Udalarentzat lan egiten duten hainbat enpresek kontraturik ez zutela salatu du ezker abertzaleak
udalak kontratatu gabe hainbat zerbitzu lanean dituela salatu du ezker abertzaleak
Udalak bere jardueran hainbat enpresa pribatu kontratatzen ditu udalari berari eta herritarrei zerbitzuak emateko. Zerbitzu horietatik, gutxienez sei “kontratu gabe zeudela” salatu du ezker abertzaleak gaur eguerdian egindako agerraldian.Legez kanpoko egoera horretan zeudenak, Mantenimenduan eta Hezkuntza eta Gazteri Sailean emandako hainbat zerbitzu dira, eta gutxienez irailetik ari dira eskaintzen talde abertzaleko zinegotziek salatu dutenez.
Horren berri, urtarrilaren 17an egindako Ondare eta kontratazio batzordean izan zuten eta “otsailaren 10ean Ezker Batuarekin batera gaiaren gaineko txosten juridikoa eskatu genion Udal Idazkari Nagusiari” azaldu dute. Idazkariak egindako txostenean, udalak enpresen bidez ematen dituen hainbat zerbitzuk kontraturik ez dutela jaso du. Kontraturik izan gabe baina, zerbitzuak ordaindu dizkietela esan dute Karlos Murua eta Santi Angulo zinegotziek “eta hau oso larria da, jokaera honekin legearen aurka egin baitu udalak”.
Arduradun politikoen dimisioa
“Egoera ilegal hau” arduradun politikoek kudeatzeko duten gaitasun ezaren erakusle dela zehaztu du Angulok eta horrekin batera eratorri daitezkeen ondorio juridiko-laboral eta ekonomikoengatik “hau guztia argitu beharra dagoela” nabarmendu du. Hala, egoeraren atzean dauden arduradun politikoen dimisioa eskatu du talde abertzaleak “udalaren jarduerak, legezkotasunarekin bat egin behar duelako”.