Oskar Matuterekin amaitutzat emango dute hitzaldi zikloa
Oskar Matute Alternatibako kideak gaur emango duen hitzaldiarekin amaituko da herritar talde batek antolatu duen Egoera politikoaren azterketa eta indar bilketa zikloa. Aurreko solasaldien moduan Gaztediren lokalean (Kaputxinoetako elizaren azpialdean)...
Oskar Matute Alternatibako kideak gaur emango duen hitzaldiarekin amaituko da herritar talde batek antolatu duen Egoera politikoaren azterketa eta indar bilketa zikloa. Aurreko solasaldien moduan Gaztediren lokalean (Kaputxinoetako elizaren azpialdean) izango da, 19:30ean.
Azken hitzaldian Iñaki Galdos Hamaikabateko presidentea aritu zen egoera politikoari buruzko bere ikuspuntua kontatzen. Bertan, honako proposamena luzatu zuen Galdosek: “Ezker abertzalea legeztatzea maiatzeko hauteskundeetan egoteko aukera izan dezan eta ondoren Eusko Legebiltzarraren legegintzaldia bukatutzat emanez hauteskunde berriak deitzea. Horietan alderdi politiko guztiak egongo lirateke”.
Guztira, zazpi hizlari aritu dira hitzaldi zikloan. Gabonen aurretik, Joseba Egibar, Pello Urizar eta Eugenio Etxebeste Antxon, eta ondoren, Aintzane Ezenarro, Mikel Arana eta Iñaki Galdos. Antolatzaileak gustura azaldu dira ekimenari eman zion harrerarekin.
Herritar talde horrek zazpi lurraldez osatutako Euskal Herriarekin eta erabakitzeko eskubidearekin bat egiten du. Ildo horrekin bat egin dutenei, gainera, politikarako interesa berpizten ari zaiela iritzi diote “eraldaketa politiko sakona gauzatuz joango den itxaropenarekin batera, eta erronkei zenbait indar bilketa eskatuko duten usaina antzematen zaie”. Datozen asteetan beste ekimen baten berri emango dutela jakinarazi dute.