dituen arazo larrienetako bat aparkaleku gabeziarena da, eta San Juan Etxeandia plazako obrak hasi zirenetik “200 aparkaleku desagertu” direla gogoratu dute merkatariek. Obrak amaitzen direnean, 400 ibilgailuentzako parkina berria “hiriko merkataritza dinamizatzen laguntzeko motorea” izango da, Muganen ustez.