Jokin Iturria: “Partidak gal daitezke, baina inolaz ere galdu ezin dena lehiakortasuna da”
Sailkapeneko bigarren postuan bukatuko du urtea Pasajesek. Indartsu dabiltza zuri-gorriak. Gabonen atsedenaldia baliatuta, beren entrenatzaileak orain arte erdietsitakoaren balantzea egin du. Lehengo igandeko partida irabazita lasai hartu du Gabonetako atsedenaldia Pasajeseko entrenatzaile Jokin Iturriak (Irun, 1970). Bigarren denboraldia du zuri-gorriekin eta pozik dago, taldearekin zein emaitzekin. Sailkapenean soilik Anaitasuna duzue aurretik eta puntu bakarreko aldearekin. Pozik egoteko modukoa bada, ezta? Bai, hala da. Edonola ere, emaitzei erreparatuta gorabehera handiak izan dira. Baina egon behar dugun tokian gaudela esango nuke. Zure ustez, zein izan dira zaudeten postuan egoteko gakoak? Ez ginen ondo hasi, baina denboraldiaren hasieratik hona taldearen irudia asko hobetu da. Gure planifikazioan lehenbiziko jardunaldiak aurredenboraldikoak bezala planteatu genituen, bagenekielako ez ginela sasoian. Maila fisikoa hobetzen joan garen heinean, jokalariek konfiantza hartu eta horrek eraman gintuen errenkan zortzi partida irabaztera. Azpeitian galdu genuen, hangoa zelai zaila delako, eta nahiz eta ondo egon gal dezakezulako. Real Unionen kontra ere galdu genuenean, hainbat kontu pilatu zitzaizkigun. Aurreko partidatik hiru jokalari zigortuta genituen, eta atsedenaldia baino lehen aldaketak egin behar izan genituen lesio batengatik. Azkenean partida galdu genuen, baina guri gehien kezkatzen gintuena horrek ekar zezakeen konfiantza galtzea zen. Partida guztiak irabazten ari ginen, eta horri ezin genion betiko eutsi. Kontua zen, galtzeko [...]
Sailkapeneko bigarren postuan bukatuko du urtea Pasajesek. Indartsu dabiltza zuri-gorriak. Gabonen atsedenaldia baliatuta, beren entrenatzaileak orain arte erdietsitakoaren balantzea egin du.
Lehengo igandeko partida irabazita lasai hartu du Gabonetako atsedenaldia Pasajeseko entrenatzaile Jokin Iturriak (Irun, 1970). Bigarren denboraldia du zuri-gorriekin eta pozik dago, taldearekin zein emaitzekin.
Sailkapenean soilik Anaitasuna duzue aurretik eta puntu bakarreko aldearekin. Pozik egoteko modukoa bada, ezta?
Bai, hala da. Edonola ere, emaitzei erreparatuta gorabehera handiak izan dira. Baina egon behar dugun tokian gaudela esango nuke.
Zure ustez, zein izan dira zaudeten postuan egoteko gakoak?
Ez ginen ondo hasi, baina denboraldiaren hasieratik hona taldearen irudia asko hobetu da. Gure planifikazioan lehenbiziko jardunaldiak aurredenboraldikoak bezala planteatu genituen, bagenekielako ez ginela sasoian. Maila fisikoa hobetzen joan garen heinean, jokalariek konfiantza hartu eta horrek eraman gintuen errenkan zortzi partida irabaztera. Azpeitian galdu genuen, hangoa zelai zaila delako, eta nahiz eta ondo egon gal dezakezulako. Real Unionen kontra ere galdu genuenean, hainbat kontu pilatu zitzaizkigun. Aurreko partidatik hiru jokalari zigortuta genituen, eta atsedenaldia baino lehen aldaketak egin behar izan genituen lesio batengatik. Azkenean partida galdu genuen, baina guri gehien kezkatzen gintuena horrek ekar zezakeen konfiantza galtzea zen. Partida guztiak irabazten ari ginen, eta horri ezin genion betiko eutsi. Kontua zen, galtzeko unean zalantzak ez azalaraztea, denboraldia oso luzea delako. Horregatik oso garrantzitsua izan da etenaren aurreko partida irabaztea.
Igoera duzue helburu. Xede hori lortzeari begira nola lan egin beharko du taldeak aurrerantzean?
Oso garrantzitsua da lasaitasunari eustea. Ez euforiarik, ez eta ezkortasunik ere. Burua hotz mantendu beharra dago. Helburua igotzea da, edo behintzat igotzeko lehian egotea. Datozen partidak irabazi behar ditugu, azken jardunaldietara posizio onean iristeko eta horretarako burua hotz mantentzea funtsezkoa da. Partidak gal daitezke, baina inolaz ere galdu ezin dena lehiakortasuna da. Sailkapenari begirako bestelako kalkuluak bukaerara arte ezin dira egin.
0tik 10era, zein nota jarriko zenioke taldeari?
Hamar. Baina azalduko dizut zergatik. Oso jokalari onak ditugu, eta egia da kalitatea badugula. Baina beste edozeren gainetik eta kontuan hartuta zein mailatan ari garen, jendearen jarrera da nik baloratzen dudana. Entrenamenduetan, asistentzian, diziplinan, ahaleginean… horietan emango nizkieke hamar puntu. Denek dute argi zein den helburua eta bere egin dute. Jarrera bikaina da.
Eta zu, nola zaude Pasajesen?
Urte asko ditut maila honetan entrenatzen eta bigarren urtea da Pasajesen Rubenentzako (bigarren entrenatzailea) eta niretzat. Egia esan zuzendaritzak gurekiko duen jarrera primerakoa da. Lan handia egiten dute. Beraiek bai galaktikoak.