«Euskal produktuak indartzeko azoka da eta horregatik ere garrantzitsua da»
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko kide diren Aintzane Lertxundik (Oiartzun 1978), Irati Odriozolak (Oiartzun, 1991), Maialen Bengoetxeak (Oiartzun, 1987) eta Urtzi Argibayk (Errenteria-Orereta, 1986) bizpahiru hilabete daramatzate lanean Disko eta Liburu Azoka prestatzen. Durangoko Azokaren (Bizkaia) ondoren etorri ohi da Oiartzungoa, Gabonen bezperan, San Tomas feriaren inguruan. Ez da Durangokoa bezala, beste modu batekoa da, baina garrantzitsua era berean. Bihar irekiko dute udaletxeko areto nagusian. Azokaren nondik norakoak azaldu dizkiote Oarso Bidasoko Hitza-ri antolakuntza taldeko hiru neskek. Beste urte batez, iritsi da Disko eta Liburu Azoka. Aintzane Lertxundi: Bai, hori da. Urteak dira hori eta Txerri Eguna antolatzen ditugula. Lehen Intxixu AEK-k hartzen zuen ardura eta orain Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideek (bertan dago AEK ere) antolatzen dugu. Laupabost lagun bildu, lan taldea osatu, eta horiek prestatzen aritzen gara. Etzi (hilaren 17an) irekiko duzue eta hilaren 24ra arte egongo da zabalik, ezta? Irati Odriozola: Hori da. Goiz eta arratsalde egongo da irekita, udaletxeko areto nagusian. Zein ordutegi izango du? Odriozola: Goizez, 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik. Arratsaldez, berriz, 17:00etatik 20:00etara. Erantzun ona izaten du urtero, ez da hala? Maialen Bengoetxea: Bai, urtero ibiltzen da jende dezente. Aurten ere hala izatea espero dugu. Horretarako azoka bisitatzera animatu nahi ditugu herritarrak. Durangoko Azoka pasatu berritan [...]
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko kide diren Aintzane Lertxundik (Oiartzun 1978), Irati Odriozolak (Oiartzun, 1991), Maialen Bengoetxeak (Oiartzun, 1987) eta Urtzi Argibayk (Errenteria-Orereta, 1986) bizpahiru hilabete daramatzate lanean Disko eta Liburu Azoka prestatzen. Durangoko Azokaren (Bizkaia) ondoren etorri ohi da Oiartzungoa, Gabonen bezperan, San Tomas feriaren inguruan. Ez da Durangokoa
bezala, beste modu batekoa da, baina garrantzitsua era berean. Bihar irekiko dute udaletxeko areto nagusian. Azokaren nondik norakoak azaldu dizkiote Oarso Bidasoko Hitza-ri antolakuntza taldeko hiru neskek.
Beste urte batez, iritsi da Disko eta Liburu Azoka.
Aintzane Lertxundi: Bai, hori da. Urteak dira hori eta Txerri Eguna antolatzen ditugula. Lehen Intxixu AEK-k hartzen zuen ardura eta orain Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideek (bertan dago AEK ere) antolatzen dugu. Laupabost lagun bildu, lan taldea osatu, eta horiek prestatzen aritzen gara.
Etzi (hilaren 17an) irekiko duzue eta hilaren 24ra arte egongo da zabalik, ezta?
Irati Odriozola: Hori da. Goiz eta arratsalde egongo da irekita, udaletxeko areto nagusian.
Zein ordutegi izango du?
Odriozola: Goizez, 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik. Arratsaldez, berriz, 17:00etatik 20:00etara.
Erantzun ona izaten du urtero, ez da hala?
Maialen Bengoetxea: Bai, urtero ibiltzen da jende dezente. Aurten ere hala izatea espero dugu. Horretarako azoka bisitatzera animatu nahi ditugu herritarrak.
Durangoko Azoka pasatu berritan egiten duzue Azoka Oiartzunen. Ez da garai txarra?
Lertxundi: Batak bestearekin ez du zerikusirik. Ezberdinak dira. Hau xumeagoa da, baina hala ere, euskarazko nobedade guztiak izaten ditugu bertan, Durango bezala. Ez diogu Durangori inbidiarik, beste modu batekoa da gure azoka. Gainera, guztiok ez gara Durangora joaten eta hala, etxe ondora ekartzen dizkiegu azken nobedadeak herritarrei. Tokia ere oso ona da, udaletxean bertan egoten dira diskoak eta liburuan, herriko erdialdean, etxetik gehiegi mugitu gabe.
Zergatik bisitatu behar dute herritarrek azoka hau?
Odriozola: Herritarrak animatu nahi ditugu, Durangokoa bezala disko eta liburu azoka izan arren ezberdina delako. Txikiagoa, xumeagoa, baina baita etxekoagoa ere. Gainera, gogorarazi behar dugu bertan euskal produktuak bakarrik izaten direla. Alegia, euskal produktuak indartzeko azoka ere bada eta horregatik ere garrantzitsua da. Beste hizkuntzetako produktuak ez dute tokirik azoka honetan, euskal produktuak promozionatzea da helburua.
Bengoetxea: Bestalde, gogorarazi behar dugu adin guztietako pertsonentzako prestatutako eta pentsatutako ekimena dela. Txiki-txikienetatik hasi eta helduenetaraino, denek bisita dezakete udaletxeko areto nagusia eta eurentzako produktuak topatuko dituzte.
Beraz, azoka toki ona da Gabonetako azken opariak Olentzerori eskatzeko, ezta?
Lertxundi: Despistatuta ibili denak eta Olentzerori ingurukoentzako (edo beretzako) ezer eskatu ez dionak, ideiak hartzeko aukera izango du. Beti da opari ona da liburu bat edota disko bat, are gehiago euskaraz bada.
Azokarekin lotuta hainbat ekitaldi antolatzen dituzue urtero: emanaldiak, kontzertuak… Aurten ere hala izango da.
Lertxundi: Urtero saiatzen gara azoka bere horretan bakarrik ez uzten. Azoka janzteko ekitaldiak antolatzen ditugu. Aurreko urteetan osatuagoa izan da agenda, baina aurten herriko jendearekin bakarrik osatu dugu
Izan ere, herriko jendearen lana ezagutaraztea ere garrantzitsua da.
Lertxundi: Noski, horregatik ere hartu dugu erabaki hori aurten. Herriko musikariak, ipuin kontalariak eta antzezleak bildu ditugu eta gainontzeko herritarrei euren lana hurbiltzea da helburua.
Nork hartuko du parte aurtengo ekitaldietan?
Lertxundi: Batetik kontzertua antolatu dute Ane Badiolarekin, Irati Odriozolarekin eta Joxe Leonekin. Bestetik, ipuin kontaketa saioa egingo du Pello Añorgak. Gurutzeko auzotarrek, azkenik, antzezlan bat prestatu dute.
Herritarrek ez dute aitzakiarik.
Bengoetxea: Azoka bisita dezatela, ez dira damutuko.