Oihana Heredia, arrantzalea: «Itsasoak ematen dizun askatasun sentsazioa gustatzen zait»
Arrantzalea da Oihana Heredia pasaitarra. Bost urte igaro dira lanbidean hasi zenetik eta ez du damurik hautatutako ogibidearekin. Trintxerpeko Izkina jatetxean egin du HITZAk hitzordua Oihana Herediarekin (Pasaia, 1974), porturatu berritan. Egunean bertan harrapatutako itsaskia saltzera doa bertara. Bere senarrarekin batera aritzen da arrantzan Oihana, Manolo Hernandezekin, San Pedroko arrantza portuko Manolito II itsasontzian. Ziur arrantzan hasi aurretik beste hainbat lan egin dituzula. Noiz eta zergatik erabaki zenuen arrantzale izatea? Berezia da. Manolo (bere bikotea) bere garaian Irlandara joan zen arrantzara. Handik bueltan anaiarekin hasi zen itsasoan lanean, baina ez berak nahi bezala, eta Irlandara itzultzea pentsatu zuen. Nik ez nuen Irlandara bizitzera joan nahi familia eta denak hemen utzita eta itsasontzia erostea proposatu nion. Marinel titulua atera nuen, arrantza eskolan ikasi, itsasontzi zaharra erosi, konpondu, ondo jarri eta itsasora. Gaur arte. Orain dela bost urte izan zen hori. Inguruan ba al dira emakume gehiengo arrantzan? Pasaian oraintxe bertan ez. Lehen beste emakume bat zegoen baina bizkiak edukitzean utzi behar izan zuen. Donostia bada bat eta horrek bai, urte asko darama. Gainontzeko arrantzaleek nola hartu zaituzte? Harreman ona duzu? Nire ustez, hasieran pentsatuko zuten gutxi iraungo nuela. Gaur egun, beste bat gehiago naiz. Hori bai, arrantzaleek beren artean oso harreman [...]
Arrantzalea da Oihana Heredia pasaitarra. Bost urte igaro dira lanbidean hasi zenetik
eta ez du damurik hautatutako ogibidearekin. Trintxerpeko Izkina jatetxean egin du HITZAk hitzordua Oihana Herediarekin (Pasaia, 1974), porturatu berritan. Egunean bertan harrapatutako itsaskia saltzera doa bertara. Bere senarrarekin batera aritzen da arrantzan Oihana, Manolo Hernandezekin, San Pedroko arrantza portuko Manolito II itsasontzian.
Ziur arrantzan hasi aurretik beste hainbat lan egin dituzula. Noiz eta zergatik erabaki zenuen arrantzale izatea?
Berezia da. Manolo (bere bikotea) bere garaian Irlandara joan zen arrantzara. Handik bueltan anaiarekin hasi zen itsasoan lanean, baina ez berak nahi bezala, eta Irlandara itzultzea pentsatu zuen. Nik ez nuen Irlandara bizitzera joan nahi familia eta denak hemen utzita eta itsasontzia erostea proposatu nion. Marinel titulua atera nuen, arrantza eskolan ikasi, itsasontzi zaharra erosi, konpondu, ondo jarri eta itsasora. Gaur arte. Orain dela bost urte izan zen hori.
Inguruan ba al dira emakume gehiengo arrantzan?
Pasaian oraintxe bertan ez. Lehen beste emakume bat zegoen baina bizkiak edukitzean utzi behar izan zuen. Donostia bada bat eta horrek bai, urte asko darama.
Gainontzeko arrantzaleek nola hartu zaituzte? Harreman ona duzu?
Nire ustez, hasieran pentsatuko zuten gutxi iraungo nuela. Gaur egun, beste bat gehiago naiz. Hori bai, arrantzaleek beren artean oso harreman berezia dute. Lagunak dira, baina baita konpetentzia ere. Horregatik nik ez dut harreman estuegirik. Nahiago dut distantzia mantendu.
Eta itsasoko mundu horrek zer du zuretzat erakargarri?
Berezia da. Arrantzan zaudela guztia da sorpresa. Zer etorriko ote den, zer ez…Itsasoak ematen dizun askatasun sentsazioa gustatzen zait. Itsasoan egotea eta ez da bulego batean egotea bezala edo lantoki itxi batean. Gainera, Manolo eta nire arteko liskar guztiak han geratzen dira, itsasoan. Arrantzan zaudela tentsioa egoten da, baina guztiak itsasoan gertatzen dira.
Eguneko arrantzan aritzen zarete, ezta?
Orain mihi-arrainarekin ari gara. Paneka, lupia… Legatza ere harrapatzen dugu, garaiaren arabera. Orain 07:00ak inguruan irteten gara, eta 16:00ak inguruan porturatu. Udan, goizago irteten gara, 04:00ak inguruan, eta zer edo zer lehenago bueltatu, beti ere harrapaketen baitan.
Itsaskiarekin ere aritzen zarete. Itsaskiaren arrantzak ba al du berezitasunik?
Badaude itsasontziak bereziki horretan aritzen direnak eta horiek nasa batzuk izaten dituzte. Gu ez. Gure sareak arraina harrapatzeko dira, baina nahiz eta arean edo garbian bota, gure sarean dagoena jatera joaten dira eta han trabatzen dira. Txangurruak, bogabanteak, langosta…
Izkina, Bernardo, baita Urola jatetxea ere… beti erosten digute, badakitelako katilatea dela. Ez dugu kantitate handiekin lan egiten. Egunean harrapatutakoa saltzen diegu, bizirik.