Bigarren gerrikoa erabiltzen ez dutenek bidesaria ez ordaintzeko eskaera, bertan behera
bigarrengerrikoa erabili gabe bizilagunek bidesaria ordaindu behar mozioa ezker abertzaleak, bertan behera, babes nahikorik ez
Bigarren gerrikoa erabiltzen ez dutenek, Oiartzungo bidesaria ordaindu behar ez dezaten neurriak hartzeko mozioa aurkeztu zuen ezker abertzaleak.Batetik, Foru Aldundiari egoera horrekin amaitzeko eskatzen zuten mozioan ezker abertzaleko zinegotziek, eta ahalik eta azkarren exekutatzeko, bestetik. Izan ere, “errepide berria erabili gabe, Donostiatik datozen eta herri ekialdean bizi diren bizilagunek, Agustina eta Fanderia auzoetakoak kasu, Oiartzungo bidesaria ordaindu behar izaten baitute” azaldu du Karlos Murua zinegotziak. Errepide zati bera erabiltzeagatik, mendebaldean bizi diren bizilagunek, Beraungo irteera erabiltzen dute eta ez dute bidesaririk ordaindu behar izaten. Horrek “lehenengo eta bigarren mailako bizilagunak sortu ditu” esan zuen Muruak. Egoerari irtenbidea eman nahian aurkeztu zuen talde abertzaleak mozioa ostiralean izandako udal osoko bilkuran. Eskaerak, baina, ez zuen beharrezko babesa jaso aurrera egiteko, ezker abertzaleak berak, EBk eta PPk babestu zuten. EBko Jose Manuel Ferradasentzat “mozioak, gai honen gainean zerbait argitzeko aukera ezin hobea suposatzen du, hasieratik zalantza asko izan direlako”. Halaber, Ferradasek gogora ekarri zuen EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak helegitea onartu duela. Azken horrek kobratzen den kanona ilegala dela esango balu, orain arte bizilagun askori kobratutako dirua itzuli beharko luke Foru Aldundiak, beraz, “deia luzatzen diegu aipatu errepidea erabili gabe bidesaria ordaindu behar izaten duten bizilagunei txartelak jaso ditzaten”. Hamaikabateko zinegotzi Jose Mari Burgosen hitzetan “mozioak ez du zentzurik” Burgosek TAG sistema erabiliz gero eta egun bereanleku beretik itzuliz gero, dirua itzultzen dutela azaldu zuen. Arazoa, baina mantentzen da TAG sistema erabiltzen ez duten bizilagunen kasuan, edota TAG izanda ere, joandako leku beretik itzultzen ez diren bizilagunen kasuan.