Araso industrialdea inauguratu dute, urte eta erdian bigarrengoz
Araso industrialdea inauguratzeko ekitaldi jendetsua egin dute gaur goizean. Gonbidatu asko zeuden, haietako batzuk duela urte eta erdiko ekitaldian egon zirenak. 2009ko urriaren 26an inauguratu zuten Irungo industrialde handiena izango dena. Ekit...
Araso industrialdea inauguratzeko ekitaldi jendetsua egin dute gaur goizean. Gonbidatu asko zeuden, haietako batzuk duela urte eta erdiko ekitaldian egon zirenak. 2009ko urriaren 26an inauguratu zuten Irungo industrialde handiena izango dena. Ekitaldi hartara erakunde guztietako ordezkari anitz hurbildu ziren, hala nola, Markel Olano ahaldun nagusia eta Jose Ramon Guridi Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko diputatua Foru Aldunditik, Bernabe Unda Industria sailburua eta Iñaki Arriola Garraio sailburua Eusko Jaurlaritzatik, Jose Manuel Iturrate Sprilurreko zuzendaria, eta Irungo Udaleko ordezkariak, Jose Antonio Santano alkatea haien buru zela. Gaur goizeko ekitaldian alderdi sozialistako kideak egon dira, Santano alkatea, Miguel Angel Paez alkateordea eta Pilar Zorrilla Jaurlaritzako Industria saileko bigarrena, besteren artean.
Datu batzuk:
- 20.362 metro koadroko azaleran hiru eraikin egin dira, 2.680, 5.760 eta 5.560 metro koadrokoak.
- 11,3 milioi euro inbertitu dituzte industrialdea eraikitzeko, 19 pabilioi guztira. Orain arte 9 esleipen egon dira, 168 langileri lana ematen dietena.
- Barneko bi bide urbanizatu dira. Industrialdeko beharrak asetzeko 142 aparkaleku-plaza eraiki dituzte.
- Industria-moduluetako askotariko azalerak egokitu dituzte, enpresen eskaeren araberakoak. Moduluek txikienak 330 metro koadro ditu eta handienak 1.420 (Industrialdeko aurrealdekoa salbuespen da, 1.904 metro koadro baititu).
- Aurrerago 75 metro luzerako zubi bat eraikiko dute, A-68 autopistari erantsita dagoen biribilgunearekin lotzeko.