San Miguel-Anakan etxebizitzak egiteko lur saila erosiko du Jaurlaritzak
San Miguel-Anaka eremuan etxebizitzak egiteko lur eremua zazpi milioi eurogatik salduko dio Irungo Udalak Eusko Jaurlaritzari. Hori zehazteko akordioa sinatu dute bi erakundeek.
Denera, eremu horretan 209.720 metro koadro daude hirigintza erabilerarako, eta bertan 1.096 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik 844 babes ofizialekoak izango dira, eta gainontzekoak, berriz, salmenta librekoak. Eremu horretako lurzorua Jaurlaritzari saltzeko erabakia atzo azaldu zuten Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Miguel Angel Paez Etxebizitza zinegotziak. «Albistea oso positiboa da guretzat, diru horri esker eremu hori urbanizatzen hasi garelako eta gune horretarako egitasmoa desblokeatu dugulako», esan dute.
Gainera, hirirako «babes ofizialeko etxebizitzen poltsa handia» izango dela adierazi dute bi udal ordezkariek.