Mr. Red eta Mr. Blueren lehen emanaldia, etzi, kulturgunean
Udalarekin elkarlanean aritu dira Mr. Red eta Mr. Blue eta lehenengo emanaldia etzi emango dute Errenteria Hiria Kulturgunean: Joan etorri eroak. Ordutegia ere berezia izango da, eguerdia. Garai bateko matinée-ak errekuperatu nahi dituzte, familia guz...
Udalarekin elkarlanean aritu dira Mr. Red eta Mr. Blue eta lehenengo emanaldia etzi emango dute Errenteria Hiria Kulturgunean: Joan etorri eroak. Ordutegia ere berezia izango da, eguerdia. Garai bateko matinée-ak errekuperatu nahi dituzte, familia guztia antzerkira joateko. Jose Mari Burgos Kultura zinegotzia Mr. Red eta Mr. Blue pailazoekin izan da ikuskizuna aurkezten eta aurreratu du ohitura bilakatu nahi dutela antzerkiak ere eguerditan ematea.
Mr. Redek eta Mr. Bluek ikuskizun esperimentala aurkeztuko dute. Aspaldiko esketxak aztertzen aritu dira pailazoak nolakoak ziren ikusteko eta nolako erreakzioak zituzten aztertzeko, eta guzti horrekin pailazo tradizionalak izango dira jendearen aurrean agertuko direnak. Ezer ez dutela asmatu baina ikuskizun “dibertigarria” taularatuko dutela adierazi dute bi protagonistek Aitor Marcillak eta Eriz Markesek. Garai bateko pailazoen gorputzean sartuko direla eta, “haurrari gustatuko zaio, baina helduak disfrutatu egingo du”, azaldu dute. Joan etorri eroa-en barruan musika, dantza, malabarismoak eta beste zenbait elementu aurkituko dituzte ikus-entzuleek, eta beraiek parte-hartzeko aukera izango dute.
Elkarlana
Kultura Sailarekin elkarlanean ari dira, eta horri esker, entsegu gela erabili ahal izan dute pailazoek, trukean Joan etorri eroa-ren aurrestreinaldia egingo dute Errenteria-Oreretan. Horri esker, bi aldeak pozik agertu dira.
Herriko familia guztiak antzerkia ikustera joatera animatu dituzte. Sarrerak 3 euroan eros daitezke ohiko tokietan.