Udalaren “jarrera baztertzailea” salatu du ezker abertzaleak
Oreretako ezker abertzaleko kideak Oiartzungo bidesaria kentzearen alde daude, baina gai horren gainean, Errenteriako Udalak “jarrera baztertzailea” erakutsi duela salatu dute. Ezker abertzaleak azaroaren 12an mozioa aurkeztu zuen udaletxea...
Oreretako ezker abertzaleko kideak Oiartzungo bidesaria kentzearen alde daude, baina gai horren gainean, Errenteriako Udalak “jarrera baztertzailea” erakutsi duela salatu dute.
Ezker abertzaleak azaroaren 12an mozioa aurkeztu zuen udaletxean, gaia hilabete horretako ohiko osoko bilkuran eztabaida zedin. Mozioan, Aldundiari aipatu bidesaria kentzeko eskaera egiten zitzaiola azaldu dute zinegotzi independentistek.
Azaroaren 23an bozeramaileen batzordea bildu zen eta mozioa azaroko plenoko gai zerrendan jartzeko eskatu zuten. Ezker Batuak ordurako babestu zuen ezker abertzalearen eskaera.
Hala eta guztiz ere, Juan Carlos Merino alkateak eskubide hori ukatu ziela salatu dute zinegotzi independentistek, “batzorde informatibotik pasatu behar zuela aitzakitzat jarriz”.
Zinegotzi independentisten arabera, baina, atzo esan zieten ez dela batzorde hori bilduko gairik eztabaidatzeko ez dagoela argudiatuta. “Erabaki horrek argi uzten du udal gobernuaren jarrera baztertzailea. Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bezalako hitzak askotan izaten dituzte ahoan udal gobernuko kideek, baina praktikan duten erabilpen gaiztoa agerian geratzen da”.